Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Tarragona

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Londresen jo nuen atzo, gaur Tarragonan joko dut.

Londreseko kontzertua Ibon RG eta Xabier Erkiziarekin izan zen, Cafe Oton, Hegoa Diskak-eko Mikelek antolatua, Tabakalerako Oierrekin. Denak lagunak, etxean bezala sentiarazi nindutenak. Arteari/musikari lehentasuna eskaintzen dion ikuspegia dute denek, eta horrek askatasun bat eta beste gozamen bat ematen dio kontzertuari. Zentzudunagoa bilakatzen da nolabait, pertsonalki, behintzat, nire barrenetan, horrela da.

Beraz, testuinguru horretan jo nuen atzo, ordulariari begiratu gabe —ea ordubete eta laurden «gutxienez» abesten dudan, «hori baita kontratatu dutena»— edo horrelako baldintzetan pentsatu gabe, kalitatea kantitatearen aurretik lehenesten.

Hegazkina hartu dut, Reusen jaso naute, eta Tarragonara eraman. Han, nire lagun bat daukat zain, eskerrak, gero asteburua han pasatzeko. Harekin hurbildu naiz kontzertuak gertatu behar duen museora.

Museo erromantiko erdi-dekadente bat da. Barruan alfonbrak, kristalezko lanparak daude, ederrak, baina nik kanpoan, patioan joko dut.

Kamerino bezala ondoko gelatxo bat jarri didate, baina segurtasun-arduradunen gela omen da, eta ez didate erabiltzen uzten oraingoz. Ondo. Baimena eman, sartu eta janzten hasi naizenean, etengabe teknikariak, segurtasun-arduradunak eta abar sartu dira. Batzuek barkamena eskatu dute, beste batzuek azalpenak: «Zer egiten duzu hemen? Baimena daukazu? Zein zara zu? Niri ez didate esan hemen inor egongo zenik».

Teknikariekin soinu-proba egin dudanean, oso isilak iruditu zaizkit. Hitz egin didanak, azterketa batean bezala, nire sintetizadorea nola erabiltzen dudan galdetu dit, barretxo batekin.

Eszenatokira sartu naiz, jendeak txalotu du, eta ohartu naiz ez nuela musika entzuten, kanpoan bai, baina aurikularretan ez. Teknikariari esan diot mikrofono bidez. Etorri da. «Nik ez dut ezer egin», esan dit.

Erantzun diot ondo dela, ikusiko duela zer gertatzen ari den, baina behin eta berriz publikoa entzuten ari den nire loop-a gelditu egingo dudala, eta berak ezetz, berak ez duela ezer egin. Hau guztia, jendea niri begira dagoela, ni eszenatokian.

Antolatzaileetako bat etorri behar izan da minutu luzeetara, teknikariari esateko arazoa konpondu bitartean uzteko niri kamerinora bueltatzen eta nire musika itzaltzen.

Konpontzean, kontzertua eman dut, ez dut ondo entzun, hala ere, baina nola esango diot beste ezer pertsona horri... Deseroso abestu dut. Batzuetan ez dauka zentzurik. Kontzertua bukatzean, teknikariak berriro gauza bera errepikatu dit. «Nik ez dut ezer egin». Ez dakit zer leporatu nahi izan didan, nik ukitu dudala zerbait telepatikoki kamerinotik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.