Ari ginen gaizkin saldo ezin deskribatuzkoa euskal mundua (eta inguruetako unibertsoak) aztertzeko/konpontzeko/izorratzeko/salbatzeko ahaleginetan. Ari ginen Iruñeko Kondestablearen jauregiko goiko pisu gorenean.
Beste inon sartzerik ez genukeen kuadrillakideok ari ginen gure mundu honetako aspaldiko ajeak, egungo deskalabruak eta biharko esperantzak biltzen.
Ari ginen gustura, lagun artean. Iruñeko eta planeta osoko euskaldun, euskarazale eta euskarazain sorta estimatu eta kasik ikoniko baten konpainian eta akonpainamenduan. Ari ginen gure zinemaren harri koskorrak (baita haitzak ere) eztabaidatzen. Ez, ez ginen Ama Lur pelikulaz akordatu. Bai, ordea, 80ko hamarkadan egin ziren Zergatik panpox, Hamaseigarrenean aidanez, Oraingoz izen gabe eta antzekoekin.
Literatura eta zeluloidea topaketarako aitzakia izanik, Ramon Saizarbitoria eta Alfonso Ungriaren Ehun metro ekarri genuen akordura. Akordura ekarri eta eztabaidatu ere bai. Baita Imanol Rayo, Joanes Urkixo eta Miren Gorrotxategiren Hil-kanpaiak ere; Rayoren eta Atxagaren Bi anai ere bai. Golem aretoetan filmak proiektatzen dituen Imanolek Telletxearen Loiolako Iñigoren biografiatik hartutako 32 hitzekin sortutako Iñigo izenburuko esperimentuaz jardun ginen. Etsenplu hori probestu genuen, hain zuzen ere, autorearen libertate/leialtasuna aldarrikatu eta frogatu ahal izateko.
Ari ginen, bai, AA bera ere harrituko lukeen berbeta kasik zentzuzkoan, eta derrepentean, gutako batek ateraldi kristorena izan zuen. Ez al zuen, ba, justu egun berean estreinatuko zen Mortal Kombat II pelikula aipatu? Era lotsagabean esan ere.
Ari ginen, bai, Iruñeko zentro zibikoan faborerik eskatu ez zigun euskararen mesedetan. Onargarria zen, zilegi eta zuzena, hain absurdoa, hain surrealista, hain auskalo zer den Argi gorriak telesailaren alde egitea, baina superbideojoko batean oinarria duen superekoizpen Hollywodeko batek ba al zuen lekurik Jauregian, Nafarroako (eta beraz, galaxiako) alfabetatze eta euskalduntze mugimenduaren erreferente nagusietakoak izan diren askoren aurrean?
Bai, atrebentzia zen. Baina euskarazko gerlari guztiek onartzeko modukoa. Izan ere, apirilaren 24an (Barbra Streisandek 84 urte bete zituen egunean, alegia) aretoak mukuru bete izan dituen Simon McQuoid zinemagilearen filma estreinatu zen Hegoaldeko aretoetan. Eta ez halako saloi esklusiboetan, baizik eta jendetza (batik bat euria, trumoia, haizea ari badu; batik bat larunbateko emanaldietan) biltzen den saltokigune erraldoietan. Mortal Kombat II! Euskaraz! Mundiala, hi! Ez dun ohiko animazio puska borondate onekoa. Ez duk Txani Rodriguezen eta David Perez Sañudoren Azken erromantikoak esperimentu guapoa. Ez da Jone, batzuetan mirari hura. Ez, Mortal Kombat II dugu eta bikoizketa aktoreek ere flipatu egin dute.
Flipatzeko modukoa baita. Bai bideojokoa, bai ironiaz, erritmoz, borrokaldiz eta filosofia bastante majo batez gainezka egiten duen ondo maneiatu filma ere. Bai, estreinakoz euskarazko emanaldi batera arrimatu ziren gazte-taldeak. Krispetak eta freskagarriak eskuetan, kaputxadun kirol-jertseak eta sneakers-ak jantzita sartu ziren aretoetan. Beraientzat euskaraz izatea ez zen ez akuilu ez aitzakia, ez oztopo ez ezer. Euskaldunak dira eta bideojokoak dituzte maite, beraz, Go!azen zinemara.
Mortal Kombat II erreferente izango da datozen euskaltzale/zainen belaunaldi berrientzat. Pelikula horrekin hasi baita euskara superekoizpenetan sartzen. Normal-normal. Mortal Konmbat II egun berean estreinatu zen planetan. Hizkuntza ia guztietan, ziberpiraten kontrako neurri gogorrak harturik. Sareetan jendea pozik. Yerai Varela bikoizle santurtziarraren lacamaradelosmenesteres instagrameko kontuan sartzea besterik ez duzue estreinaldi horren inpaktua neurtu ahal izateko. Yerai poz-pozean zegoen Liu Kang pertsonaiari jarri baitio ahotsa; hori ohorea hori!
Kondestablearen jauregian ginen gu. Eta Simon McQuoiden filma ez horren urrun, Cordovillako La Morea merkataritza gunean baizik. Euskaldun peto eta puru hainbatek militantziaz ikusiko zutela eman zuten hitza. Ez ziren, inola ere, bideojokoetako superekoizpenetara usatuak; beraz, ikusteko aholkuak eman genizkien. Baita abisua pasa ere: bukaerako kreditu titulu guztiak eta gero ba ohi dago supereszena doakoa, zeinak hurrengo atalaren nondik norakoa iragartzen duen. Hori ere, euskaraz. Militantziak hori dakar, pantaila beltzean agertzen diren izen guztiak irakurri behar gure hizkuntzaren alde. Ez dago gaizki. Euskarak zinemaz jabetzen ere laguntzen gaitu. Ari ginen gaizkile kuadrilla Kondestablearen jauregian...
