Mendebaldeko kulturaren historian hainbat gertakari jazo behar izan dira, inondik ere begi bistakoak edo naturalak, gaur egun Musika Hamabostaldia bezalako musika jaialdi bat antolatu ahal izateko edo, egiaz, kontzertuez osatutako edozein musika jaialdi antolatu ahal izateko. Funtsean, musika bera gortearen eta elizaren eremutik askatu eta eskaintza publiko gisa planteatzeko bidea ireki behar izan zen. Bide horren hasierak badu data zehatza, 1672ko Londresen kokatzen baita Europako lehen kontzertua, kontzertua ulertuz interpreteen eta aurretiaz sarrera ordaindu duen publiko anonimo baten arteko bereizketa argia ezartzen duen musika obren exekuzio gisa. Negozio eredu nahiko berritzaile eta arrakastatsua izan zen, garai hartako liberalismo ingelesari esker loratutako hiriburuaren tamaina eta aberastasunaren testuinguruan, gerora Europako beste hirietara ere zabaldu zena.
Negozioak, haatik, produktua eta bezeroak behar ditu. Ez da nahikoa musika esparru publikora ateratzea, inork musika entzun nahi ez badu. Eliz musika ez zen bere horretan entzuten, ez baita, berez, helburu bat, baizik eta liturgiaren zein espiritualtasunaren beharrei erantzuteko bitartekoa. Eta eremu sekularreko musika, oro har, giro lizun eta desordenatuaren baitan entzuten zen, baita antzoki pribatuetan izaten ziren emanaldiak zein operak ere. Musika erdigunean kokatzeak, hala, publikoan ere jarrera aldaketa eskatu zuen: musikak irauten zuen bitartean otoitz egin, ondokoarekin azken esamesa komentatu edo interpreteekin ligatzen saiatzeko baino, musika bera entzuteko jarrera. Ez zen, noski, prozesu makala izan.
XVIII. mendean, kontzertu publikoaren izaera finkatzen ari zela, Londresen bertan publikoa erakartzeko asmoz obra musikalak mota guztietako entretenimenduekin tartekatzen ziren, dantzak, malabarak eta zirku ikuskizunak barne. Pixkanaka publikoa fidelizatuz joan zen eta, horrekin batera, exijenteagoa bihurtu, emozioz joaten baitzen Beethoven, Liszten edo beste edozein izarren azken konposizioa entzutera —eta kritikatzera—. XIX. mendetik aurrera, obra berriekin batera aurreko garaietako obrak berreskuratzen eta interpretatzen hasi ziren, musika “klasikoa” sortu zen, hain zuzen, musika garaikidetik bereizteko.
Egun, gutxi gorabehera, tradizio erromantikoak definitutako kontzertuaren ereduak dirau: espaziora hurbildu, eseri, entzun, txalotu, altxatu, espaziotik atera eta, akaso, entzundakoa norbaitekin komentatu. Badu, nonbait, erritu kutsua, ordena berezkoa zaion heinean, gu geu moldatzen gatzaizkion heinean. Huskeria bat da kontzertu bat, ez du ezer aldatzen, ez du gizartea iraultzen. Eta, hala ere, mendeak daramatzagu musika entzuten ikasten. Oraindik ez dakit asmatu ote dugun. Horregatik ei gara errepikatzaileak, horregatik ei nago aurten ere Hamabostaldiko kontzertuen zain.