Twitterren aurkitu nuen galdera hau: Zer nahiago duzue, Asterix ala Tintin? Eta nire oroimenak apalategi hartarantz egin zuen, Bartzelonako Sant Joan hiribidean geneukan etxe txiki eta zahar horretako apalategira, hain zuzen.
Ni ama oso gazte gurasobakar baten alaba naiz. Hogeitaka zenbait urte izango zuen amak bere bikote berri bateria jolearekin bizitzera joan ginenean, eta berarekin bospasei urtez bizi izan ginen. Pisuan zeukan estudioa, bateria handi batekin, bere disko bildumarekin —ongi gogoan dut Chicago taldearen disko-bilduma polita— eta bere komikiekin. Alde batetik, Marveleko superheroienak zeuzkan, eta apalategi berezi batean, berriz, Tintinak. Egun batean ale bat hartuko nuen, eta gero beste bat, eta hurrengoan beste bat. Hamar urte baino gutxiago izango nituen, eta ale guztiak bukatu arteko onik ez nuen izan. Lehen aldia zen horrela irakurtzen nuena —etengabe, liburu bat bestearen atzetik irentsiz, grinaz—.
Gero Asterixekin jarraitu nuen. Nire amaren bikote-lagunak ez zeuzkan Asterix guztiak, eta batzuk bakarrik irakurri ahal izan nituen. Batzuekin barre asko egin nuen. Adibidez, oso presente daukat Asterix Legionarioa alea; zer edo zer gertatu zen erromatarren kanpamentuan, orain ez dakit zer, baina malkotan bukatzeraino egin nuen barre. Liburu batekin hainbeste barre egiten nuen lehen aldia zen.
Umetasuna bukatzen denean, oso momentu erabakigarriak izan ohi dira, eta horietako asko geratzen dira zure gogoan. Garcia Lorcak esango zuen bezala, nerabe bat nintzeneko oroitzapenak, artean inork maite izan ez ninduenekoak
Garai hartaz gauza asko gogoratzen ditut. Umetasuna bukatzen denean, oso momentu erabakigarriak izan ohi dira, eta horietako asko geratzen dira zure gogoan. Garcia Lorcak esango zuen bezala, nerabe bat nintzeneko oroitzapenak, artean inork maite izan ez ninduenekoak.
Adibidez, Dragoi bola ematen zuten telebistan, telesailaren fama momentu gorena zen, eta gogoan dut Jordi ere —horrela zuen izena nire amaren bikote-lagunak—zaletu egin zela, nahiz eta heldua izan. Orduan, bideokasete batean grabatzen zituen atalak, eta biok batera ikusten genituen. Niretzat, imajina dezakezuen bezala, heldu batekin horrelako momentuak partekatzea ohore handia zen.
Edo beste egun hori, lehenengo aldia izango zen agian partidu oso bat ikusten nuena; eta zer, eta Barçak Europako Champions finala irabazi Wembleyn, Koemanen falta-gol batekin. Ongi akordatzen naiz Jordik nola galdu zuen burua. Inoiz ez nuen ikusi inor hain pozik, esango nuke. Estudioko bateriaren bonboa hartu zuen, eta balkoira atera zen. Gure 100 urteko Sant Joan hiribideko etxetxo hori dardarka hasi zen, ez baitzegoen batere ohituta poz horietara. Kalera atera ginen gu ere, beste asko eta asko bezala errepidera, gure Panda gorriarekin. Nire hiria handia da, eta jende guztia kalean ikustea ikusgarria da. Lehenengo aldia zen, dudarik gabe, horrelako poz kolektibo bat ikusten nuena. Sakonki markatu ninduen zoriontasun totalaren atmosfera horretan ordu batzuetan sartuta egoteak.
Urte batzuk barru institutura joan nintzen, irakurzaletuta, eta Barça-ko bazkide izatea amets. Garai hartan, nire beste helburu nagusia oharkabean pasatzea izan zen. Kamiseta erraldoiak eta praka bakeroak ziren nire uniforme ofiziala. Ateratzen nituen notak ez ziren ez onak, ez txarrak; gorroto nien gimnasia klaseei, eta horietan nire jomuga zen ez izatea azkena, ezta lehena ere. Txoko batetik mundua ikustea eroso gertatzen zitzaidan. Maitasun kontuak ere hasi ziren. Ni, zehazki, ezinezko maitasunetan espezializatu nintzen.
Gau batean nire ama, izeba eta hirurok Jordiren emanaldi batera joan ginen. Ama eta izeba oraindik gazteak ziren, ni gaur egun naizena baino gazteagoak, eta ni nerabe bat. Bertsio dantzagarriak egiten zituen talde batekin jotzen zuen bateria. Animatuta nengoen, eta pixka bat ahaztu zitzaidan «oharkabean» pasatzearena, eta dantza-pistara irten nintzen. Oso dibertigarria izan zen. Musika-taldean musikari gazte bat zegoen, zein musika tresna jokatzen zuen ez dut gogoratzen, ezta nolakoa zen ere zehazki; bakarrik gogoratzen dut atentzioa eman zidala, zein guapoa zen.
Hurrengo egunean, pasadan eta erdi barrezka, Jordik esan zuen bere taldeko musikari eder horrek nitaz galdetu zuela, eta Jordik erantzun: «15 urte ditu!», eta bestea harritu egin omen zen. Beraientzat, helduentzat, hantxe geratu zen kontua, jakina. Baina niri, pentsa dezakezuen bezala, bihotzera heldu zitzaidan, eta eskuak dardarka hasi zitzaizkidan. Harrigarria izan zen beste baten desioen parte sentitzea, lehen aldiz... harrigarria, polita eta kitzikagarria.