Hiria erakutsi (edo saldu) behar dugu, hemendik egun batzuetara 2016ko Europako kultur hiriburua izenda dezaten. Beraz, «badator epaimahaikidea» zoramena edo sindromea zabaldu zen asteartean Donostia urdin txit lasaian.
Komunikabideek zabaldutako berrien arabera, Donostiako udaletxean, harrera egiteko udalbatzaz eta ulertzekoak diren erakunde autonomikoz eta foralez gainera, Kutxako, Adegiko, Realeko eta Euskalteleko ordezkariak omen zeuden. Kultur ordezkaritza?
Bestalde, epaimahaiko kideak Bilduko zinegotzi izango direnekin ere bildu omen ziren, eta hautagaitzarekin ados zeudela esan omen zieten. Azken hori ez dut oso ondo ulertzen, Odon Elorzaren hiri proiektuaren alternatiba izateko aukeratu zituztela uste baikenuen batzuek behintzat.
Epaimahaiko lau kideak Bildurekin bildu omen ziren; baina, Bildukoek ba al dakite zeinekin bildu ziren?
Kuriositatez, Donostian izan ziren lau epaimahaiko kideen profila aztertzen ibili naiz, kulturarekin duten lotura zein den jakiteko. Esan behar da Espainiako Estatuak hautagaitza bakarra aurkeztu behar duela, eta, horretarako, Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroa den Trinidad Jimenezek kideak izendatu ditu lan horretan Europako epaimahaiko kideei laguntzeko. Horien artean daude Donostiara etorri ziren Emilio Cassinello eta Jordi Pascual Ruiz. Lehenbizikoak, Sevillako 92ko Expo famatuaren zuzendari orokorra izateaz gainera, gobernuarentzat enbaxadore lanak egin ditu, eta Espainiako kanpo negozioen zuzendari ere izan da Etiopian eta Tanzanian; gaur egun PSOEri lotuta dagoen Centro Internacional de Toledo para la Paz izeneko erakundearen presidentea da.
Jordi Pascual Ruizek Bartzelonako Udaleko Kultur Institutuan lan egiten du, PSOEk kontrolatzen duen erakundea hori ere; batez ere hiri eta gobernu lokaletako kultur komisioan. Beste kultur hiribururako lehiaketa batzuetan ere epaimahaikide izan da.
Europako Kontseiluak izendatu dituenen artean dago Manfred Gaulhofer epaimahaiburua. Graz 2003an Europako hiriburua izan zenean, bera taldeko finantza burua zen. Oso lanpostu egokia Austriako enpresa handi baten jabea denarentzat. Kulturarekin duen harremana estua da, batez ere enpresariak eta kultura nola elkartzen diren ondo dakielako.
Azkenik, Europako Parlamentuak izendatutako Danuta Glodys dago. Europako Kultur Fundazio Nazionaleko burua da, baina ez dakit oso ondo erakunde horren lana zein den. Ofizialki kultur aholkulari dela esaten da, nahiz eta hori zer den ez dagoen oso argi.
Nik, oraindik, Donostia kultur hiriburua izendatzeak bertako idazleei, artista plastikoei, musikariei, dantzariei, pentsalariei, zinemagileei, arkitektoei, jende arruntari zer ekarriko dien jakin gabe jarraitzen dut.
Artea. Begiz
Ongi etorri, Mr. Epaimahaikide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu