Haizea Barcenilla
Begiz

Lapurretak

2026ko irailaren 15a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte. Argi dago zenbait taldek, Louvren sartzeko erraztasuna ikusita, museo txikiagoetan oraindik sinpleagoa izan behar zuela pentsatu zutela, eta ez ziren oker. Prozedura antzekoa izan da gehienetan: jende gutxi eta ongi antolatua, sarrera azkarra eta ihes azkarragoa, zenbaitetan bidean zerbait utzita ere bai.

Askotan, Louvren bezala, bitxiak izan dira lapurtutakoak, urrezkoak batik bat, urtu eta materiala erraz saldu daitekeelako. Hala izan da Langresen, non txanpon bilduma bat eraman zuten iazko urrian; edo Chatillon-sur-Seinen zein Villenan, non historiaurreko altxor bakan eta ikaragarri baliotsuak lapurtu dituzten uda honetan. Hunkitu egin ninduen Villenako biztanle bat telebistaren kameren aurrean malkoei ezin eutsirik ikusteak, euren historiaren eta identitatearen parte bat galdu zutela esanez.

Zenbaitetan, aldiz, margolanak dira eramandakoak. Abuztuan, Sizilian, Antonello de Messinaren errenazimentuko lau lan aipagarri lapurtu zituzten, teknika azkar eta garbiz. Parman, aldiz, modu primitiboagoan aritu ziren: traktore bat Magnani Rocca fundazioaren ateen kontra jo zuten, eta lau lan inpresionista eraman zituzten. Gauza bat argi geratu da: museoetan sartzea ez dela uste zena bezain zaila, batez ere azkar eta helburu zehatz batekin egiten bada. Ikusi denez, museo txikiek dute arriskurik handiena, museo nagusiek segurtasunean inbertitzeko diru gehiago izango baitute. Eta urtu, desmuntatu eta atalka sal daitezkeen piezak izango dira bilatuenak, azken finean, artelan ezagunak merkatu beltzean saltzea ez baita hain erraza.

Hori etorri zait burura azken lapurreta ospetsuarekin bat: irailaren hasieran Cagnes-sur-Mer-eko Renoir museoko bi lan eraman dituzte, beste bi bidean utzita. Horri buruz The Guardian egunkariko Eddy Frankel kritikariak umorez betetako artikulu bat argitaratu du: Louvren lapurtzea ulergarria da, baina Renoir museoan? Zeinek nahi ditu Boris Johnsonen antza duten umeak eta txokolate kutxak apaintzeko moduko eszenak dituzten pinturak? Lapurtutako bi lanen azterketa egiten du eta, egia esan, zaila da ulertzea zeinek ordainduko dituen milioiak horiek bere etxeko zoko ezkutu batean zintzilikatzeko, zinez baitira itsusi eta erdipurdikoak. Batek daki, agian hilabete batzuen buruan museoaren atean agertuko dira margook, ume abandonatuak nola, lapurrak ezin saldu dabiltzala. Edonola ere, hori da museo txikien esperantza: lapurrek gustu txarra izatea eta garrantzi kultural handia ez duten gauzak eramatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA