Ismael Manterola
Begiz

Kultura prekarizatzen

2025eko irailaren 16a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako oporrak bukatu ondoren, atzeratuta dauzkagun proiektuak berriz ere abiatzeko unea iritsi da. Horietako bat artisten estatusa da edo kultur langileen baldintzak arautuko lituzkeen legearen proiektua.

Gauza da gizarteak kultur zerbitzuen alde egitea erabaki duela, edo ekonomiaren hariak mugitzen dituztenak sektore horretan etekinak ateratzeko aukera ikusi dutela eta zerbitzu horiek eskaintzeko enpresak antolatu dituztela. Beraz, Euskal Herrian birmoldaketa basatia jasaten ari gara industria hirugarren sektoreko zerbitzuen bidez ordezkatzeko (osasungintzan, hezkuntzan, kulturan eta turismoan batez ere). Urteetan industrian borrokatutako baldintza duin samarrak, salbuespenak salbuespen, hirugarren sektorean ez daude ziurtatuta, langileen antolaketa zailagoa delako eta gizarteko jende asko ez dagoelako prest era egokian ordaintzeko.

Tarte honetan, kulturaren barruan sailkatzen dugun arteari buruz hitz egitea dagokigu; horregatik, gaur harrituta uzten nauten egoeren inguruan arreta jartzea nahiko nuke. Alde batetik, erakundeetatik hainbeste aipatzen diren kultur industrien gaineko baldintza eskasak eta, bestetik, erakundeek beraiek daramatzaten prekarizazio politikak, nahita edo nahi gabe sarritan.

Lehendabiziko adibideak aztertzen baditugu, konturatuko gara gaur egun Arte Ederretan edo Artearen Historian graduatutako gazte edo ez hain gazte bati izugarrizko eskakizunak egiten zaizkiola kultur sektoreko enpresetan lan egiteko (erakundeek azpikontratatutako zerbitzuak gehienetan). Demagun norbaitek museo txiki batean lan egiteko eskaerari erantzuten diola; horretarako unibertsitate graduak eskatzen dituzte ezer baino lehen, gero hizkuntzak menperatzea: gaztelera edo frantsesa (tokiaren arabera), euskara eta ingelesa. Azkenik, esperientzia ere kontuan izaten dute. Hau guztia 800 euroko soldata jasotzeko. Inoizko gazterik prestatuenak dauzkagu, inoizko soldata baxuenekin; negozio borobila enpresen jabeentzat.

Bestalde, erakundeek kultur langileei eskatzen dizkieten baldintzak erotzeko modukoak dira. Demagun artista batek kultur etxean pintura eskolak eman nahi dituela; horretarako herriko udalak jartzen dizkion baldintzak hain dira zailak, ezen artista horrek ezingo dituen bete. Horren ordez, zerbitzu enpresek norbanakoek baino errazago irabaziko dituzte deialdi publikora argitaratzen diren kontratuak. Zer da lortu duguna? Artistak lanik gabe uztea edo enpresa horiek eskaintzen dituzten lan baldintza prekarioak onartzea. Diru publikoa, artisten eskuetara bideratu beharrean, zerbitzu enpresen poltsikoetara joango da.

Ez nuke bukatu nahi burokraziak eragindako oztopoak aipatu gabe: entzunda daukat musikari batentzat merkeago dela kontzertua ez ematea, ematea baino. Gaur egun fakturatzeko jarri ditugun zailtasunekin, artistak gestoria bati ordaindu behar dio faktura bidezkoa izateko. Zenbat diru irabazten du artistak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.