Kontu jakina da. Ez Murray Burnett eta Joan Alison antzerkigileek, ez eta Julius J. Epstein, Philip G. Epstein eta Howard Koch gidoigileek ere ez zuten Marokoko Casablanca hiria buruan, idazteari ekin ziotenean. Joanek eta Murrayk Everybody Comes to Rick´s antzezlana sortu zuten tauletarako, baina ez zuten lortu inork ekoiztea. Eskubideak saldu zizkioten Warner Brosi, merke-merke, merkeegi, egiazki. Bertako nagusiek Juliusi, Philipi eta Howardi horren gaineko gidoia idazteko enkargua egin zieten. Kontu jakina da gidoiak ez zuela ez hasierarik, ez mamirik, ez bukaerarik. Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart filmatzen ari ziren heinean idazten zituzten hirurek eszenak. Eta amaiaz inork ez zuen berririk, amaia iritsi arte.
Kontatutako hori guztia kultura orokorraren afera da. Ez badakizu, alferrik da Tarkovskiren filmografia osoa buruz, begiz eta belarriz jakitea; ez zara sekula zinezale benetakoa izango.
Bestelako istorio batekin natorkizue. Seguru hau ere jakingo duzuela zuetako hamaikak. Casablanca Casablancan kokatua dagoela pentsatze hutsak hasiberri sinesbera baino ez zarela frogatzen du. Has zaitez Tangerrekin ametsetan, hortxe baita Casablanca egiazkoa. Bai, hortxe, betidanik Marokoko hiri guztien artean libreena, arriskutsuena eta misteriotsuena izan den horretan. Ez badidazue sinesten, galdetu bertakoa ei den ospe handiko rap kantari bati.
Mediterraneoaren eta Atlantikoaren artean egonda, inperio, armada eta pirata guztiek desiratu izan dute bertako jaun eta jabe izatea. 1923an, Parisen, Espainiak, Frantziak eta Erresuma Batuak Tangerreko Protokoloa sinatu zuten, eta Tangerreko Nazioarteko Protektoratua sortu. Pixkanaka-pixkanaka, munduko herrialde asko batu ziren Protokolora. 1945ean, sinesgaitza dirudien arren, Sobietar Batasuna ere bai…
Ametsezko hiria bilakatu zen Tanger. Hor aurkitu zuten aterpea milaka errefuxiatuk eta iheslarik. Trafikanteek beren negozio eta tratuetarako abiapuntu zoragarria bilatu zuten. Espioientzako eta agente sekretuentzako eremu ideala zen Tanger. Sortzaileentzako inspirazio iturri agorrezina. Abenturazaleek hantxe biziko zuten Amazonian ere bizi ezingo zuten erronka.
Europako jendeaz ari naiz. Edo Estatu Batuetatik etorritakoez. Edo Shanghain ere non ezkutatzerik ez zuten horiez. Ez naiz bertako, tokiko, jendeaz ari. Egia da merkatari ezin hobeak izanik, egoeraz baliatzen zirela, eta probetxu handia lortu. Baina beste milaka horien bizitza latz eta mingarriaren berri izateko, irakur ezazue Mohamed Xukriren al-Khubz For al-Hafi liburua, Arantzazu Royok euskarara ekarri ondoren, Ogi hutsa izenburua hartu zuena.
Tangerren izan behar. Derrigor. Oraindik libertaterako aukera ematen duen lekua baita. Ez, badakit, ezin ukatu. Nik ere, kostaz beste aldean dagoen Europara begira ikusi izan ditut hamaika nerabe, noiz eta nola abiatzeko plan perilosoak buruan.
Ametsezko/amesgaiztoko hiria, Paul Bowlesen eta Bertolucciren The Sheltering Sky, hots, Zeru babeslea. Hori zen aipatutako Murray, Joan, Philip, Julius, Michael Curtiz eta antzeko saiatuek —bizitzaren muturretan aritzen zirenek— buruan zuten parajea, Casablanca filmari Casablanca deitu ziotenean. Bien arteko konparaziorik ez da, ezin da, egin. Tennessee Williamsek, The Rolling Stonesek, Barbara Huttonek edo Jane (Auer) Bowles emakume eta idazle harrigarriak ez zuten etxerik, ez zuten abegirik Casablancan, Tangerren baizik. Angel Vazquezek idatzi zuen La vida perra de Juanita Narboni nobela estrainioak ez du Casablanca barneko/kanpoko paisaiatzat, Tanger baizik. Donostiako Javier Agirre zinemagileak pantailara egokitu zuen anker eta krudel, Esperanza Roy antzezle zela. Tangerkoa den Farida Benlyazidek bere bertsio propioa egin zuen 2005ean, eta iaz Todos estamos invitados eta Demonios en el jardín pelikulen egilea den Manuel Gutierrez Aragonek Madrilgo oholtzara ekarri zuen.
Zertara dator Tangerren laudorio hau? Cannesen egon ondoren, Hegoaldean estreinatu baita Iparraldeko aretoetan merezia duen harrera beroa izan zuen Maryam Touzaniren Calle Málaga. Tangerren (non bestela?) pasatzen den komedia gazi-gozo, tristatu eta sentsuala, Carmen Maurak antzeztua.
Tangerren izan behar. Derrigor. Oraindik libertaterako aukera ematen duen lekua baita. Ez, badakit, ezin ukatu. Nik ere, kostaz beste aldean dagoen Europara begira ikusi izan ditut hamaika nerabe, noiz eta nola abiatzeko plan perilosoak buruan. Beraientzat kartzela da hiria.
Ni pribilegiatu bat izan naiz beti Tangerren. Nik futbol partidak ikusi izan ditut bertako kafe etxeetan. Nik Azoka Handiaren aurrean dagoen Rif zineman (Cinemathequeren egoitza) dastatu izan dut zeluloidea. Maite dut Tanger. Maite dut zaharberritzeko prozesu eternalean dagoen Cervantes antzokia. Maite dut Malaga karrikan bizi den Maria Angeles emakume puska.
Marrakexi buruz galdetzen didazue? Ez, badakit Hitchcockek bertan filmatu zuela The Man Who Knew Too Much, baina han denak dira, Donostiako Parte Zaharrean nola, turisten morroiak. Han mendietatik ura ekartzen duen landako jendeak ez dizu ur hori ez eskaintzen, ez saltzen; europarrok ez omen dugu ur fresko hori gustuko. Nahiago, antza, beren jantzi tradizionalei argazkia atera. Mugikorrekin, jakina. «Photo yes, water no» (argazkia bai; ura, ez) esaten dizute… Hori ez da, momentuz, Tangerren gertatzen. Eta Maria Angelesek badaki.
