ANALISIA

Oscarren jauna

Iñaki Lazkano.
2004ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ezusterik ez. Peter Jacksonen gaua izan da. Gau zozoa, zinez. Aspergarria erabat. Oscarren Jauna bihurtu zaigu Eraztunen Jauna. Hamaika estatuatxo bereganatu baititu The Return of the King filmak. Ben-Hur eta Titanic mitikoek adina. Filma bera baino areago, baina, zinemagile zeelandarraren trilogia aparta saritu nahi izan du Akademiak. Eraztunaren Jauna-ren trilogiak hilezkor egin du Peter Jackson dagoeneko. Guk, ordea, Heavenly Creatures perlatxo ilunarengatik gogorako dugu, bereziki. Oscarra irabazi ez zuen pelikula fin harexengatik, hain zuzen ere.

Oso tradizionala da oraindik ere Hollywoodeko Zinema Akademia. Maisulanak mespretxatzearen ohitura errepikatu baitu berriz ere. Mystic River zirraragarriari egokitu zaio txanda aurten. Clint Eastwoodek gehiago merezi zuen. Zuzendari onenaren estatuatxoa, apika. Edo, gidoi onenarena, akaso. Unforgiven apartarekin hitz jokoak egiten jarrita, «barkaezina» izan dela oihu egin behar dugu. Zorionez, Sofia Coppolak jatorrizko gidoi onenaren estatuatxoa erdietsi du. Pozten gara. Ez Francis Ford bezainbeste. Baina, tira!Suspentserik ez. Alfred Hitchcock zaharra triste legoke, zinez. Sean Penn eta Charlize Theron aktoreek bereganatu dituzte aktore onenen Oscar sariak. Iragarrita zegoen bezalaxe. Sean Penn matxinoak ondo merezita, gainera. Mystic River maisulanean ez ezik, 21 Grams bikainean ere oso fin ibili baita. Charlize Theronek Monster telefilm merkean interpretazio ikusgarria egiten duenik ere ezin ukatu. Dena dela, Naomi Watts australiarrak 21 Grams gordinean egiten duen lana da gehien gustatu zaiguna. Baina, jakina, Naomik ez ditu bekainak moztu, ezta mitxelinik irabazi. Bigarren mailako aktoreen sariak aztertuz gero, Tim Robbins-i Oscarra eman izana txalo beroz hartu behar dugu. Renee Zellweger-ena espero genuen. Bere interpretazioak, ostera, Cold Mountain-ek bezain hotz utzi gintuen. Izozturik.Ingelesez besteko film onenaren Oscarra, aldiz, ondo emanda dago. Ez kanadarra ezta frantziarra ere ez den filmak saria merezi zuen-eta. Arcanden harribitxiak erromantizismoa, drama nahiz ironia iluna ere sotiltasun handiz uztartzen baititu. Zeremoniak, ordea, ez du Oscarrik merezi. Inoiz baino nekagarriagoa izan baita. Zentsurak, gainera, are eta aspergarriagoa bilakatu du. Suspentsea amaitu da. Ez da bular iheskorrik gehiago ikusiko. Ezta Bush popatik hartzera bidaliko duen diskurtsorik entzungo. Aitortu nahi ez duten arren, muntaia onenaren Oscarra Akademiako errealizadoreek eraman dute. Ezkutuan. Urteko muntaiarik onena Del Olmorena izan bada ere. Baina aurten epailea ez zegoen izendatuen artean. Lastima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.