Haizea Barcenilla
Begiz

Utopiaz mozorrotutako distopia

2026ko ekainaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen. Gizona maitemindu egin zen eta haren bideari jarraitzea erabaki zuen. Noski, biak dira estatubatuarrak eta biek dauzkate «inbertsioak» (Akzioak? Kriptoak? Etxebizitzak? Auskalo). Antza, gizonak TOC puntu bat du eta lasaitasuna ematen omen dio egunero gauza bera egiteak: itsaso erdian egoteak, jatetxeetan jateak, igerilekuan bainatzeak... Galdera asko sortu zitzaizkidan: hirietara iristerakoan, bisitatzen al dituzte edo ontzian geratzen dira beti? Berdin zaie Karibean, Pazifikoan edo Mediterraneoan egotea? Ohikotasuna gustatzen bazaie, ez dira bi astean behin jende berriz inguratuta egoteaz nekatzen? Margaritak edan bitartean, ba al dakite Gazan, Iranen, beraien jatorrizko lurraldean zer geratzen ari den? Kuriosoa egin zitzaidan niretzat distopiaren zeinu argia dena beraientzat utopia izatea.

Pilvi Takala finlandiar artistaren lan bat ekarri zidan gogora, aspaldi ikusitakoa. Players izeneko bideo bat zen eta Thailandian bizi zen online poker jokalari talde bati buruz ziharduen; oso bitxia egin zitzaidan bizimodu hori orduan. Hain zuzen, 2010ekoa da lana, alegia, paradisu fiskaletan bizi ziren youtuber eta influencerrak oraindik gizartearen izar berriak ez zirenean, eta gazte askoren ametsa inbertsioei esker lan egin gabe bizitzea ez zenean. Bideoak Finlandia, Suedia eta AEBetako sei gizonen egunerokotasuna kontatzen du, tonu neutroan diharduen off-eko ahots batez. Denek dauzkate 22 eta 28 urte artean, online pokerrean apustu egitera dedikatzen dira profesionalki, egunero 1.000 eta 5.000 dolar artean jokatuz, eta Bangkokeko hotel batean bizi dira.

Gurutzaontzietan bizi den bikotearekin alderatuta, gazte hauek egunean ordu batzuez «lan egin» behar dute, pokerra online jokatuz, diru-sarrerak eta estatistikak egonkor mantentzeko. Aipagarria da lanbide gisa hartzen dutela eta ez adrenalina martxan jartzen dien joko gisa; izan ere, narratzaileak dio horregatik izan daitezkeela profesionalak, estatistikekin jolasten direlako eta ez emozioekin. Deigarria da bideoan zehar agerian geratzen dela aberatsak, gazteak eta betebeharrik gabeak diren arren nahiko aspertuta bizi direla. Diru kantitate izugarriak gastatzen dituzte «harropuzkeriatan», euren hitzetan: luxuzko erlojuetan, helikopteroetan irla galduetan ospatzen diren festetara joateko... intentsitate emozionala emango dien zerbaiten bila.

Orduan ez nekien, baina Players-en hamabost urte beranduago biziko genuen kapitalismoaren utopiaz mozorrotutako distopiaren lehen adierazpena ikusten ari nintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE