Kritika. Musika

Maitagarri paganoak

Ingalaterrako The New Eve taldearen lehenbiziko diskoaren azala.
Ingalaterrako The New Eve taldearen lehenbiziko diskoaren azala.
2025eko abenduaren 14a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

THE NEW EVES

'The New Eve Is Rising' 

Diskoetxea: Transgressive Records.

Udan argitaratu zen emakumez osatutako laukote britainiar honen estreinako lan luze hau, zeinak mutututa utzi ninduen lehenengo entzunaldiarekin batera. Eragin zehatz eta identifikagarrietatik abiatzen den lana izanagatik ere, musikariak ausart aritu dira, eta ausardia horren ondorioz, emaitza nahiko originala edo bitxia da; izan ere, taldearen estetikari erreparatuz gero, ustez koherentzia arrastorik gabeko loturak egin ditzake entzuleak.

Hori dela eta, zentzugabeko konexioak gerta daitezke; esaterako, entzuleak honako hau irudika dezake: 60ko urteetako eta geroko rocka hankaz gora jarri zuen The Velvet Undergroundek Ari Aster zinemagileak 2019an estreinatutako folk-horror estiloko Midsommar filmaren soinu bandan parte har zezakeela.

Eta nola lor dezake Brighton hiriko talde gazte batek tamainako xelebrekeria bere lehendabiziko diskoan? Aurretik aipatutako balentriari jarraikiz, alkimisten erara aritu direlako substantzia, soinu, sinesmen eta mezu politikoak uztartzen zumezko laborategian: John Cale eta Nicoren garaiko drone velvetarrak, folka, anarko-punka eta hippyen sasoiko flower power-a eta sekten estetika batzen dituen iruditeria. Nahasketa horren guztiaren ondorioz, ematen du laukotearen jardun artistikoa musikaz harago hedatzen dela.

Bandaren proposamenari dagokionez, gitarrak, baxuak eta bateriak osatutako rock pareta klasiko eta trinkoa biolin, biolontxelo eta flauta jostalariek arrakalatzen dute, folkaren eta rockaren artean kokatzen den punk garrasi sotila zartatzeko. «Ez gara kontzienteki beste inongo musikarirengan inspiratu... unibertso paradisu berri bat sortu izan bagenu bezala izan zen, konturatu ere egin gabe hori zela egiten genuena»; «The Velvet Underground da aipatu dezakedan banda bakarra; antzeko espiritua dute, baina The New Eves ez da generoan zentratzen».

Hala, The New Eves-ek kantuetan jartzen du bere indar eta ahalegina. Esfortzu hori, baina, kantuen berehalakotasunean islatzen da, doinuak haustear dauden eraikin kalamastrak baitirudite; halere, ustezko ahuldade horretatik aireratzen da laukotearen xarma, makaltasunez bildutako unibertso propioa eta kaotikoa eraikitzeko, non paganismoak, aldarrikapen politikoek eta sokek bat egiten duten: «Eva Berriak larrutan egiten du, nahi badu/ Eva Berriak ezetz dio ez badu nahi/ Eta ez dago zu salbatuko zaituen jainkorik/ Ez baduzu entzuten», dio diskoa zabaltzen duen taldearen izen bereko kantuak. Mary kantuan, halaber, Maria askatu eta ahalduntzen dute: «Emantzipatuta [...] negarrez, barrez, ostikoka, diz-diz/ Eta dantzan/ Munduaren ertzean».

Taldekideek The Velvet Undergrounden ageriko eraginak aipatu badituzte ere, ezinbestekoa da 70eko hamarkadako amaieran Britainia Handian sortutako eta emakumez osatutako taldeak azpimarratzea —Brightonekoen kasuan, The Raincoatsen itzala agerikoa da—, betiere inongo arau eta eredu estilistikorik erakutsi gabe.

Ezin dut irudikatu taldearen bigarren pausoa izango den horretan haien proposamena noraino eramateko edo nola eraldatzeko gai izango diren, estreinaldi hau bikaintasunetik hurbil baitago. Taldearen emanaldiak, gainera, egundokoak omen dira: «Oholtza gainean, maitagarrien ipuin pagano batetik ateratakoak dirudite», New Musical Express aldizkaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.