«Ene aberria, hain ederra eta galdua
oroitzapenak, hain maiteak eta zorigaiztokoak»
Aste Santuko oporretan Mireio Frederic Mistralen maisulana irakurtzeko zortea izan dut. Are gehiago, udaberriko egun zoragarriotan, haize eta eguzki leunpean, enaren etorrerarekin batera, kardantxiloen kantaldi alaiak lagunduta, Mireio irakurtzeko zortea izan dut. Ez hori bakarrik: gainera, txolarre baten moduan, Mireio-ren hiru bertsioen artean saltotxoka ibili naiz: irakurri dut okzitanieraz, frantsesez eta euskaraz -—Orixek egindakoa—.
Mireio Frederic Mistralek bere herriari eskainitako poema epiko-herrikoia da, garai hartan Europako herri guztiek, gutxi-asko, egin ohi zuten gisan. Arrakasta izan zuen, eta horregatik Nobel saria irabazi zuen. Udaberri garaian kokatutako istorioa da, XIX. mende erdialdeko Proventza batean, non herriko jendeak, oraindik, okzitanieraz egiten zuen. Istorioak, berez, amodio-istorio tragikoa behar zuen, kostunbrista, tradizionala, eta abar; halakoren bat espero nuen, baina ez da hala izan, edo ez hori bakarrik. Irakurri dudanean, topo egin dut herri baten iruditeria osoaren barne-muinetara egindako aparteko bidaia batekin.
Zorabiagarria izan da naturaren presentzia, nola menderatzen duten landarediari eta aberediari loturiko hiztegia, eta, noski, gero gure Orixek, inolako beldurrik gabe, bere testuan Okzitaniako natura euskarara ekartzekoan ematen duen eskola magistral joria. Hiztegi hori menperatzen dutela esaten dudanean ez dut esan nahi «hitzak ezagutzen dituztela», baizik eta zeinen sakonki dauzkaten barneratuta guretzat naturaren elementuak direnak. Haientzat bizitzako elementuak dira. Esan nahi dut barru eta kanpo bereizten dituen dikotomia ez dela existitzen, naturaren eta zibilizazioaren artekoa existitzen ez den bezala.
Adibidez, idazten denean: «Zoi-tartean xir-xirak ari ziren kirkirrak, bein baino geiagoten isildu ziren ari entzuteko: urretxindorra eta gau-txoria ere isildu ziren basoetan, eta neska, bihotz barrenerako erasoa, orbelean eserita egonenzen argi-urrastera arte, begirik itxi gabe», denek ulertzen zuten eta bazekiten noiz kantatzen zuen urretxindorrak, eta nola, berriz, gautxoriak, eta zein ziren haien koloreak eta pausaleku leku arruntak, eta han agertzen diren animalia guztiak. Ezagutza horrekin, eszena guztiari sakontasun berezi bat ematen zioten. Koloreak aipatu gabe, bazekiten nola margotu behar zuten. Eta noski, natura ulertzeari esker, metaforak sortzeko ahalmena handitzen da, infinituraino. Mireio triste dago, «goizeko eurietan loretxoak ur artetik ageri diren bezala», edo «ontzixka ura ebakiz zoaien, mihi-arraina bezain ixil»...
Hori guztia da Mireio, baina, batez ere, batez ere, herriaren ahotsa da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Frederic Mistralek unibertso bat josi zuen, bere herriaz ezagutzen zituen erreferente guztiekin, ariketa harrigarri bat eginez
Naturarekin batera, su baxuko ukimenduak, erotikaren naturaltasuna... Mireiok, gure neska «basatitxoak», lehen pausoa ematen du, eta Bikendiri bere maitasuna aitortzen dio, zuhaitz batean inguruan jolasean ari diren bitartean: «Bikendi, Bikendi, zer dudan jakin nai al duk? Ik maitemindurik nadukak». Eta berak erantzun: «Nik ere maite aunat, Mari: maitearen maitez iretsiko induket».
Bidaiak mundu aurre-inkisitorial batera ere eraman nau, Carlo Ginzburgek bere Storia Nocturna-rekin eraman ninduenean bezala: emakume-sorginek mugitzen dituzte istoriaren hariak, historia eklektikoki kristaua da, herri-sinesmenekin nahasturiko kristautasuna. Emakumeek patua eta epika zuzentzen dute («zorioneko andere haiek»), eta esango nuke familia patriakalaren kritika bat ere aurki dezakegula, eta ukitu antikapitalistaren bat ere bai... («Bai al du zoriona aberatsak? Izaina, beterik dagoenean, erortzen da»).
Hori guztia da Mireio, baina, batez ere, batez ere, herriaren ahotsa da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Frederic Mistralek unibertso bat josi zuen, bere herriaz ezagutzen zituen erreferente guztiekin, ariketa harrigarri bat eginez: sinesmenak, urtaro-ohiturak, elkarrizketa arinak, sakonak, herriko kantuak, herriaren paisaien deskribapen aberatsak, eta, horren guztiaren gainetik, kartografia bat. Izan ere, kartografia modernoaren aurretiko mapa sentimental bat osatzen du, triangulaziorik gabeko mapa bat, joan-etorriz egina, testu osoan zehar aipatzen baititu herri guztien izenak, mendiak, ibaiak, padurak, mundu mitologikoarekin, animaliarekin, landareekin nahasten den toponimia bat, alegia.
Poema epiko batzuei esker, zenbait naziok, modernitatearen atarian, bere hizkuntza finkatzeko aukera izan zuten, eta komun zituzten hainbat puntu markatu, mitologia eta partekaturiko iruditeria batekin. Kanon literario horiek, gero, ezproi moduko bat izan ziren, handik literatura modernoa, eta herri moderno bat eraikitzeko. Alabaina, Frederic Mistralek ezin izan zuen ezproi bat egin, agian ez zelako behar bezain kritiko eta haustaile izan, edo agian, beharbada, beranduegi zelako jada. Nolanahi ere, testua ez zen izan bultzada bat, testamendu bat baizik, bere herriaren testamendua.
Era berean, hori bai, Europako beste herri askoren bultzada izan zen, eta landatutako haziak beste nonbaiten hazi ziren...
«Tuntuna gelditu gabe ari zen, itsasoko uhinek harkaitzetan bezala». («del la mar founso, quando alfoco/ pasilemen contro lo roco»). Euskaraz ere zorteko gara itzulpena egiteko Orixeri eskatu izanaz. Tamalez, itzulpena gaztelaniazko edizio batetik egin zuen, prosaz emandakoa, eta jatorrizkoak baino askoz ere musikaltasun gutxiago zeukana. Orixek bai, eman zion musikaltasuna, eta beste erabaki on batzuk ere hartu zituen: lehena, jatorrizko okzitanierazko izena jartzea izenburuari, Mireio (eta ez Mireia, edo Mirellie, edo Mari), non amaierako -o hori ikusten den, okzitaniera proventzarrean femeninoa markatzen duena. Poema osoa zeharkatzen du Okzitaniako o-ak; o-z errimaturiko hitzez josita dago, biraka doaz, bertsoz bertso, poeman. Pozten nauen bigarren gauza, berriz, zera da: ez dudala zalantzarik Mireio dela Euskaldunak poema zoragarriaren inspirazio iturburua. Eta azken hori, apalki esan nahi nuen: Orixek oso ongi lotutako esaldiak eraikitzen zituen, harritzen (eta hunkitzen) nauen austeritate batez, eta, bere trebetasunari esker, irakurri ditudan hiru bertsioen artean, nik uste, berak lortu zuen lehen bertso ederrena:
«Probentzako neska bat dut kanta-gai...»
