Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

'Pretty Woman' zaleak

2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren egitarau oparoa gainbegiratu ondoren, siestaren mehatxuari ihes egin eta nire ipurdia sofatik askatzea erabaki dut. Baina, bat-batean, klasiko bat agertzen da nire telebistan. Pretty Woman da. 20 urte betetzen dituela-eta, hogeigarren emanaldia izango da. Nire ipurdiak sofan itsatsita geratzea erabaki du.

Nire barrenak egonezinaz dabiltza; borroka sozialen dokumentala ikusi beharrean, Hollywoodeko lokatz txotxoloan bilduko naiz. Baina, ondo begiratuta, filmak klaseen arteko gorabeherak ditu oinarrian: neska prostituta da, eta mutilaren curriculumak Rodrigo Ratorena dirudi, prostituta zaletasuna barne.

Harrituta gelditu naiz filmaren perfekzio ikaragarriarekin. Maisulan osoa da. Urtero estreinatzen dira ganorazko komedia erromantikoak, baina Pretty Woman azken klasikoa dela baieztatzeko prest nago. Ez naiz gehiegi esaten ari Breakfast at Tiffany's filmaren maila berean dagoela baieztatzen badut; diferentzia bakarra da Audrey Hepburni inork ez diola prostituta deitzen, ez dutela ahoskatzen. Egia da filmaren egitura disneyarra kritikatu dezakegula, baina egia da, era berean, Hawks edo Cukorren aingerukeri handiekin, adibidez, amore-emaile izatera ohituta gaudela.

Jaten duguna bagara, kontsumitzen dugun kultura izan gaitezke. Ala ez. Gizarte-zinema gure mekanismoak hobeto ulertzeko baliagarria izan daiteke. Baina zinema sozialeko zinemaldi batera muturra hurbiltzeak ez gaitu pertsona hobe bihurtzen. Hipokrita hutsak izango ginateke hori sinestuta, bertako edukiak urtean zehar eskuragarri ditugulako.

Baleztaren nerabe hiltzaileari The Walking Dead telesaila gustatzen zaiola prentsa sentsazionalistarentzat baliagarria den alferrikako datua da soilik. Posible da aukeratutako ikus-entzunezkoek gugan ikusmolde konkretuak barneratzen laguntzea nolabait, baina ez gaituzte definitzen, nahiz eta etengabean errepikatzen diren diskurtso txiki hauetan proiektatzen ditugun gure nahi xumeak. Bestela, Pretty Woman-ek audimetroak berriz sutan jartzeak denok luxuzko prostituta eta prostituta zale elegante izan nahi dugula dio?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.