AEKk astero prestatzen duen agenda kulturala irakurtzen dut ohitura modura. Batzuetan Iruñeko euskarazko ekimenen berri izateko, besteetan kuriositate hutsez, hirian zer gertatzen den jakiteko. Asteko egun bakoitza laukitxo bat da eta segidan jartzen dira ekitaldiak astero. Azkenaldian ikusi ditudan ekimenekin poza nagusitzen zait. Ia aste guztietan, egunero dago kultur ekitaldi bat euskaraz gure Iruñe maitean. Ohartu naiz nola asteazkeneko hutsuneak, lehen ia konstanteak zirenak, pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari diren, batzuetan ematen baitu asteazkenak ostegun berriak direla. Eta horrek pozten nau, ze badago nora joan euskara entzutera, eta badago hautatzeko aukera, gainera. Suposatzen dut beste leku askotan normaltasuna dela horrelakoak izatea, baina hemen oasi bat iruditzen zait aukeratu ahal izatea asteazken, ostegun, ostiral eta larunbat batez zein euskarazko ekitalditara joango naizen.
Hala ere, agenda irakurri nuen egun berean Anarik, Amorantek, eta Gartxotek eta Garazi Esnaolak jo behar zutela ikustean amorru bizia sentitu nuen; Iruñean egun eta ordu berean horrelako hiru kontzertutzar! Horrez gain, egun horretan bertan: euskararen aldeko bizikleta martxa, zinema, literatur solasaldia, antzerkia eta bertso afaria ditugu. Areago, handik bi astera, Sara Zozayak eta Joseba B. Lenoirek, Iban Martinek eta Maite Ruiz de Erentxunek bat egin zuten berriz, kontraprogramatuta.
Militantzian hasi ginenean, oroitzen naiz kontraprogramazioaren bekatu larriaz. Gerra genuen horrelakoak gertatzen zirenean (ez metafora modura, eztabaida erreal eta benetako solasaldi deserosoak genituen). Urrun gaude sentsazio edo garai haietatik, eta eskerrak, baina horrelakoak gertatzen direnean horiek saihestu edo koordinatu ote genitzakeen pentsatzen dut.
Publikoa ez da infinitua. Hori denok dakigu. Sei ekitaldi egun berean antolatzean, publikoa ez da sei aldiz handitzen: sei zatitan banatzen da. Agendako lauki oparoek pozten naute. Pozten naute benetan. Baina laukiok ezkutatzen dutena ere ikusten dut: koordinaziorik gabeko hazkunde bat, komunitate txikiaren gainetik antolatua, eta hori benetan iraunkorra ote da? Nahiko nuke baietz erantzun, eta normaltasun berriaz hitz egin. Baina berriro diot, iraunkorra izango ote da?