Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Saint Aignan

2025eko irailaren 21a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako herri batean jotzekoa naiz. Bertara joateko, kotxea eta bi hegazkin hartu ditut. Horrek umore txarrez jarri nau, Frantzia ondoan dagoelako, eta dagoeneko egun guztia daramadalako bidaiatzen. Nantes-eko aireportura neska bat autoz dator ni jasotzera. Bi ordu eta erdi egin ditugu elkarrekin, gure edukazio ona ustiatu eta ustiatuz bidaia guztian zehar. Hainbeste tardatu dugu oporretako lehenengo eguna omen delako Frantzian, horregatik auto-ilarak.

Erdi mareatuta, iritsi nahiz behingoz Saint Aignan-era. Han, 80 urte inguru dauzkan emakume baten etxera eraman naute; «hemen egingo duzu lo gaur eta bihar», esan didate. «Valerie, hau Ana da».

Emakumea ingelesa da berez, eta hitz-jario betean hasi da, adeitasunez, baina ni shock-ean nago. Nola hemen egingo dudala lo? Jaialdikoak badoaz, eta han geratu naiz, mintzaldia hondoan entzunez, irribarre izoztu batekin. Portzelanaz eta kristalez eta gauzaz beteriko etxe bat da, noski; beraz, ez naiz ausartzen ezta ur-baso bat hartzen ere eskatu gabe. Azken batean, zein naiz ni emakume horren etxean nahi dudana egiteko? 

Partekatzen dugun komuna gauetan ez dabilela esan dit andreak, elektrikoa omen da bonba, eta ez dagoela elektrizitaterik komunean ordu batetik aurrera; a, eta ateak ez duela ondo ixten. Ez dut ezer ulertu, baina guztiari baietz esan diot. Geroago, kontzertutik bueltan, gogoratuko naiz horretaz, WCan eserita nagoela, Valeriek atea ireki duenean «Oh! Sorry sorry!» oihukatuz. Ilunpetan, noski, eta bonba bota gabe gero.

Herria oso txikia da. Kale bakarra, elizatxo bat, guztia oso ederra. Bretainia da, azken finean, eta harri grisez, belar bustiz eta hortentsiaz josita dago txoko bakoitza. 

Jaialdia ere horrelako lorategi batean da. Bertan, bi postu jarri dituzte, saltxitxa edo gazta-krepeak egiten dituzte batean, eta bestean edariak eman. Postuak atenditzen eta sarrerak saltzen herrikoak daude, Valerie tartean. Esan dit dantzatzeko, kontzertu tristerik ez emateko. Barre egin diot. Misery pelikulan sentitzen naiz.

Kontzertua jo eta hamar pertsona egongo dira ikusten. Jaialdia deitzen diote, baina hori da giroa. Hamarretatik zortzi mozkortuta daude, eta nitaz barre egiten hasi dira. A cappella abestu dudanean, bat imitatzen jarri da.

Ilunpetan logelan sartu naizenean euli asko daude, baina ez ditut hilko, dena entzuten delako etxe horretan, eta ez dudalako nahi Valeriek pentsatzea zerbait apurtzen ari naizenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.