Juan Luis Zabala
DENA ETA EZTENA

Kultur turista

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gero eta estuago lotuta daude gure inguruan kultura eta turismoa, eta gero eta onarpen handiagoa dute, gainera, lotura horren ondorioak eta emaitzak. Kultura turismoa erakartzeko erabili behar da; balioan jarri behar da mapan agertzeko. Bestela jokatzea ergelen kontua da.

Bilboko Guggenheim museoa da gure inguruan adibiderik argiena. Kulturaren munduko ordezkari ugari batu zen Kultur Kezka plataforman, Eusko Jaurlaritzak, museo erraldoiaren gastuei aurre egin ahal izateko, kulturaren munduko diru laguntzei ezarritako murrizketak salatzeko. Orain, ordea, museoaren arrakasta —turistikoa— aintzat hartuta, zaila da aurka agertzea. Kulturaren sailetik kendu beharrean dirua beste arlo batzuetatik hartu behar zela esaten duenik entzuten da oraindik ere, baina inor gutxik jartzen du zalantzan, oro har, Bilbora Guggenheim museoaren sukurtsal bat ekartzeko erabakiaren egokitasuna.

Inoiz ez dugu zehaztasun osoz jakiterik izango zer egin ahal izango ote zen museoan gastatutako diru guztiarekin, baina museoa hor dago, eta etxeko egin zaigu. Eta etxeko baino gehiago ere bai, askorentzat Bilboren, eta are Euskal Herriaren, ikur bilakatu baita; Joseba Zulaika konbertso deklaratuarentzat adibidez.

Baina gero norberari iristen zaio etxetik urrundu eta, egun gutxi batzuetan badarik ere, kultur turista izateko unea, eta orduan jabetzen da bat kontu honetan guztian zein gutxi dagoen mamitik eta zenbat azaletik; eta jabetzen da, batez ere, zein garrantzitsua den kultur turista ona izateko dirua izatea.

Beharbada neuk ditut kulpak, neurea da ezina, eskarmentu gutxiko kultur turista trebatu gabea izateagatik, baina kultur turismoaren praktikak pentsarazten dit kosmopolitismoak unibertsaltasuna deitzen duen hori ez ote den, gero eta gehiagotan, sakonean, ahalmen ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.