Literatur lan baikorrak daude, literatur lan oso baikorrak, eta gero dago Beckett, Godoten esperoan. Lehen lerrotik: «Ez zagok zer eginik». Eta lehen erreplikatik: «Ni ere uste horretara makurtzen ari nauk». Hara hor inoizko literatur lan hasierarik bihotz-altxagarriena. Hortik aurrerakoa ez dirudi asko hobetuko denik: «Esperoan, deus ez da gertatzen»; «Deus ez da gertatzen, inor ez dator, inor ez doa, ikaragarria da»; «Denbora-pasa ederra egokitu zaigu». Pentsatuko duzue (ostera ere etsiz): «Horra beste egun bat alferrik galdua». Baina (hausnarrean hasten da): «Egon pixka batean oraindik, ez zaizue damutuko».
Ea, koka gaitezen. Landa-bide bat, zuhaitz batekin. Ados. Arrastia. Bale. Baina zer landa-bide, nongoa? Eta zer arrasti, noizkoa? Zuhaitza, tira, sahats negartia izan daiteke (zuhaitz mota ezin egokiagoa, testu bihotz-altxagarri batentzat!). Eta ez-leku horretan, ez-garai horretan, bi pertsonaia, Estragon eta Vladimir, Vladimir eta Estragon. Zertan? Bistan da, Godoten esperoan. Gerard Genettek defendatzen zuen literatur lan guztiak esaldi bakarrean labur zitezkeela (Odisea: Ulises etxera itzultzen da; Denbora galduaren bila: idazle bilakatzen da Marcel). Becketten hau izango da laburpenik errazena eskaintzen duen literatur lana: Godoten zain daude Estragon eta Vladimir. Listo.
Gehixeago luza genezake trama, egia da (nahiz trama hitza erabiltzea, kasu honetan, gehiegi ez ote den), eta azal genezake denbora tarte horretan gauzak, gauzatxoak gertatzen zaizkiela, oinetakoak kentzen saiatzen direla, azenarioa nahi baina arbi bat jaten bukatzen dutela, Pozzo eta Lucky etortzen direla (azken hori soka batez lepotik lotuta —izenaren ironia—), are Godot etorriko ez dela iragartzera datorren izenik gabeko mutil bat. Eta bost pertsonaia baditugu ere, zalantzarik gabe, protagonista nagusia dela itxaronaldia. Itxaronaldia, akzio eza, aspermena, bizitza bera. Anjel Lertxundi: «Bizitza deitzen diogu jaiotzetik hiltzerainoko denbora horri: dei diezaiokegu esperoa ere». Liburuaren gaia izan liteke hartara: nola betetzen (engainatzen?) duten pertsonaiok itxaronaldi hori, nola betetzen (engainatzen?) dugun guk guztiok geure itxaronaldia. Giza esperientzia esploratuko luke, modu horretan, eta emaitza ez dago zentzugabekeriatik sobera urruti. Pentsa, beren burua urkatzea ere proposatuko dute itxaronaldia arintzeko.

Heriotza ote da, orduan, Godot? Edo Jainkoa bera, esan izan den bezala, God ingelesetik eratorria? (Konturatu ote dira illuminati horiek obra originalki frantsesez idatzita dagoela? Hain justu hizkuntza gaizkitzeko baztertu zuen ingelesa, eta hartu zuen frantsesa). Ez da izango Godeau izeneko ziklista, autografo asko sinatzen zituelako mundu guztiak itxaron behar zuena? Apasionanteak dira eman nahi izan zaizkion interpretazioak oro, zein baino zein burugabeagoa. Asuntoa dibertigarria denik ezin uka, nolabait pasa behar dugu denbora eta. Eta nor den baino, garrantzitsuagoa balitz jakitea zergatik itxaron behar dioten, bai ala bai, derrigor? Beckettek berak, noski, uko egin zion, irmoki eta koherenteki, azalpenak emateari («Ez daukat ideiarik antzerkiaz, ez daukat ideiarik idatzi dudan antzerki lanaz, idatzi dudanaz besterik; nekien guztia erakutsi dut»).
Martin Amisentzat, Beckett izan zen larriduraren eskolako ordezkari nagusia: «Egun ona bazuen, hemezortzi orduz edo gehiagoz egoten zen hormari begira, oso gaizki sentituz; eta, zorte pixka batekin, hitz gutxi batzuk, inoiz ez, amaiera, ezer ez, ez dago modurik, sortzen zitzaizkion odolez bustitako begien aurrean». Karikatura gisa, ezin uka bikaina dela. Baina ez da hainbesterako, kontrara: Susan Sontagek Balkanetako gerraren erdian jokarazi zuen Godot («Sarajevorako idatzia dirudi, eta Sarajevori buruzkoa»). Indarberri zaitzake, kontsolatu, ez da erabateko tragedia: izatekotan tragikomedia, ez noski pozez jauzi egitekoa, baina alaitik ere baduena, parrimurria aterako dizuna, atsegin samarra, behin eta berriro itzultzeko modukoa. Ez harritu azkenerako Vladimirrekin batera esaten badugu: «Nola igarotzen den denbora ongi pasatzen dugunean!».
Bitxia da: antzerki obra batengatik dugu ezagun, batez ere, Beckett. Baina bada benetako Beckett eleberrigilea dela defendatzen duenik, II. Mundu Gerra ostean argitaratu zuen trilogia, Molloy, Malon meurt, L’innommable, besteren gainetik. Beckettek berak ere bere lanik garrantzitsuenak zirela aitortu zuen, eta Godoten esperoan idatzi zuela «erlaxazio gisa», garai hartan idazten ari zen «prosa ikaragarritik urruntzeko». Antzezlanak, berez, eleberrien pusketak baino ez balira bezala, albo-ohar modukoak. Kontuari buelta emanda, esan dezakegu eleberriak (genero predatzaile, orojale hori) antzerki lan puztu, hanpatuak direla, soberakinez beteak. Bego (enfasiz): Godotekin, Beckettek XX. mendeko antzezlanik handienetako bat idatzi zuen, eta antzerkia egiteko molde berri bat abiarazi. Kito. «Orduan, martxa?». «Goazemak». Ez dira mugitzen.
'Godoten esperoan'
Idazlea:Samuel Beckett.
Generoa: antzerkia.
Euskaratzailea: Juan Garzia Garmendia.
Argitaldaria: Alberdania.
Urtea: 2001.