Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.Â
Ez okertu: Guggenheim ez da inguruko museorik maitatuena, garestiena baizik. 18 euroko sarrera du, turismoaz elikatuko ez balitz mantentzen ezinezkoa litzatekeen prezioa. Izan ere, turismoak Prezioekiko Neurritasun Galeraren Sindromea martxan jartzen du (ez bilatu AAn, oraintxe asmatu dut), alegia, bere hirian museo batengatik bost euro ordaintzeko prest ez dagoen euskal lagunak bi aldiz pentsatu gabe ordaintzen dituela Louvrera sartzeko eskatzen dituzten 22ak, 44 bikotekidearekin badoa (umeak eta ikasleak, zorionez, doan sartzen dira). Izan ere, behin Parisen, ez zara Louvre ikusi gabe geratuko, ezta? Aldiz, ez da ezer gertatzen arabarra izanik Artium sekula bisitatu ez baduzu. Bada, kanpotik Guggenheimera datozen turisten buruan sindrome berberak eragiten du.
Guggenheimek, gainera, ez du astean doako egun bat eskaintzen, beste museo askok bezala. Hori horrela, ez da harritzekoa artea maite duten lagunek Museoen Egunak eskaintzen duen aukera baliatzea, eta beste edozein egunetan joatea doan diren Bilboko areto eta museo ugarietara (Rekalde, Azkuna zentroa, Uribitarte 40 edo, obretan dagoen bitartean, Arte Ederren Museoa). Ondorioa: Guggenheim garestiegia da.
Ondorio zuzena al da hori, ordea? Zeren aldean dira museoak garestiegiak? Asteburu berean egin den Bad Gyalen kontzerturako sarrerek 44,50 eta 89 euro artean balio zuten; Fitorenak, 50 euro; Athleticek Celtaren kontrako partidarenak, 30. Disneyland Parisko sarrerak 111 eta 130 euro artean balio du, eta, hor bai, umeek ederki ordaintzen dute. Eta Munduko Futbol Txapelketan Qatarren eta Suitzaren arteko lehia ikustera doazenek 140 eta 265 dolar artean ordainduko dute. Pentsa finalaren prezioak.
Nahita ari naiz adibideotan kultura eta entretenimendua nahasten. Izan ere, jende askorentzat bien arteko aldea zenbat ordaintzeko prest dagoen da: asko aisiagatik, gutxi kulturagatik. Bad Gyal ikusteko 89 euro gastatzen dituen batek agian ez ditu herriko talde bat entzuteko hamar ordainduko. Ildo berean, pozten nau Bilbon doako museo eta areto ugari egoteak, kultura eskuragarria izan behar dela uste dudalako, baina larritzen nau jende askok 40 euro lasai ordaintzeak afari normaltxo batengatik, eta ez 18 Guggenheim bisitatzeagatik. Beldur naiz museoen sarrerak ordaintzean muturra okertzen duten askorentzat arazoa ez dela kultura ez dela denengana iristeko moduan jartzen, baizik eta haien ustez kulturak ez duela baliorik.