Musikari hitzak jartzeko garaian, ez dakit horien inguruan gainpentsatzea positiboa den, gehiago pentsatu ahala espontaneotasuna galtzen delako. Hala ere, musikarekin bete nahi den eginkizunaren arabera transmititu nahi den horrekiko ardura bat sentitzean, kostunbrismoaren izenean burutik pasatzen den lehenengo gauzaren inguruan idatzi ordez, pare bat aldiz pentsatzea betebehar bat bihurtzen da.
Azken mende laurden honetan euskaraz egindako musikak eraldaketa nabaria izan du, Euskal Herriak izan duenaren neurri berekoa agian. Duela urte batzuk, gizartean konfrontazioa agerikoagoa zenean, euskarazko musika bide beretik zihoan. Idazteko modua ere oso argia edo esplizitua zen, eta agerikoa da gizartearen ehuneko handi batek abesten ziren hitz horiekin bat egiten zuela.
Gaur egun, idazten diren euskarazko hitzekin bat egiten duen gizartearen zati bat egon arren, hitzek beste forma eta eduki batzuk dituzte. Argi dago eduki aldetik ezberdinak izan behar dutela, garaiak aldatu direlako eta etengabe gai berberen inguruan hitz egingo bagenu mezua geure sentitzeari utziko geniokeelako. Horregatik, forma aldetik izan den aldaketa iruditzen zait deigarriena. Hitzen forma edo lengoaia ere aldatu da. Gaur ez da iraganean bezain esplizitu idazten. Baliteke letren gaiak harrapatzeko nire gaitasunik ezagatik izatea, baina iruditzen zait inguruan ditugun gatazkei ez zaiela hain argi hitz egiten.
Ez dut esan nahi ez denik errealitatea kritikatzen, hitzetan oraina islatzen den neurrian betiere ikuspuntu batetik egiten delako. Hau kritikatzen den moduaz ari naiz. Litekeena da gaur egungo euskal gizarteak hori behar izatea. Azken finean, kritika esplizitu bat egiterakoan, aldez aurretik kritika hori entzuteko prest dagoen jendeak entzungo lukeelako, eta asmoa gero eta jende gehiago gogatzea bada, modu honetan zailki beteko litzateke. Alde horretatik, letren forma dagokigun testuinguru politikora moldatu dela esango genuke. Bide beretik, iraganean orduko egoeraz hitz egitea errazagoa zela pentsatu izan dut noizbait. Jazartzen zaizkigun elementuak argiagoak badira errazagoa baita horien inguruan hitz egitea, abestia panfleto politiko bihurtu gabe. Gaur egungo garraztasunari aurpegia jartzea zailagoa izan daiteke, horri zuzendutako kritika zailagoa bihurtzeraino.
Horregatik, forma aldetik izan den aldaketa iruditzen zait deigarriena. Hitzen forma edo lengoaia ere aldatu da. Gaur ez da iraganean bezain esplizitu idazten
Edonola ere, posible da gaiari ikuspuntu artistikotik begiratzea ere. Besterik gabe sentimendu edo iritzi bat transmititzeko modu ederrago bat bilatzen ari garela iruditzen ahal zaigu. Segur aski, aurreko hamarkadetan zeuden egiteko moduen aurrean, beste batzuen bila gabiltza. Honekin guztiarekin, gauza bat bestearekin lotuta dagoela uste dut, esateko modu berrien edo zaharragoen bilaketaren ikuspuntu artistikoak iraganaren aurrean dauzkagun behar batzuei erantzuten dielako.
Arrazoia kezkagarriagoa izan daiteke, iraganarekin alderatuta, musikarekin euskarak eta politikak daukaten harremana urriagoa dela uste badugu. Modu honetan musika kontsumo merkantzia bihurtzen delako, eta, ahalik eta jende gehienak kontsumitu dezan, mezuak lausotzera edota errealitatetik urruntzen diren edukiez etengabe hitz egitera behartzen delako.
Hasierara bueltatuz, letren inguruan sobera pentsatzea agian ez da onuragarria. Musikak ez du bakarrik kritika behar, eta kritika ez da bakarrik letren edukian edo forman erakusten, baina hori ez dadila bihurtu aitzakia bat hitzak daukan garrantziari balioa kentzeko.

Â