Beste hainbestetan bezala, atea itxi da. Itxi da atea eta, orduan, ohiko mugimendu sinfoniari erreparatuz, Jeannek oherantz gidatu du gizona. Keinuak betikoak dira: neurtuak, mekanikoak, presarik eta desiorik gabeak. Gizonak berokia erantzi du eta txanpon batzuk eman dizkio. Guztiak jarraitzen du betiko bidetik, munduak oraindik ere keinu errepikakorren oreka xehe, justu, deliberatu horretan sostengatzeko ahalmena balu bezala. Gelako isiltasun zamatsuan, baina, Jeanneren gorputza —normalean hain otzana dena— bat-bateko dardaran hasi da. Halako espasmo labur eta nahasgarri bat. Orgasmo bat. Lehenengoa agian. Bakarra agian. Ez da borondatezko keinu bat izan, kontrara, errutina biolentziaz urratzen duen denbora frakzio bat izan da. Ondoren, erritualik eta dramatismorik gabe, gizonaren haragian sartu ditu artazi batzuk. Behin, agian bitan. Erail du agerizko damurik gabe gizon hori.
Tranbian, egin berri dituen erosketak gordetzen dituen poltsari eusten dio Anak esku artean. Pentsatzen du bere bizitza, distira handirik ez badu ere, egoki antolatu duela: badu benetako senar bat, benetako bi ume eta bere etxeko lorategiko zuhaitzak bere eskuekin propioki landatutako haziei esker loratu dira. Tranbian doa eta aurrez aurre ikusi du gizon itsu bat, zutik, mugigaitz txiklea jaten. Halaxe da, txiklea murtxikatzen duen itsu bat ikusi du. Eszena horrek, sinplea eta deserosoa zinez, Anarengan erabateko kolapso existentziala eragin du, bere ekintzen eta orobat gauzen ordena hankaz gora jartzeraino.
Hurrenez hurren bi irudi: lehenengoa, Chantal Akerman zinegilearen Jeanne Dielman, 23 Quai du Commerce, 1080 Bruxelles (1975) filmarena; bigarrena, Clarice Linspector idazlearen Amor (1960) ipuin laburrarena. Bi lanak testuinguru ezberdinetan kokatzen dira: Akermanena, 70eko hamarkadako europar zinema esperimentalean, eta Linspectorrena, 60ko hamarkadako Brasilgo literaturaren esparruan. Harrigarria da, ordea, nola hitz egiten duten sakonean auzi berberari buruz: etxekotasunaren erritualen gainean eraikitako emakumeen desira erreprimituek nola abaildu dezaketen bizitza bat eta nola xehetasun inboluntario batek —orgasmo batek, txiklea jaten duen gizon itsu batek— jar dezakeen kolokan dedikazioz eta automutilazioz eraikitako barne arkitektura oso bat.

Izan ere, ahalegin handia egin behar baita errutinaren eta domestizidadearen nahasketa horretan neurrira egindako bizitza bat sortzeko, edo, behintzat, onargarria izan daitekeen bat kultibatzeko. Horretaz ari dira bi obra horiek, bakoitza bere erara eta bere lengoaiatik abiatuta.
Akermanen pelikulan, denbora luzatu egiten da hiru ordu baino gehiago irauten duen metrajean protagonista nagusiaren egunerokoaren parte diren ekintzen segida ia-ia jasangaitz bat sortuz —errealitatean eguneroko jarduera horien errepikapenek gure gorputzaren berezko poza akabatuko ez balute bezala—. Horretarako Akermanek plano luzeak erabiltzen ditu, finkoak eta aurrez aurrekoak. Halako begirada inpartzial baten moduan ikuspuntu ustez epairik gabea lortzen du, ikuslea etxeko denbora dilatatuan sartzera behartzen duena. Amor ipuinean, berriz, Linspectorrek denbora konprimatzen du: orrialde gutxian eraikitzen du berez garrantzi txikiko eszena batetik abiatzen den kataklismoa, kortozirkuito bat, prosa labur eta zehatz batean jasoa. Â
Akermanek eta Lispectorrek erakusten dute etxea ez dela beti babesleku seguru bat: urrezko kartzela ere izan daitekeela; angustiak egin dezakeela oihu —egingo duela oihu, lehenago edo beranduago— eta emakumezko askoren gorputzek, funtzionaltasunean eroso dauden uste hedatuaren aurrean, indar subertsibo handia gorde dezaketela. Zentzu horretan, bi sortzaileek feminismo erradikalaren estetika praktikatzen dute: ez leloetan oinarritutakoa, baizik eta ebakuntza kirurgiko baten zehaztasunez emakumeen bizitzari —inork begiratzen ez dionean— erreparatzen diona.
Zentzu horretan, bi sortzaileek feminismo erradikalaren estetika praktikatzen dute: ez leloetan oinarritutakoa, baizik eta ebakuntza kirurgiko baten zehaztasunez emakumeen bizitzari —inork begiratzen ez dionean— erreparatzen diona
Azkenik, bi lan horietan hainbat galdera aireratzen dira: Zerk eusten dio eguneroko zentzutasunari? Errutina horiek guztiak kontrol moduak baino ez dira, edota, bada errepikakortasun hori zentzugabekeriari aurre egiteko biziraupen tresna bat? Jeannek eta Anak erakusten digute gauzarik arruntenetan gerta daitekeela tragedia; nahikoa dela lekuz kanpo gauzatzen den keinu bat ziurtasun guztiekin hausteko. Ezinbestean. Eta onena, ez dago moralejarik, bai errebelazio bat, ordea: norberaren desiraren mugatze kontzienteak pisatu egiten duela, eta normaltasuna ekintza zeharo hauskorra dela.
'Jeanne Dielman, 23 quai du commerce, 1080 Bruxelles'
Zuzendaria: Chantal Akerman.
Urtea: 1975.
Iraupena: 193 minutu.
Ikusgai: Filmin plataforman.