Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Thatcher haur eskolan

2026ko maiatzaren 17a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsa hertzetan neurtzen da. Adibidez, gizakion kasuan, ahotsik altuenak 300 hertzetakoak izan ohi dira (ume txikiak), eta ahotsik baxuenak 85ekoak (operako abeslari maskulinoak, adibidez). Hor tartean gaude gutako gehienak. Ikusten duzu; zenbat eta hertz gutxiago, orduan eta ahots baxuagoa. Baina badakizu ahotsa aldatu daitekeela, ezta? Ahotsaren modulazioa deitzen zaio horri, eta, arrazoi desberdinak tarteko, posible da ahots tonua igo edo jaistea. Baina ez hori bakarrik; tinbrea, abiadura eta indarra ere aldatu daitezke. Adibide ezagunenetarikoa Margaret Thatcherrena izanen da: 1972 eta 1974 artean ahots entrenatzaile bat izan zuen ahotsa modulatu eta hertzetan behera egin eta hizketa moteltzeko. Iron Ladyk hori behar baitzuen: ongi aginduko bazuen, agintari ahotsa behar. Nola bestela? Antza, 60 Hz-ko aldea dago 60ko hamarkadako eta 80ko hamarkadako Thatcherren artean. Ikusi Interneten bideoak, argi ulertuko duzue zein den aldea. 

Thatcherrena, ordea, ez da kasu bakana: Hego Australiako Unibertsitateko ikerketa batek erakutsi zuen 1993ko emakume australiarrek 1945ekoek baino ahots tonu grabeagoa zutela: zehazki 25 Hz egin zuen behera. Ahots aldaketa honen zergatietan arakatuz, ohartu ziren 18-25 urteko emakumeen artean gehienek unibertsitate ikasketak zituztela, eta, beraz, lan eta ikasketa arrazoiak egon zitezkeela tartean. Gerora egin diren ikerketek ere emaitza antzekoak erakutsi dituzte. Alegia, gure amek haien amek baino grabeago hitz egiten dute, guk geure amek baino grabeago egiten dugun moduan. Argi ulertzen da orain ahots baxuz hitz egitearen arrazoietako bat, ezta? Nik neuk joera hori dut, batez ere eskolak ematen ditudanean. Are gehiago, irakasle askoren afonia arazoetan (gizon zein emakume, baina oro har gazte) arrazoi hori omen dago; berezko ahotsa baino grabeagoan hitz egitea. Arrazoia ez dit lan arriskuetako medikuak esan, baina agerikoa da: autoritatea, segurtasuna eta sinesgarritasuna ahots grabeekin lotzen ditugu, eta, nahita edo nahi gabe, horiengandik gertu egon nahi dugunean hondoratu egiten dugu ahotsa. Gogoratzen duzu Dory, Nemoren laguna, baleen hizkuntzan mintzo zena? Ba halaxe gabiltza gutako asko Primo de Rivera, gaitzaren hutsalkeria eta estatistika erakusten. Grabedadea eta grabitatea fidagarriagoak izango balira lez. Eta horrela, igotzen ez den bizkotxoa bihurtzen da gure ahotsa. Txof–txof. 

Interneten kuxkuxeatzen aritu naiz, eta, antza, igel mota bati ere, arriskua gertu ikusten duenean, korroka baxuagoa bihurtzen zaio. Antzeko zerbait makako eta txinpantzeekin: liskarraldia gertu ikusten dutenean, estatusa mantentzeko eta nagusigoa erakusteko ahotsa beheratzen dute.

Eta kontrako bidean ere gertatzen da: gutako asko erridikuluak sentitzen gara ume txikiei gorago eta kantarinago mintzatzen gatzaizkienean. Ingelesek izen bat jarri diote fenomeno horri, alegia, ume txikiei edo niniei Hz gehiagorekin hitz egiteari: baby talk. Princetoneko Unibertsitateak egindako ikerketa batek dio gizakiok ahotsa aldatu egiten dugula, tinbrea, zehazki, umeekin hitz egiteko. Eta nahiko naturalki egiten dela, gainera, edozein delarik ere ama hizkuntza. 

Arrazoia ez dit lan arriskuetako medikuak esan, baina agerikoa da: autoritatea, segurtasuna eta sinesgarritasuna ahots grabeekin lotzen ditugu, eta, nahita edo nahi gabe, horiengandik gertu egon nahi dugunean hondoratu egiten dugu ahotsa

Total, salbuespenak salbuespen, grabeetara jotzen dugula sarri. Gauza berriegirik ez honaino. Baina makakoek ez bezala, geuk normalizatu (edo naturalizatu) dugu eduki (ustez) serioak ahots (forma) grabez kontatu behar direla, eta eduki (ustez) arinago edo infantilagoak ahots eztiz. Eta honen ondorioa da norberaren ahotsa ezkutaturik geratzen dela, eta nolabaiteko balore sistema bat eraikitzen dela hitz egiteko maneraren gainean. 

Eta ahots modulazio honek, batzuetan gora baina gehienetan behera eramaten gaituenak, pentsarazi dit ahots literarioan ere ez ote dugun gehiegitxo abusatu tonu grabeez; ez ote dugun errepikatzen aipaturiko eskema, alegia, gai (eduki) serioak ahots (forma) serioz kontatzea. Ez ote duen gure literaturak (edozein literaturak, ongi esatera) baby talk pixka bat behar. Arindu pixka bat, freskotasuna, sparkling-a; gauza serioak kontatzea, baina ahots legamiadun batekin. Eta ea, ez nazazuen gaizki interpretatu (edo bai, hori ez baita neure eskumeneko). Ez dut esaten beti arinkerian kokatu behar garenik. Nik neuk, umea izan aurreko kontrakzioak baretu nahian, Ezer ez eta festa podcasta jartzen nuen esatarien ahots grabeek lasaitu nintzaten (kar-kar, ziur ez zutela sekula pentsatuko haien ahotsa izanen zela nire erditzeko soinu banda). Baina. Lo lo lo loteratura asko idatzi eta irakurri dugu (Lowteratura?). Li li li literaturaz ez gaitezen ahantzi. 

Margaret Thatcher telebistan, 1990ean. R BARRAEZ DA'LUCCA
Margaret Thatcher telebistan, 1990ean. R BARRAEZ DA'LUCCA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA