Ismael Manterola
Begiz

Oiloak Zabalagan

2025eko urriaren 28a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eduardo Txillidari 1984. urtean Zabalaga baserria erosi zuenean ez zitzaion burutik pasatuko berriz ere oilategia ikusiko zuenik toki hartan. Hala ere, eskultorearen semeak Cosmopolitan Chicken Project erakusketaren aurkezpenean esan zuen moduan, Zabalaga baserriaren historian oiloak pertsonak baino ohikoagoak izango ziren.

Harrigarria da Txillida Lekura iristean oiloaren atzapar erraldoi bat ikustea Txillidaren eskultura baten aldamenean. Kontraste latza da pop artearekin harremana duen kitsch itxurako eskultura hori seriotasun handia duen eta ia espazioa sakralizatzeko ahalmena duen eskulturaren ondoan ikustea. Hasierako harridura egoeratik bueltatu ondoren, barregura ere eragiten du hain txukun eta ia ukiezin ezagutu dugun Txillida Lekuko espazioan horrelako elementu arrotzarekin topo egiteak. Hain zuzen, Txillidaren eskulturatik oso urruti dago Koen Vanmechelen artista flamenkoaren lana, baina horrek museoko programatzailearen ausardiari buruz hitz egiten du. Zergatik ez sartu oiloak aitaren etxean? Zergatik ez frogatu nola bizi daitezkeen elkarrekin hain tradizio artistiko ezberdina duten bi artelan?

Proiektuaren atal guztien artean, niri gehien gustatu zaidana baserriari atxiki zaion oilategia izan da. Hasieran aipatu dudan bezala, artistaren semearekin ados nago, nik ere uste dudalako baserri batean ez dela batere harritzekoa oilategia egotea, eta, horregatik, ez zitzaidan hain arraroa iruditu, nahiz eta Zabalagak aspaldi utzi zion baserri izateari museo bihurtzeko eta, are gehiago, Txillidaren beste artelan bat izateko, arkitektoen laguntzarekin. Oraingo honetan ere, erakusketaren komisarioak izan diren arkitektoek asmatu dute baserria eta artista belgikarraren proiektua uztartzen. Zabalagara kanpoko oilategia zeharkatu ondoren beti itxita egon den ate estutik sartzea iruditzen zait erakusketaren gauzarik interesgarriena, kontuan izanda eraikuntzara iristeko zelaiko moztu gabeko belar arteko bidezidor estu bat zeharkatu behar dela. Horren bidez, ikuslearen esperientzia baserriko jatorrira bueltatu nahi dute, ohikoak diren erabakitako asfaltozko edo harrizko bideak alde batera lagata.

Beraz, belar artean eta oilo artean iritsiko gara baserriaren barnealdera, eta, bertan, Txillidaren eta Koen Vanmechelenen lanak elkarrekin topatuko ditugu. Elkarrekin, baina nahastu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.