Sorionekuak gara berriro ere Arangurengo ibarra gure sorlekutzat hartzen dugun baskook. Frogatu da Irulegin, ondo asko frogatu ere, baskoiek eta iberiar anai-arrebek Kristo existitu baino mende bat lehenago bagenekiela hamar/abar arte kontatzen.
Etxepareren eta Axularren hezur txit sakratuak dantzan jarriko zituen beste kontu egundoko bat ere frogatu dute Irulegi mendian indusketa afanetan diharduten zientzia heroiek: «hamar/abar» hori idatzi idazten ere bagenekien! Eta ez bakarrik idazten, harrian zizelkatzen ere bai.
Horrenbeste urte, mende, milurteko eta arori eutsi ondoren, orain fisika kuantikoaz mintzatzeko edo rapa/perreoa/reggaetona/samplerrak sortzeko erabiltzen dugun gure hizkuntzaren osasunaz ez nintzateke ni gehiegi kezkatuko. Duela 2.100 urte abar arte kontatzen bagenekiela jakinda, nork ukatuko luke euskara izan daitekeela XXII. mendean galaxiako beste planetetan biziko diren gizaki post/transhumano horien lingua franca?
Nik uste aurkikuntza horiek kristoren gorazarrea egiten diotela gure mintzoari. Baskoieran aritzen ziren gure arbasoak, eta etengabe berritzen den beste baskoiera batean jarduten dugu guk. Errealitate hori onartuz gero, askoz sorionekuagoak izango ginateke gure hizkuntzaren etorkizunari dagokionez, eta utziko genioke biktima linguistikoen plantak egiteari, hemendik hogei mendetara arkeologo estralurtarren harridura sorraraziko duen mintzaira berri bat ikasteari ekingo genioke, alai asko.
Barkatuko didazu atrebentzia. Badakit euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, darijaz, woloferaz, txineraz, hitz egiteko kapazak zaretela, baina galdera zuzena botako dizuet: ba al dakizue minioneraz?

Ez nago brometan. Minioneraz jakinez gero, ardurarik gabe ibiliko zinatekete munduan zinema aretoz areto, eta gozo-gozo hitz egingo zenukete leku horiek gainezka dauzkaten hamaika arraza, etnia eta jatorritako ikusleekin, pelikulak aitzakia harturik.
Ezetz. Ez nagoela brometan. Ekainaren 25ean, The Guardian izparringiak (laudatua izan bedi zure izena!) iritzi artikulu sendo, sakon eta dibertigarria eskaini zion hizkuntza horri, peto bakero urdinak janzten dituzten hori koloreko kreatura animatu batzuek erraz, erruz eta aise darabilten horri.
Eva Jaber idazleak erreparorik gabe parekatu zuen minionera egun Alpha belaunaldiko gazteek (2010. urtetik aurrera jaiotakoek, alegia) erabiltzen duten lengoaiarekin. Zergatik? Nahasten baitira euren sare sozialetako mezuetan guk inolako zentzurik harrapatzen ez diegun hitzak munduko beste hizkuntzei mailegu hartutako hainbesterekin.
Etsenplurik? Cambridge hiztegiak berak ere azal ez dezakeen skibidi horrek bulgarieran ditu sustraiak. Zer esan nahi du? Auskalo: «Zoragarria» / «Kaka hutsa» / «Niri bost» / Edo «Ez bata, ez bestea, ez hirugarrena».
Estreinatu berri da Minions & Monsters film guapoa, eta aretoa lepo bete zuten gaztetxoek. Problemarik gabe segitzen zituzten maite-maite dugun Gru superbilaua leial eta zintzo segitu ondoren euren pelikula propioa lortu duten izaki begihandiek botatako berriketaldiak.
«Zaitezte, baina, lasai. Edadetuak bazarete ere, ez zaizue beharrezkoa izango barnetegira bueltatzea minionei ulertu ahal izateko; hiztegiak, ariketa koadernoak eta Tiktokeko tutorialak milaka daude»
Zaitezte, baina, lasai. Edadetuak bazarete ere, ez zaizue beharrezkoa izango barnetegira bueltatzea minionei ulertu ahal izateko; hiztegiak, ariketa koadernoak eta Tiktokeko tutorialak milaka daude. Horretaz gain, hizkuntza horren sortzailea, Pierre Coffin, bizirik da, sasoian, eta ikasleak zein hizkuntzalariak laguntzeko prest. Hari esker, esaterako, badakigu abarrots melodikoak baliatzeaz gain, existitzen diren beste ziento bat hizkuntzatatik hartu dituela berbak. Hartu/aldrebestu/egokitu/birrindu: luukkka-look! Paratú/para ti. Terima Kasih/eskerrak indonesieraz. Ez galdetu niri bokka linguini banaki loto edo li le carbonara esamoldeek zer adierazten duten, baina seguru naiz zuetako denok probatu duzuela inoiz linguini pasta italiarra; seguru ere makarroiak carbonara erara eginak gustuko dituzuela…
Euskara salbu dugu Arangurengo ibarrean eta ordenagailu kuantikoen programazioetan. Beraz, ikas dezagun minioneraz. Ez da hain zaila. Has gaitezen artikulu honen goiburuarekin: Stupa-Stop. Paratú/para ti (zuretzat) Eta libruska??? Euskararen osasunaren beste seinale ukaezin bat, minionek ere erabiltzen dute lingua navarrorum! Libruska=== Liburuxka.
Jalgi hadi plazara!