Oxford English Dictionary txit goren eta estimatuak 2024an urteko hitzik garrantzitsuena izendatu bazuen ere, ez da oraindik agertzen gure hiztegi eta lexiko eleaniztunetan.
Lastima; askotan gure ondotik pasatzen da mundua, pasatzen dira joerak, pasatzen dira hitzak. Pasatzen dira hainbat soinu, irudi, gertaera. Kontu horiek guztiak ulertzen saiatzeko ezinbestekoak zaizkigun berbak ere sortzen dira Unibertsoko izkinetan. Baina gure liburukote akademikoak ez dira enteratzen… Lastima.
Ez du erremediorik. Axola ere ez; geuk gordeko ditugu berripaper honetan. Hona hemen gaurtik aurrera buruz ikasi eta suelto, aise erabili beharreko hitza: brainrot. Hala moduzko itzulpen batean, zera esan nahi du: buru-ustelkeria, burmuineko usteldura. Ez hartu, arren, zentzurik apokaliptikoenean. Izan ere, neurona ustel horiek izugarrizko izaki/figura/kreatura xelebre, bitxi, pareko gabeak sortu dituzte sare sozial guztietan. Izan ere, gure meningetako usteldura horiek hizkera berezia osatu dute.
Jakina asko, gure lexiko idorrek ez dute horren berririk jaso. Zuenak dira, beraz, sareetan zehar, barnean, gora eta behera surfean ibiltzeko obligazioa eta plazera. Hor aurkituko dituzue, esaterako, Tralalero Tralala, Bombardiro Crocodilo, Capu Capu Cappuccino Assassino eta Chimpanzini Bananini izeneko mistifikazioak. Gehiago badira, Trippi Troppi, LirilíLiralá…!!!!????
Zer dira? Ba… katu aurpegia duen izkira, banana batean bizi den txinpantzea, burua izan ordez lepo gainean katilu bat duen hiltzailea. Ez du horrek ez hankarik ez besorik, labanak baizik. Nike zapatilak janzten dituen marrazoa ere bada. Bai, badakit, mazarroek ez dute hankarik. Tralalerok ere ez, uso batenak jarri dizkio buruko zati bat polit usteldua duen bere sortzaileak…
Nork sortu ditu txingote zoragarri horiek? Jendeak. Antza, Nobel saria sekula irabaziko ez duten neuro-petrikilo anitzen ustez, deskantsurik hartu gabe sare eta plataformetan orduak, egunak, asteak, hilabeteak, urteak emateak dakarren buru-ustelkeria horrek izugarrizko ahalmen, abilezia, trebezia eragiten du… sorkuntzarako.
Zalantzarik gabe berandu baino lehen Nobel saria irabaziko duten zientzialari serioek malapartatutzat jotzen dute —nola ez?— abilidade hori. Egiari zor, planetako hainbat ikastetxetan, brainrot-ek eraginiko lengoaia, hizkera debekatu egin dute. Denok dakigu zergatik: irakasleek ez dute ulertzen, eta beldur dira; eta TikTokrizzparty, skibidi bucle my shoe bezalako mordoilo propioak erabiltzen uzten badiegu, ez ote dira ikasleak gure kontroletik eskapatuko?
Egiari zor, planetako hainbat ikastetxetan, 'brainrot'-ek eraginiko lengoaia, hizkera debekatu egin dute. Denok dakigu zergatik: irakasleek ez dute ulertzen, eta beldur dira
Gure orotariko hiztegiek ez dute, ez, brainrot hitzaren berri ematen euskaraz. Lastima. Nik uste, Kane Parsonsen Backrooms film markaz fuerakoa gure egiteko, burmuineko ustelkeria zertan datzan jakitea lagungarria, lagungarri oso suertatuko litzaigukeela.
20 urte baino ez duen Kaneren Backrooms honek hankaz gora jarri du beldurrezko/terrorezko/horrorezko zinema gaur egungoa.
Seguru ikusteko grina piztu zaizuela. Pozten naiz, baina abisu noraezekoa pasatu behar dizuet, filmean sartu ahal izateko backrooms zer diren jakin beharko zenukete.
Ez, sentitzen dut, ez da atzealdea soil-soilik. Inolaz ere. Errealitate birtual areagotuan aise ibiltzen diren ikarazaleek asmaturiko adiera duzue. Noiz erabiltzen da? Paisaia edo leku batean ez-gustura, deseroso, nerbioso, sentitzen zarenean.
Backrooms-ek transmititzen duen gaitza harrapatu duzuela pentsatzen duzue? Ba ez, ez da nahikoa. No clip esamoldearen zentzua ere menderatzea derrigorrezkoa zaizue. Eta horretarako, bideojokoetako jokalari muturrekoa izan behar; No clip-ek zera nahi du adierazi: akats teknikoa gertatuz gero, mundu honetako errealitatetik desagertuko zara eta backrooms horietan galdu… Hor, beisboleko bate batez armaturik, Tung Tung Tung Sahur brainrot lehenbizikoa, alegia, AAk sortua, izango dugu zain. Adi!
Inoiz Brainrot, Backrooms, No clip gure euskal hiztegietan agertuko direlako esperantzaz, ez adiorik…
