Lorea Agirre.
Jakineko zuzendaria

Pentsamendu bat herriari

2025eko uztailaren 2a
21:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Pentsamendu bat eman digu Joxe Azurmendik, pentsamendu bat herriari, kulturari, hizkuntzari, gizatasunari. Pentsalari erraldoi bat izan da. Ezinbesteko pentsalari bat. Koloso bat. Jakintza ur-jauzi bat. Eskergaitza. Maisu bat.

Gure herriaren eta gure gaineko auzi, kezka eta elkarrizketa asko eta asko ireki, probokatu eta garatu ditu. Lokatzetan sartu da. Elkarrizketara behartu gaitu, hizketan jarri gaitu munduarekin, bidea irekita utzi digu bere alde edo kontra egiteko —ni bezala pentsatzeko nahikoa naiz ni, esan ohi zuen—, hau da, herrigintzan pentsatzen jarraitzeko.

Etikaz, gizabereaz eta gizatasunaz, nazioaz, pentsamendu sozialaz, kooperatibismoaz, hizkuntza eta pentsamenduaz, kulturgintzaz, arteaz, literaturaz, erlijioaz, politikaz, bakegintzaz. Zeren gainean ez du Azurmendik pentsatu. Eta idatzi. Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaiaren seme izatearen kontzientzia akuilu. Gizatasunaren pentsalari bat da Azurmendi —ezinbestean—. Gizatasunaren auziak bere kondizio propioetatik pentsatu ditu, hau da, nazio eta hizkuntza ukatuaren baldintzapetik —nola pentsatzen da bestela—. Euskal pentsamendu bat ekarri du, lur bat eman pentsamenduari, pentsamendu bat eman herriari eta euskaldun izatea gizaki izateko modu bat dela azpimarratu —zer bestela—.

«Euskararen hautua herri desegin bat berregiteko hautua da», idatzita utzi digu, eta esaldi horretan esaten du dena. Iragana ezagutu eta izendatu, oraina eraiki, etorkizun bat irabazteko. Sakonean ze Euskal Herri nahi dugun galdetzen digu. Zergatik eta zertarako ari garen euskaldun izaten. Eta horregatik gaude orain hemen, nola bestela.

Autodefentsarako pentsamendu bat da Azurmendirena, injustiziaren kontrakoa, menderakuntzaren aurkakoa. Euskal Herriaren defentsa pentsamendu bat. Eta euskal pentsamendua badela frogatu —nola ez, bada—, gure obligazioa delako mundua gure esperientzietatik pentsatzea, gaztigatu digu.

Pentsalari engaiatua delako da pentsalari irekia —nola bestela—, integratzailea, beste auzi eta borroka emantzipatzaileei irekia —izan ere—. Eta pentsalari kokatua, sustraitua delako da unibertsala —nola bestela—. Pentsalari erlatibista, dogmatismoaren kontrakoa —nola izan pentsalari bestela—.

Azurmendi irakurri eta beti pizten dizu argi bat, eta, sarri, nola bestela pentsatzen duzu, jakina, ez zenekiena jakinarazten dizu aurretik jakin izan bazenu bezala. Jakineko kidea, 18 urte zituenetik herenegun arte. Jakin izan da haren etxea, hala esaten zuen, eta taldetasuna bere eskola, beti besteekin pentsatzen dela, ez dagoela gizon bakar handiaren pentsamendu jenialik —akabo ba—. Guretzat maisu bat, guraso bat, aterpe bat, adiskide bat, pertsona maitagarri eta miresgarri bat izan da, umorekoa eta serioa, ironikoa eta justua, lore eta laban. Zer zorte gure herriak. Ze mauka bere obra osoa irakurri ahal izatea, berrirakurtzea, pentsatzea eta elkarrizketan jarraitzea, ordaindu ezinezko oparia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.