(Panfleto bat idatzi nahi nizuen, kondenatu nahi bagaituzue, injustiziarik kometa ez dezazuen.)
Gure herriak badauka kondairarik, baina gutxi eta gaizki kontatu zaigu. Gure herrian egon da pentsamendurik, baina are gutxiago eta okerrago kontatu zaigu. Ez ba bilatu kondaira unibertsalen eskola-liburu handietan gure pentsamendurik, ezta telebista aurkezle gazteengan Joxe Azurmendiren ezagutzarik ere. Normala da. Zer nahi zenuten egitea? Hotz egiten zuen. Linboan geunden.
Idazten ari den 34 urteko gazte honek goiz batez jakin zuen, filosofia fakultateko korridoreetan galduta zihoala, bere abizen bereko filosoforen bat bazela; eskolak utzi berri zituenez, iristekotan, haren berri gure belaunaldiari tantaka iritsi behar zitzaiona. Eta batzuek hor istorio polit bat ikusi zuten, fartsa bat edo, gutxienez, alarma gorriren bat beharrean.
Kasualitate triste bat zen gure transmisio guztia. Korridoreko izen-afixa zuri bat zen gure transmisio guztia. Eta badirudi (asko) konforme zeudela. Edo borroka inportanteagoak eta kudeaketa handiagoak zeuzkatela aurretik, 60-70eko hamarkadako (eta 20-30eko) pizkunde singular-unibertsala —euskarazko kulturan gertatu zena eta horregatik politikoa, baina politikoa bere erara eta ez politikoen erara, oraindik antzeman ere egiten ez diogun indarrak gordetzen dituena— transmititu baino. Xentimoka pentsatzen duen herria, enegarren krisi garaian.
Eguna erlojuek egiten ez dutela zekiten filosofo apurrekin jakin genuen korridoreko hari ariadnatar horrek eten zaharragoak ere bazeuzkala; 60ko hamarkadako gazte eroek ere hutsetik hasi behar izan zutela kasik, gizaberea parabola bateko ardia ez dela ikusten zuten teologo apurrekin.
Gure herriak badauka kondairarik, baina oraindik ere pobrea da kulturan. Prekarioa, materialki eta sinbolikoki. Oraindik ere ez dauka administrazio koxkor batzuk, konplexu zentzugabe asko, mila zorigaizto eta borroka behar gorria baino askoz gehiago. Eta hala ere, bagabiltza. Eta gabiltzalako gaude hain zikin. Hain inperfektu. Hain elkarren beharreko. Horregatik behar ditugu azkena gazte euskaltzale onak eta txarrak bereizten dizkiguten zerutarrak. Hemen denak baikaude linboan. Oraindik ere euskarazko kulturaren jabe inor ez baita jaiotzen, egin egiten baita. Jabetze-eskolak dira behar ditugunak, eta horiek beteko dituzten gazte eroak. Hori ikasi genion Joxe Azurmendiri, horretan ari gara. Nahi baduzue, lagundu.