begona del teso
Eppur si muove

Ordezkatuko? Ez gaituzte/Ez ditugu!

2026ko ekainaren 19a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pioneras: Solo querían jugar filmak (Aitzindariak: Jokatu baino ez zuten nahi, alegia) 70eko hamarkada ilun, latz, idor, anker, itsusi hartan Espainian futbolean aritzen ziren neska aurrendarien historia kontatzen du, Espainiako lehenbiziko selekzio emakumezkoena osatu (nahi izan) zuten heroi horiek guztiek jasotako irainak, bizitako une arriskutsuak, partekaturiko ilusioak, konpartitutako bihotzen urradurak pantailaratuz, askoren lotsarako pantailaratu ere. Hala ere, beste afizionatu makina baten alegrantziarako, gola sartzerakoan, baloia gelditzerakoan edo driblin laburra egiterakoan sentitzen den azaldu ezinezko sentsazio hori, sarri bizitza baino handiagoa den hori ere pantailan agertzen da, sumatzen da, bizitzen da Marta Diaz de Lope Diazek taxutu duen zeluloide puska apart honetan.

1971n sortu zen Frantziako Selekzioa, urte pila pasatu eta gero. 1933an bertako federazioak ezarri zuen debeku zorrotza, hamarkadetan zehar indarrean iraungo zuena. Portugalen, berriz, Krabelinen Iraultza eta askoz beranduago sortu zuten, 1981ean izan ere. Gizonezkoenak, berriz, 1921ean jokatu zuen bere nazioarteko lehia lehena.

Madrilgo eremu lokaztu eta tristeetan jokatzen zuten. Kasik ezkutuan, amek, aitek, anaiek, nobioek ikusiz, enteratuz gero, zelako iskanbila, zelako errietak, zelako zigorrak. Hala ere, izan baziren gizonezko ameslari/begitaziodun pare bat, kosta ahala kosta talde bat osatzera ausartu zirenak. Baita partida pare bat antolatzera ere. Batean, ezpainetan hitz zikinak (puta, marimutil, zoaz platerak garbitzera, bueltatu sukaldera!) zituzten horiek ahoa bete hortz eta eztarrian berbarik ez zutela geratu ziren, hain baitzen txukuna jokatzen zuten futbola. Bestea, ostikoz eta ukabilez bukatu zuten (honetan ere, neskak txapeldun suertatuz).

Neska braboek, ameslari bi horiek eta neska baten aitak aurrera egitea erabaki zuten, oztopoak oztopo. Lagun izan zituzten egun emakumezkoen selekzioaren defendatzaile sutsu gisa agertzen badira ere garai hartan matxista eta atzerakoi markakoak ziren kirol egunkarietan lan egiten zuten emakume kazetari bi. Esan beharrik ez dago, bide-urratzaile bi horiek izengoitiak erabili behar zituzten futbol kronikak sinatzerakoan, irakurleek gizonak zirela pentsa zezaten.

Adostu zuten neskek, ameslari pare horiek eta emakume kazetariek Espainiako selekzioa osatu behar zutela. Eta osatu zuten. Portugalgo neska batzuekin hizketan eta zor handitan zegoenez dirua bai ala bai behar zuen estadio baten jabeari diru kopuru polita eskainiz, lortu zuten nazioarteko lehenbiziko partida antolatzea. Fatxa, matxista, falangista, frankista samalda batek egin zion harrera nesken autobusari, baina hara non agertu ziren nesken senide hamaika, unibertsitateko kide zenbait eta ultra muturreko horiek kikildu... Ezina gainditua zegoela zirudien. Ez! Futbolariak aldagelan zeudela, Espainiako Federazioaren mezu bat iritsi zitzaien: selekzio hori ez zuten onartzen futbol agintariek. Beraz, ezin zuten Espainiako armarria erakutsi elastikoetan. Ez ziren ez selekzioa, ez herrialdearen ordezkariak. Okerragorik bazegoen, ez ziren inongo, inolaz ere... futbolariak.

Desesperoa, etsipena… Eta hortxe pelikula bikain honen momenturik berealdikoenetakoa: aurrelari izugarria zen Conchi Amancio zutik jartzen da, eta «ba ez badugu herrialde honetako futbola ordezkatzen, armarria kenduko dugu». Eta kito. Banan-banan, neska denek indarrez eta amorruz kentzen dute kamiseta merkeetan trakets jositako armarri ziztrin hori. Lurrean barreiaturik geratzen da federazioko urguilua. Are gehiago, zelaira ateratzeko presaz, bultzaz, animoz (errabiaz ere), neskek armarriak zapaltzen dituzte.

Partida hura hiruna berdindu zuten Penintsulako neska bikainek. Bitartean, gurean...

1971. urte bereko maiatzean, non eta Eibarren, neska hainbatek Gobernu Zibilak debekaturiko partida jokatu zuten, Ermuko konbinatu baten kontra. Ez zuten ezta epailerik ere. Baina jokatu egin zuten. Non eta Ipuruan, gizonezko zale beldurbako zenbaiten konplizitateaz.

2024an, hurrengo urtean UEFAko Europa ligako finala San Mamesen jokatu behar zela aprobetxatuz, futbolaz fin-fin aritzen den Libero aldizkariak Youtuben erraz asko aurkituko duzuen Pioneras izenburuko dokumental oparo eta motz-motza plazaratu zuen. Ikus ezazue, eta ikasi hamaikako bi horien izen batzuk: Vega Solas, Marisol Lahidalga, Marivi Ocamica, Elena Perez, Elisabeth Aldalur, Judith Santos, Timo Treviño, Josune Sarasketa, Mertxe Baglietto, Marisa Gorrotxategi, Amelia Pintado, Almudena Urizar, Conchi Alonso...

Bitartean, gurean... non eta Bizkaiko Sondikan, Aita Pachik (Francisco Canterok, hots) entrenatuak, beste hainbat neska ibiltzen ziren hala moduzko zelai-basatzetan. Hamarkada berean. Maioana de Sondica/ Txorierriko Neskak hartu zuten izena. Euren lehen partida Zamudioko beste hainbat heroiren kontra izan zen. Bi eta huts irabazi zuten. Hamabi urte pasatu behar izan zuten Txorierrikoek federatu ahal izateko. Izenik nahi? Ana Astobieta, esaterako; entrenatzaile titulua lortu zuen Bizkaiko emakume lehena.

Orain bai, orain egin dezagun oihu, ordezkatzen gaituzte, ordezkatzen ditugu! 11.000 emakume daude federatuak Euskadin. 2.300 Nafarroan, 1.600 Iparraldean. Nik uste oker dagoela Marta Diaz de Lope Diazen film sekulakoari jarri zioten azpititulua: Solo querían jugar (Jokatu baino ez zuten nahi). Hasieran beharbada bai; konturatu ziren gero beste mila desira, borroka, helburu zituztela.

 Gora bide-erakusle horiek. Biba oraingo ondorengo guztiak!

'Pioneras' filmeko irudi bat.
Pioneras. Solo querían jugar filmeko irudi bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE