Irailaren hogeita hiruan urtaroz aldatuko dugu, baina askori lanean hasi eta berehala heltzen zaioudazkena, edo zuzenean negua, egunerokora itzulerak ematen dion zaplaztekoaz.
Oporretan larruazalean pilatutako eguzki izpi erreserbak erakusten ariko da bat baino gehiago, luzaroan iraungo duten esperantzaz. Nire uda inoizko idorrena izan da zentzu guztietan. Hiru bider, hiru, sartu ditut behatzak hondarretan, askatu bikiniak eta jaso olatuen kolpadak. Aukerak izan ditut, baina ez dut jendetzarako aldarterik izan, eta txoko ezkutuetarako bidea oraindik ikasi gabe nengoela harrapatu nau irailak.
Zorionez, izan da galdu ez dudan hitzordu bat. Marijaia. Eta ederki ibili naiz kontzertua eskaintzen hasieran, Les Alsborregach-ekin dantzan gero eta Orkresta-rekin punkiz inguratuta Bilbin goizaldean. Nik entzun ez arren, badirudi txosnetan reggeatoia nagusi izan dela, eta kexa ugari entzun da gustuko ez dutenen aldetik. Elgoibarko Udalak, berriz, kanpaina bat jarri du abian, eta, besteak beste, herriko tabernei eskatu die reggeatoirik ez dezaten ipini, letra sexistak dituztela eta. Horren ordez, 15 kantuko zerrenda bat proposatu die emakumeak ahalduntzen laguntzen duten kantekin.
Beldur naiz ez ote garen musika estiloaren beraren kontrako gurutzada batean hasi. Zeren reggeaetoi matxista badago, baina baita feminista ere. Badagoen bezala rock, pop eta hip hop matxista, homofobo eta arrazista, gure begien aurrean eta uste duguna baino hedatuago. Agian, garrantzitsuagoa litzateke letra eta jarrera horiek desberdintzen ikasiko duen gizarte bat eraikitzen indarrak jartzea, reggeatoiarekin gozatzen ari diren neska-mutilei musika itzaltzea baino.
June Fernandezek aspaldi idatzi zuen bezala, ezin badut perreatu, ez da nire iraultza...
BI AHOTSETARA
Reggaetoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu