Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Musika komertziala

2024ko apirilaren 7a
05:05
Entzun

1980an The Residents talde esperimentalak Commercial Album kaleratu zuen. 40 abesti biltzen zituen diskoak eta minutu bateko iraupena zuen horietako bakoitzak. Barruan zekarren liburuxkak azaltzen zuen kontzeptua:

1) Pop musika bi zatiren errepikapena da, batez ere: errepika eta ahapaldia.
2) Elementu hauek normalean hiru bider entzuten dira hiru minutuko abestian zehar, hala gertatzen da 40 onenen zerrendan agertzen diren horietan.
3) Lastoa kenduz gero, pop abesti batek minutu bat irauten du. Ondorioz, disko batek 40 onenak bildu ditzake bere baitan, hogei diskoaren alde bakoitzeko.
4) Iragarki gehienak ere minutu batekoak izaten dira, beraz, baita haietan entzuten diren abestiak ere.
5) Iragarkietako abestiak Amerikako musika dira (pop abesti bilakatzeko, jar bitez iragarkietako abestiak hiru bider jarraian).

Ideia muturreraino eraman zuten: San Frantziskoko KFRC-AM irratiko 40 iragarki tarte erosi zituzten, abesti bakoitza bertan entzun zedin behin eta berriz. Hala, abesti bakoitza iragarki bilakatu zen, iragarki bakoitza abesti bat.

Saiakera hartatik 42 urtera, 2022an, Steve Lacy musikari estatubatuarraren Bad Habit abestiak arrakasta itzela lortu zuen, baina ez, dirudienez, autoreak nahiko lukeen moduan. TikTok plataforman bogan egon zen kantua eta bertako milaka bideoren soinu banda bilakatu zen tarte batez. Tira, abestia baino, kantuaren bertsio azeleratu bateko 30 segundu. Bere kontzertuetan zaleek tarte hori mugikorrekin harrapatu nahi izaten zuten, letra sutsuki kantatzen zuten, baina jarraian zetorren ahapaldia iristean ez zekiten zer egin: ez zuten ezagutzen. Lacy haserretu egin zen behin baino gehiagotan, emanaldia bertan behera uzteko beste.

Taylor Swift da orain arteko balentriarik handiena egin duena, dena den: 2014an iTunes plataformako kanturik salduena izan zen akats bat tarteko argitaratu zuen zortzi segunduko abesti bat. Zarata zuria besterik ez zen, telebistak katerik sintonizatzen ez duenean entzuten den horren tankerakoa. Huraxe musika komertziala, halakorik bada: efizientea, lastorik gabea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.