garbine ubeda goikoetxea
Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. IRITZIA

Kulturaren izenean

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jende ezaguna hiltzen denean, harentzat alabantza eta hitz gozoa besterik ez da izaten. Okerra edo duda-mudakoa isilduta, hildakoak dena ona izan ohi du bere ingurumaria osatu dutenen ahotan, eta halakoxe eszenaren itxura hartu du D2016k ere, amaierako ezkilek jo berri dutenean. Miren Azkarate eta enparauen laudorioak adibide hartuz gero, defuntu santua irudi luke Kultur Hiriburutzaren kontuak, orbanik txikiena ere ez zaio atera, dena du garbi eta goren, halako lanak eman eta beste horrenbesteko zalapartak aterarazi dituen arren.

D2016ren gidaritzapean gauza arrunt interesgarriak bideratu direnik ez dut zalantzan jartzen, baina gakoa ez da urte osoko jardunari zer ekitaldi on aletu dakiokeen, bere osoan zer hondar utzi duen baizik; aldarrikatu duen filosofia benetan jatorra izan ote den ala Coca-colak egin ohi dituen iragarki zoriontsuen moduko amua. Honenbestez, ekidinezinak dira galderak:

Giltzapekoak arte-erakusketan gertatutakoa kontuan hartuta, Bake eta Bizikidetzaren etsenplu izan nahi duen ebentoan zentsura zilegi baldin bada, biktimak hegazkinetako aulkien gisan lehen eta bigarren mailakotan sailka badaitezke, eta preso jakin batzuk, epaileak ezarritako zigorra aski ez eta praktikan heriotzara kondenatuko badira, hatsa hartzeko eskubidea ukatuko ez zaien arren erabat desagerrarazi egin behar badira min eman ez dezaten, bat, ez ote diren horiek berak, hain zuzen, gerra betean dirauenaren estrategiak eta manerak. Bi. Zer den justuki Bizikidetza. Hiru. Zer zentzu eman nahi zaion Bakeari, edo bestela esanda, egiazki nori eman nahi zaion Bakea.

Siriako errefuxiatuen krisiari buruzko begiradak solasaldi instituzionala martxan jarri eta gonbidatuko diren hizlariak antolatzailearen sokakoak izango badira denak, pentsamolde politiko berekoen ikuspuntua besterik ez bada kontuan hartuko, eta erabaki hori bera zuritzeko «kontaktuetatik tiraka» egin izana balekotzat jo badaiteke, bat, zertaz ari garen parte-hartzea sustatzeko eta aniztasuna bermatzeko tresna guztiak baliatu direla esaten denean. Bi. Zehazki zein diren tresna misteriotsu horiek; Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globala antolatu eta inaugurazioan Espainiako errege-erreginen irribarre ergelak erakustea bezalako paradoxa txistosoez ari ote diren.

D2016k oinarritzat hartutako leloaz harago, urte osoko jardunek Kultura zer den, baina batez ere zer ez den, jarri digute agerian. Bota dezadan gordin.

Kultura, eta beronen baitan hizkuntza, gure nahi eta ezinaren sinbolo argia da. Lege menperatzaile eta merkantilistak ditu gainetik. Funtsa ukatu zaio, izateko arrazoia: transgresioa, status quo delakoa urratzeko gaitasuna.

Kultura ez da altzairua, ez da industria, eta jakina, ez da estrategikoa, 2016ko itsaslaminen xaramelek kontrakoa sinetsarazi nahi izan ziguten arren. Kultura pelotazo turistikoetarako lehengaia besterik ez da, eta logika horretatik at ibili nahi duenak, sortzaile izan edo hizkuntza nahiz kultura zale huts, gorriak ikusi beharko ditu aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.