Cannesko zinema gune kasik estralurtarra da Cineum izenekoa, La Bocca auzoan kokatua. Grand Auditorium Lumiereren pareko geralekuan Palm Bus A edo 1 hartuz gero, segituan iritsiko zarete bertara. Alta, gomendio bat emango dizuet. Dohainik. Debalde. Joan zaitezte denboraz, eta jaitsi merkatuan, The New Dany edo 106 tabernetan Proventzako ardo gorri merke eta gozo bat dastatzeko. Eskatu jelarekin, arren. Bizitza ugari ezagutu dituzten bi emakumek gobernatzen dituzte aipatu bi taberna horiek...
Cineum aerodromo historiko baten ondoan aurkituko duzue geroxeago, urrutiago. Hala izanik, zinema guneko ataritik edo terrazatik askotan ikusi ahalko duzue joandako garaietako helikopterorik edo abionetarik lurra hartzen.
Gasolindegi eta aireportu aspaldikoen inguruetan izanik, ez da harritzekoa maiz, sarri, zeluloidezko OHErik ere antzematea pantailetan. OHErik? Bai! Objektu hegalari ezezagunik. Ingelesez UFO (unidentified flying object) esango genuke. Edo OVNI gaztelaniaz (objeto volador no identificado) eta frantsesez (objet volant no identifié).
Horrelako zeluloidezko piezak ikusteak ez zaitu, baina, ustekabean hartu behar. Zauden lekuan zaude, ez ahaztu; arkitektura aldetik ere espaziontzi itxura duen paraje batean. Milaka film biltzen dituen zinemaldi jigante baten aurrean belauniko. Ez pentsa denak serio jotzen duela bertan. Izan ere, hango aukeratzaileei izugarri gustatzen zaie ikusleak atxilo eta sorpresaz harrapatzea, auskalo nondik etorritako zeluloide meteoritoak agerian jarriz, utziz.
Gasolindegi eta aireportu aspaldikoen inguruetan izanik, ez da harritzekoa maiz, sarri, zeluloidezko OHErik ere antzematea pantailetan. OHErik? Bai! Objektu hegalari ezezagunik.
Adibiderik nahi? Konstantina Kotzamaniren Titanic Ocean. Turkiarekin muga egiten duen Greziako herrixka batean jaiotako Konstantinak Farmazia eta Zinema ikasi zituen. Bidaiatzeari ekin zion gero. Locarnon eta Berlinen estreinatu zituen beti aberritik oso lur urrutikoetan filmaturiko laburrak. Behin batean, Argentinan zegoela, periodikoan zera irakurri zuen: Japonian (eta Txinan, eta Taiwanen, eta planetako beste leku fantasiazko batzuetan...) itsaslaminen eskolak existitzen dira. Bai, benetan. Itsaslaminak izaten irakasten zaie bertan neskei.
Itsaslaminak idatzi dut. Bai. Beren kantuekin Ulisesen eskifaia zoratzen saiatu ziren urpeko kreatura horiek. Christian Andersenek horietako baten istorio tragikoa kontatu zuen, gero Walt Disneyk azukrez, karramarroz eta musikaz bigunduko zuena. Antonie Dvorakek ere horren inguruko opera eder-tristea konposatu zuen... Rusalka!
Sinets nazazue, otoi, munduko akuario markaz kanpokoetan itsaslaminak daude ur-tankeetan igerian, dantzan, bisitariak sorgindu nahian. Eta lan horretan aritzeko izugarriak dira probak. Sekulakoak. Kasik gaindiezinak. Eskola berezi-berezietan prestatzen dira. Zorrotz, krudel prestatu ere. Gutxi dira deituak, eta are gutxiago aukeratuak. Gero, hoberenen arteko txapelketa izango da. Mundukoa. Irabazleek planetako museo ozeanografikoetan jardungo dute. Betiereko, zeren nork utziko lioke, nahita, itsaslamina izateari?
Konstantinak Japonia aldera jo zuen pelikula egitera. Dakigun bezala (hobeto esanda, beti amets egin dugun moduan...), beste inon gertatuko ez liratekeen gauzak errealitatera baitatoz hantxe.
Turkiako mugan jaiotako neska greziarrak Argentinan jaso zuen itsaslaminen berri gaurkoa, eta eguzkia sortzen den lurrera jo zuen japonieraz mintzatua den pelikula egitera, zeinak Kataluniako zinema enpresa pare baten sostengua ere izan baitzuen. Ez harritu, arren, Titanic Ocean Grezia, Alemania, Errumania, Espainia, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Zipre eta AEBen arteko ekoizpen kasik ezinezkoa da, Un Certain Regard sailean lur (edo pantaila, edo ur) hartu zuen OHEa. OHE aparta. Bai irudiz, bai kolorez, bai musikaz, bai atrebentziaz, bai distiraz, bai tristuraz, bai alegrantziaz, bai mitologia aldetik, bai eguneroko bizitzari dagokionez.
Titanic Ocean, Itsas Alpeetako kostaldean, aerodromo zahar baten ondoan begiztatu genituen OHE, UFO, OVNI horietako bat. Begiztatze ia guztiak bezala, ezinezkoa zirudien. Baina ez, ardo gorri proventzala kopan genuela, egiazkoa zela baieztatu genuen. Eta kopa altxatu, Konstantinaren alde. Cannesko La Boccan, bai. Aerodromo ondoan. Espaziontzi barruan.
