Zer egingo ote du gizonak gau osoan? Jasoko ditu erakusmahaietako tapakiak? Hartuko du libururen bat, komikiren bat, eta etzango da atseden guneko sofatan luze? Har ditzake diskoak eta saiatu nonbait entzuten; ETBren gune gorriko ordenagailu puntakoenetan ziur posible dela. Ostu ditzake txapak, itsasgarriak, egutegiak edo agendak. Txalapartaren erakusmahaian ardo botilak izan dira, eta sagardoarenak Argia-renean; har dezake bana, eta, bakarrik egonda ere, disimuluan edan. Esan, zer egingo zenukete zuek Landakon gau batez bakarrik utziko bazintuztete?
Ateak ixten direnean, argiak itzali, gero eta hotz handiagoa egiten du azokan. Bada, orain kendu azokan eta jarri, oso-osoan, euskal kulturan.
Gaur itxiko ditu ateak Durangoko53. Azokak. Heldu den abendura arte galduko ditu fokuak, galdu bisitariak. Sortzailerik ez du galduko. Beraz, nork zainduko ditu? Zaintzaz ari garenean, badakigu, bizitza bizigarriago egiteaz ari gara. Sormenaren zaintza nork egiten du? Kultura batena?
Sortzaileak beroa jaso dezake azokan, eta karga ditzake pilak, gogoarenak, afektuarenak. Baina agortu ere, agudo agortu ahal zaizkio gero. Ze, bai, hotza latza egiten du kanpoan, eta sumatzen da azoka egunetan ere. Josu Amezagari entzun genion aurten: «Katarro batek hil dezake euskal kultura».
Gehitxo irudi lezake, baina sintomak asko dira. Aurten jakin ditugun datuak dira hauek: euskarazko kultur lanen kontsumoa ez da heltzen 200.000 lagunera, eta, funtsean, 40.000 dira honi eusten diotenak. Xeheago, bi euskaldunetik bat baino gutxiago joaten da urtean, gutxienez, euskarazko talde baten kontzertu batera; hamar euskaldunetik hiruk baino gutxiagok erosten dute euskarazko diskoren bat urtean; euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute urtean euskarazko liburu bakar bat irakurtzen. Atxus!
Azken bost gauetan Landakon bueltaka aritu den gizona beste norabait bidaliko dute laster. Eta, atxus!, nor ariko da euskal kulturaren pasilloetan zaindari bihartik aurrera?