Artelan guztiak bezala, Asuncion Molinos Gordoren Mil leches (Mila esne) izenburua daramanak ere hausnarketa egiteko aukera ematen du. Hiru bastidore handitan gainazal latza duten artilez egindako feltrozko oihalak azaltzen zaizkigu. Fitxa teknikoan argitzen zaigu «Espainiako Erreinuko ardi arraza guztien artilez egindako feltroa» dela zurezko bastidoreen gainean muntatuta dagoena. Erakusketako arduradunek fitxaren txartelaren aldamenean proiektuaren gaineko azalpenak emateko testua jartzea erabaki dute. Bertan esaten da ikusgai daukagun feltrozko oihala Espainiako Estatuko ardi arraza guztien artilea jasota ehundu dela. Badirudi paisaiaren itxura hartzen duten koadro handi hauen bidez artistaren helburua nahasketaren alde egitea dela, zabalduta dagoen arrazaren purutasunaren aldeko iritziei aurre egiteko.
Zalantza handirik gabe, proiektua interesgarria iruditu zitzaidan, batez ere paisaiaren koadro klasikoei erreferentzia egiten zielako pintura ez den zerbaiten bidez, nahiz eta azalpen testuan dioen moduan, paisaiaren eraikuntzan abereek duten garrantziari arreta jarri. Gizakiak naturan izan duen eragina aztertzen denean ez da askotan aipatzen etxekotu ditugun animalien aztarna, ardien eta halakoen eragina izugarria izan arren; belarra mozteko erabiltzen ditugu eta kaken bidez zabaltzen diren haziek landareen kolonizazioa ahalbidetzen dute.
Hala ere, beste modu bateko hausnarketa bat ere bururatu zitzaidan feltroaren txartela irakurri nuenean. Mil leches delako artelan hau arte politikoa al da? Aipatutako fitxa tekniko horretan Espainiako Erreinuari egindako erreferentzia oso arrotza egin zitzaidan, gidatzeko baimenean edo, oker ez banago, Espainiako nortasun agiri berrietan ez bada, gutxitan ikusten baitugu izendapen hori. Gainera, azalpen testuan Espainiako Estatua azaltzen da, erreinuaren partez; beraz, berariaz idatzitako izena dela pentsa daiteke. Aldi berean, artelana osatzeko Espainiako ardi arraza guztiak erabiltzeak edo ez erabiltzeak proiektuaren mamia aldatuko luke? Bioaniztasunaren inguruko aldarrikapena bera izango litzateke Frantziako arraza batzuk ere erabili izan balitu, baina, hala ere, Espainiakoak direla azpimarratzen du. Burgosko artistak burmuinean dituen erreferentzia kulturalek bultzatu dute aukeraketa «nazionala» egitera edo 98ko belaunaldiaren eraginez garai batean Espainiako paisaiaren irudikapenari egiten dio erreferentzia? Ikusi nahi ez zen Espainiako baserri edo landa giroko paisaia zabal, gogor eta huts hura ikusarazi nahi du, gaur egun ere ikusi nahi ez dugulako?