benat sarasola
Lauhazka

Literatura, hi

2026ko maiatzaren 31
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte eta erdi igaro da jada azkeneko liburua argitaratu dudala, eta haren harira jaso dudan komentariorik harrigarriena hitanoari dagokiona izan da. Nobelako elkarrizketa batzuetan hika erabili izana nabarmendu didate ez batek eta ez bik. Aurreko nobelan ere erabili nuen eta ez dut gogoan inork halakorik aipatu izana. Onez onean esan izan didate, nabarmentzeko kontu estilistiko bat balitz bezala. Buru azkar eta arinagoa banu egokiera aprobetxatu nezakeen esateko baietz, apustu literario berritzailea izan dela nirea. Badakizue, idazleak ez du askorik behar bere balizko originaltasunaz lotsagabe jarduteko. Baina erreflexu gutxi nik eta ene aurpegi zurtua gailendu da; hala moduz azaltzen ahalegindu naiz ezetz, ez duela horrek berritasunetik ezer. 

Apalategira osteratxoa egin dut ea nire memoria okerturik zegoen konprobatzera eta emaitza estonagarria izan da: euskarazko narratiba modernoa markatu zuten nobela ia guztietan erabili izan da hitanoa. Salbuespena ez erabiltzea zen 60-80etan, muntazko nobeletan bederen. Hemen hitanoa agertzen den narratiba lanen zenbait adibide: Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (1969), Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970), Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979), Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983), Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten (1984), Bernardo Atxagaren Bi anai (1985), Arantxa Urretabizkaiaren Saturno (1987). Zer gertatu da hamarkadotan 2024an argitaratutako nobela bati buruzko iruzkin aipatuenetako bat izateko hitanoa erabiltzen dela?

Kepa Altonagaren 'Patrizioak eta plebeioak' liburuan sumatzen den kezkari jarraikiz, zalantza dut zein punturaino ez dugun azken urteotan diglosia asumitu, irakurle diglosikoak izatea. Eta hitanoarena horren sintomatxo bat baizik ez litzateke.

Akaso pentsa dezakegu hori esan izan didatela nire nobela, nagusiki, atzerrian kokatua dagoelako eta pertsonaiak erdaldunak(-edo) direlako, baina, zinez, inork ez dit arrazoibide hori erabili izan. Gainera, Egunero hasten delako ere atzerrian kokatua zegoen eta Saizarbitoriak ez zuen arazorik izan hika erabiltzeko. Garaiko euskararako itzulpen ugaritan ere ohikoa zen hitanoa erabiltzea. Eskura ditudan batzuk aipatzearren: Graham Greenen Hirugarren gizona, Iñaki Ibañezek itzulia 1988an; Dylan Thomasen Ixtorio bat, Joseba Urteagak itzulia 1990ean; eta urte berean Iñaki Iñurrietak itzulitako J.D. Salingerren Zekale artean harrapaka. Geroko beste batzuetan ere bai, noski. Esate batera, institutuetan barra-barra irakurri zen Agota Kristofen Koaderno handia-n, Eskarne Mujikak itzulia, edo azken urteotako pare bat itzulpen gogoangarri aipatzearren: James Joyceren Ulises, Xabier Olarrak itzulia, edo William Shakespeareren Sonetoak, Juan Garziak itzulia (azken hau, poesia, endemas!). 

Ebidentzia erabateko horien aurrean akaso galdera itzulikatu beharko genuke. Zenbat irakurtzen dugu euskaraz? Eta irakurtzen badugu, zer irakurtzen dugu? Euskarazko zenbat itzulpen irakurtzen dugu? Nolako memoria literarioa dugu? Zein kasu egiten diegu klasikoei, izan klasiko-klasiko edo klasiko moderno? Ez ote gabiltza modek eta erdarek harrapatuta?  

Paradoxikoa emango du baina nik hitanoa, nagusiki, literaturaren ahotik hartu nuen debalde, eta halaxe ematen diot, debalde, literaturan belarriari. Ahoz ez dut erabiltzeko ohiturarik. Donostian aspaldi da kale hizkeran entzuten ez dela, Donostia ez diren Igeldon eta Añorgan eta beste zoko ez-donostiarren batean kenduta. Jakina da hika, ahoz, euskararen arnasgune deitzen zaien eremu horietan dagoela bizirik batik bat eta, azken urteotako datu guztiek diotenaren arabera, arnasguneak ezpaltzen ari direlarik, pentsatzekoa da horixe bera gertatzen ari dela, halaber, hitanoarekin. Inpresioa dut azterketa soziolinguistikoek ahozko hizkuntzaren aldeko alborapena izan ohi dutela, hots, hizkuntza idatzia baztertu samar geratzen dela ikerketa horietan, eta ahaztuxea dugula euskararen normalizazioari literaturak eman dion tornuia. Hots, gure gaurko gaira itzuliz, literatura ere izan dela, urte luzetan, hitanoaren arnasgune.

Kepa Altonagaren Patrizioak eta plebeioak liburuan sumatzen den kezkari jarraikiz, zalantza dut zein punturaino ez dugun azken urteotan diglosia asumitu, irakurle diglosikoak izatea. Eta hitanoarena horren sintomatxo bat baizik ez litzateke. Izan ere, literaturan hitanoa estrañamendurik gabe jasotzeko ez da aski literaturan trebatua izatea, ezta euskaraz trebatua izatea ere. Literaturan euskaraz trebatua izatea eskatzen du. Edo, beste modu batera esanda, oso posible da ahoz euskaraz bizi baina literatura erdaraz irakurtzen duenari (edo literatura irakurtzen ez duenari) bitxia suertatzea hitanoaren erabilera nobela batean. 

Ez ote da hori euskararen aurrerabidearekin lotzen diren aldagai optimistek ezkutatzen duten beste zantzu negatibo bat? Alegia, literatura euskaraz (ez «euskarazko irakurgaiak») artez eta taxuz irakurtzen duten euskaldunen kopurua ere aski geldituta dagoela?

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' 2006an, Galizian, Ferrolen bizitoki eta 1956an 'Leturiaren egunkari ezkutua' idazteko baliatu zuen etxearen aurrean
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi 2006an, Galizian, Ferrolen bizitoki izan eta 1956an Leturiaren egunkari ezkutua idazteko baliatu zuen etxearen aurrean. PACO VILA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE