begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'True crime', La Paca Lolitaren aurka

2026ko ekainaren 5a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Narkotrafikoaren matriarkak izugarri gustukoak ditut. Infiltratuak, damutuak, txibatoak eta uste ustelez Historiaren edo auskalo zeren alde zuzenean daudenak bainoago.

Horrexegatik, mira izan diot beti Mallorcako Son Banya auzoan hamarkadetan capo di tutti i capi, buruzagi eztabaidaezina, bertakoen zaindari eta zaintzaile burutsua, tratulari ezin hobea eta gaizkileetan ospetsuena, braboena izandako Francisca Cortes Picazo emakume puska ijitoari. La Paca deitzen zioten, diote, denek. Errespetu handiz, beldur osoz. Denek, bai, guardia zibilek, epaileek, polizia ustelduek, arerioek, senideek, berarekin zorretan zeudenek, kazetariek, ikertzaileek.

Txikitan, gazte-gaztetan, La Paca txatarra biltzen ibili zen. Gau eta egun. Azkarra zen gero, eta segituan konturatu bera baino askoz hobeto bizi zirenak bazeudela. Eta horietako bat behar zuela izan erabaki. Bonbazia handian bizitzeko gura sortu zitzaion. Baita lortu ere. Pixkanaka. Droga txikizkako salmentan hasieran. 14 urte zituela haurra izan zuen, eta haur horrek 14 urteak bete orduko, kartzelan sartu zuten La Paca. 
Azkarra zela, dela, esan dugu. Leitzen eta idazten ikasi zuen espetxean. Baita ez zela kartzelara berriro joango erabaki ere. Atera bezain pronto ekin zion gorako bideari. Denboraren, ausardiaren, biolentzia isilaren, egindako mila eta bat mesederen, botatako ziento bat mehatxuren, erositako hamaika agintariri pagatutako dirutzaren poderioz, Son Banyako droga matriarka bilakatu zen. Mexikoko kartelek ere errespetu ezin hautsizkoa zioten. Amaigabea zen bere boterea. Kontaezinak etsaiak ere.

Ezin promesari eutsi, eta 2008an, sekulako polizia ikerketa baten eta ekintza baten ondoren (salakeriak ere izan ziren, jakina), kartzelara bidali zuten. 22 urte pasatu behar zituen ziegan, baina handik hamar urtera hirugarren gradua lortu zuen. Ez pentsa, segituan bueltatu zen ilunpera, harrapatu baitzuten negozioak egiten telefonoz...

Bitartean, bera bezain azkarrak ez ziren leinukoek, klanekoek, senideek galdu zuten nagusigoa droga merkatuan, auzoan ere bai. Baina La Pacaren mitoak zutik irauten du. Aldare ilunetan.

Iruñean jaio eta Nafarroan zein Kuban zinema ikasi zuen David Ilundainek pelikula egin du La Pacaren bizipenak inspirazio, iturri, oinarri harturik. Lan duina da egun Hegoaldeko aretoetan ikusgai den Mallorca Confidencial hori. Hori bai, honetan ere txibato batek pisu handia hartuko du narrazioan. Lastima eta pena, baina zer egingo diogu? Film honen gidoigile Amelia Morak La infiltrada idatzi zuen... horra hor (hortik), akaso, salatariekiko bere sinpatia.

Pelikulak ez du La Pacaren izena aipatzen. La Chusa da hemen protagonista. Son Banya ez da filmaren paisaia, asmaturiko Son Canal auzoa baizik. Akziozkoa da pelikula, fikzionatua. Ondo bideratua, egoki gobernatua. Ez dago, jakina, L.A Confidential-ekin konparatzerik, baina ederki funtzionatzen du pantailan hiri inguruko thriller indar dexentekoak. Estilo ilunez burutua. Zinema puska efikaz eta efizientea... 

Francisca Cortes Picazori, ordea, ezer gutxi gustatu zaio. Airos dihardu La Pacak Tiktoken. Ico semeak grabatzen dizkio bideoak. Birala bilakatu den azken-aurreko aldi batean, kristorenak eta bi esaten dizkie pelikulan parte hartu duten guztiei. Haserre bizian. Baina 71 urte bete berri dituen Franciscak egun ez du izan zuen ausardia bera, eta ez dio inori mehatxu gorririk botatzen. Izan ere... egileak eta ekoizleak juiziora eramateko aukera bere abokatuen eskuetan utzi duela dio... amorruz, baina inor apuntatu gabe.

La Pacak ez daki fikzioa eta errealitatea bereizten (normala oso, zinemajaleok ere ez kasu askotan). Horrexegatik ere izugarri atsegin dut bere portaera, antz-azturak hilobiraino gorde behar baitira. Estiloa ere bai. Eta premutasuna.

La Pacak ez daki fikzioa eta errealitatea bereizten (normala oso, zinemajaleok ere ez kasu askotan). Horrexegatik ere izugarri atsegin dut bere portaera, antz-azturak hilobiraino gorde behar baitira

Engantxatuta nago emakume puska horekin. Prime Video plataforman bada La Paca, matriarca de la droga dokumental bikaina. Hau ez da, ez, fikzioa. Hemen poliziak (uniformedunak) agertzen dira. Fiskalak. Ikertzaileak. Narkoak. Eta, demagun justizia poetikoa-edo dela, La Pacarekiko admirazioa antzematen da lagun horiengan guztiengan.

Mallorca Confidencial-eko La Chusarena Lolita Gonzalez Flores aktore handiak egiten du. Eta bai, kalo katalanez mintzatzen da. Ez ahaztu, inoiz, Lola Floresen alaba eta Antonio Floresen arreba izateaz gain, Bartzelonan jaiotako Antonio Gonzalez El Pescailla izan zuela aita. Eta Antoniok kalo katalanez bazekien. Ez ahaztu, inoiz, Peret eta El Chacho-rekin batera, berak sortu zuela runba katalana. Non? Orain ofizialki El Raval deitzen den Bartzelonako auzo txino mitiko eta krudelean.

Gora La Paca, Visca La Chusa!

(ID_17804947799055) \'Mallorca Confidencial\'
Lolita Gonzalez Flores aktorea, David Ilundain zinemagilearen Mallorca Confidencial filmeko irudi batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE