Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala. Analisia

Marabilli

Josu Goikoetxea.
2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Atzo Bizkaiko hiriburuan, Bilbon, plaza zoragarria deskubritu genuen. Miribilla marabilli da, ondarrutar lagunek —eta izen bereko festibala eratu dutenek— hitza erabiltzen lagatzen badidate. Bildua, egokia, polita, aproposa da Miribilla bertsotarako eta giro ezin hobea sortu zen bertsolarien eta bertsozaleen artean. Izan dadila habia berri hau ekaitzen kontrakoa eta luzaroan bil gaitezela han bertsoak entzuteko.

Maribilli izan zen baita ere saioa. Gorabeherak izan ziren noski, baina hau Bizkaiko txapelketako finala zen, ez Euskal Herrikoa, eta hori jakinda epaitu behar da atzoko finala. Egia da apur bat hotz hasi zela saioa. Ez daitezela haserretu gai-jartzaileak, badakidalako zer lan ona egin duten finalera arte, baina uste dut Igorri eta Onintzaren gaia kenduta, oso egoki jarritakoa, beste hirurak pixka bat arrotzak suertatu zitzaizkiela bertsolariei. Noski, hau zezena pasa ondoren esaten da. Gero denetik egon zen, onetik txarretik baino gehiago eta bereziki gustatu zitzaizkidan bakarkako gaiak.

Saioa bertsozalea asetzeko modukoa izan zen eta ia gehienok geneuzkan buruz burukorako hiru izen: Estiballes eta Elortza aurre-faboritoak, eta atzoko saioaren pizgarria izan zen Fredi Paia. Benetan eskertu behar diogu Frediri atzo egindako lana, bera izan zelako, Igor Elortzarekin batera, saioa nokeatuta zegoenean, publikoaren gogoa altxarazi zuena. Zortziko txikian izan zen. Gero, sei puntuko motzean, errepikatu egin zuen Fredik balentria, Onintza Enbeitarekin batera. Hortik aurrera saioak gora egin zuen, puntu erantzunetako batxea bazter utzita. Ariketa horri gehiegi eskatu zitzaiolakoan nago, mami aldetik.

Apartak izan ziren Elortzaren eta Estiballesen bakarkako lanak. Ordura arte, biak aritu ziren bikain baina besteengandik gehiegi bereizi gabe. Uste dut atzo puntuz puntu irabazi zutela biek ala biek buruz burukorako txartela. Betelanean dotore Igor, buruargi Arkaitz, asko lan eginda eta gogotik sufrituta igaro ziren.

Bakarkakoan luzitu ahal izan ziren Onintza eta Etxahun, ordura arte pixka bat ilunduta zeudenak. Fredik ere lehen bertso bikaina bota zuen, baina bigarrenean nahiz eta ideia onak izan, hutsak ere egin zituen. Ez du erraz ahaztuko bertso hori.

Jone Uria oso ondo aritu zen saio osoan zehar baina bertsoa gehiago saltzen ikasi behar du. Bertsoa ez da bakarrik testua, eta hura bukatutakoan ere defenditu egin behar da, publikoarren aurrean. Bikain, hala ere.

Iratxe Ibarra Gernikan gehiago gustatu zitzaidan atzokoan baino, baina haren kalitatezko bertsoa egiteko erraztasuna goraipatzekoa da. Iratxe bezalako bertsolariei esker lortzen dute maila altua saioek.

Mirenek ez zuen atzo eguna izan. Saiatu zen, bota zituen ideia politak, bertso ederrik ez zitzaion falta izan, baina ez zen atzokoa bere eguna izan. Izango du aukera buelta emateko; datorren urtean, adibidez.

Amaitzeko, buruz burukoan, beste bi bertsolari ikusi nituen, batez ere Elortzaren aurpegia asko lasaitu zen azken txanpara iritsita. Ofizioko bertsoaldi eder parea eskaini ziguten eta bakarkako oso onak ere bai. Ez dago gehiago eskatzerik.

Txapeldun, Arkaitz.Txapeldun aparta izan da Bizkaiko plazetaneta hala izaten jarraituko du beste bi urtean.

Ez nuke hau amaitu nahi Joxe Agirre aipatu gabe. Ezagutu nuen eta zorteko sentitzen naiz. Aupa, Joxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.