AL AYRE ESPAÑOL
Zuzendaria: Eduardo Lopez Banzo. Bakarlariak: Belen Vaquero (Teodosia), Bruno Campelo (Decio), Luken Munguira (Arsenio), Javier Blanco (Urbano). Egitaraua: A. Scarlattiren Il martirio di Santa Teodosia. Lekua: Ziortzako Monasterioa. Eguna: uztailaren 21a.
Ezezagunak zaizkigu Alessandro Scarlattiren Il martirio di Santa Teodosia oratorioaren sorkuntza eta zioak. Erroman eman zuten lehen aldiz, baina ez dakigu nork egin zuen enkargua, ezta libretoa nork idatzi zuen ere. Oratorioak jasotzen duen istorioak, gainera, ez du Tiroko Teodosiaren bizitza kontatzen. Historia kristauak dio Tirotik Zesareara egin zuela bidaia Teodosiak; bertan, preso kristauak kontsolatzeagatik atxilotu, eta Urbano gobernadoreak bere exekuzioa agindu zuen. Antza, onik atera zen tortura guztietatik, eta azkenean burua moztu zioten. Libretoak bestelako egoera planteatzen du: Arsenio, Urbanoren semea, Teodosiarekin maiteminduta dago, baina hark Jainkoari eskaini dio bizitza, eta, hortaz, arbuiatu egiten du. Bere ohorea zikindu duelakoan, gobernadoreak Teodosia hiltzea agintzen du: irmo onartzen du bere patua, Jainkoarekin bilduko delako ziurtasunak ematen dion pozari eutsiz.
Scarlattiren musikak apaingarriz eta dramatismoz janzten du istorioa: aberatsak dira harmoniak, baita ahotsei egiten dien trataera ere, koloraturaz beteak; garai hartan ohikoak ziren baliabideak oparo erabiltzen ditu. Orkestrak horiek guztiak biziki nabarmendu zituen, tarteka ahotsen gainetik, baina beti zentzuz. Belen Vaquero sopranoak ahots mardulaz ekin zion Teodosiaren rol sendoari, proiekzioa eta indarra aurretik jarriz eta, hala, batzuetan estiloa galduz (All’armi, ò costanza arian, esaterako), baina pertsonaiari ñabardura dramatikoak erantsiz. Javier Blanco baxuak tinbre borobilaz ekin zion Urbano sutsuari: Già d’ira m’accendo aria bere tasun eta ahoskera bikainaren adierazle izan zen. Luken Munguira gozotasunez eta gustu onez aritu zen, maitasunaren zein familiaren menpe dagoen Arsenio koldar bat marraztuz. Bruno Campelok parte-hartze lotsatiagoa izan zuen, ibilbide dramatiko murritzarekin, baina ahots ederraz ondua. 308. urte inguruan hil zuten Teodosia Zesarea hirian, garaiko Palestinan: jasangaitza da pentsatzea zenbat gehiago hil ote diren kontzertuak iraun bitartean.