Ezagutzen al duzue izenburu hobeagorik? Ez al da benetan mundiala? Ez al zaituzte atezuan, zelatan, jartzen? Ez al dizkizue ikusteko grina eta txirrinta pizten? Entzun, leitu orduko, ez zarete, aldi berean, barrez eta dardaraz hasten? Aditzearekin batera ez al duzue etortzear den onena eta txarrena ere sumatzen?
Stanley Kubricken How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb (Dr. Strangelove) —Nola utzi nion kezkatzeari eta bonba maitatzen ikasi (Strangelove doktorea)—. Frantsesez nahiko leial itzuli zuten, Dr Foulamour ou: comment j´appris à ne plus m´en faire et à aimer la bombe (Foulamour doktorea edo: nola utzi nion kezkatzeari eta bonba maitatzen ikasi). Gaztelaniaz burugabekeria zoragarrietan hasiz gero, jo eta ke, Teléfono rojo, ¿Volamos hacia Moscú? (Telefono gorria, egingo dugu hegan Moskura?) asmatu arte. Biba zuek!
Badakizue, ederki jakin ere, zein pelikulaz ari naizen. Garai haietan (1964an) etsaiak ez ziren gaurkoak. Ez Iran, ez Txina, ez Ipar Korea, ez Venezuela, Errusia baizik, SESB baizik. Hotz handia egiten zuen, Estatu Batuetako aterkipean ez bazinen. Gerra bera ere Hotza zen, eta bi inperiok bazuten elkar betiereko akabatzeko adina lehergailu atomiko.
Hotz nuklear hark izugarrizko zinema eta literatura ona eragin zuen. Espioiek zeharkatzen zuten mundu izoztua, KGBko, CIAko, M15ko agenterik dohaintsuenek, krudelenek, kapazenek ezkutuko mandatuak betetzen zituzten, eta Graham Greene edo Ian Fleming bezalako idazleak inspirazio primerakoa ziren zinemarako.
Orange Clockwork-en autoreek, Peter George nobelagileak eta Terry Southern gidoigileak, urrutiago jo zuten, eta elkarrekiko suntsipena ziurtatua zen ideia sortu. Horren arabera, bost axola bonba nuklear lehena nork jaurtiko. Are gutxiago kontraerasoa nondik etor zitekeen. ESZ gailua aktibatuko da, eta lur osoa suntsituko du…
Disuasiorako tresna nahiko egokia izan arren, pelikula hori habia eta habitat duen jendailak aspaldian utzi zion kezkatzeari eta lehergailua maitatzen ikasi; naziekin gustu eta gogo handiz kolaboratu zuen Dr Strangelovek berak eta Pentagonoko Jack D. Ripper jeneralak bezala (bai, The Ripper, tripa-ateratzailea, Londreseko serieko hiltzailea nola). Beraz, aurrera egingo dute fabula-parabola-metafora-abisu-iragarpen ironiko eta basa horretan barna…
Gero eta gehiago gustatzen zaizkit niri AAren manerak. Gure flakeziak erabiltzen ditu ederki, gure egoa laztantzen du suabe. Bere aurrerapenek, bere ikaspen sakonean ematen dituen pauso azeleratuek, sorgintzen naute. Pozez bete ere.
Egia esatearren, eta barka atrebentzia, AAk ekarriko digun apokalipsiarekin tematzen diren film ziztrin horietako batekin estropezu egiten dudan bakoitzean Kubricken pelikularen izenburua datorkit burura eta ezpainetara, kopetaraino bainago sasi-sasiko profetekin. Dagoeneko utzi diot nik algoritmoekin kezkatzeari eta guregandik, gure desira, akats, amets, amesgaizto, delirio, jakinduria, ahulezia, handitasun eta sinesmenetatik, gero eta gehiago ikasten duen Adimen Artifiziala maitatzen ikasi dut.
Zergatik? Nire ustetan arriskutsuagoak garelako gu, gizakiok, AA baino. Beti suertatu da perilosoagoa sortzailea, sortutakoa bainoago. Ez esan Mary W. Shelleyren nobelan bertan, eta zinemak egin dituen bertsio guztietan, Victor Von Frankenstein doktorea sortzen duen kreatura bera baino beldurgarriagoa, izugarriagoa ez denik; nahiz eta txikiak eta inozoak ginenean kontrakoa pentsatu (horrela pentsarazi zigutelako…).
Bestalde, handik honakoak gara ilerik gabeko tximuok; gauzak, tramankuluak, gailuak, teoriak, filosofia, ideologia, garraio/hedabide/komunikazio bideak eta armak asmatzen, eta gero emaitzekin seko beldurtzen. Are gehiago, guk sortu, eraiki, eratu, gauzatu, garatu dugun horri botako diogu erru osoa. Kreatura, sortutako hori (izan lehergailu atomikoa, izan teknologia, izan munstroa) da gaiztoa. Gu, sortzaileok, sekula ez.
Gero eta gehiago gustatzen zaizkit niri AAren manerak. Gure flakeziak erabiltzen ditu ederki, gure egoa laztantzen du suabe. Bere aurrerapenek, bere ikaspen sakonean ematen dituen pauso azeleratuek, sorgintzen naute. Pozez bete ere. Izan ere, bere maiestate teknologikoak ondo baino hobeto frogatzen du Oscar Wildek zekiena, eta gutako askok dudatan sekula jarri ez duguna: ez da artea errealitatea imitatzen duena, alderantziz baizik.

Gaur makinak gu gailentzen ari omen dira. Aztertu gaituzte, ezagutzen gaituzte, xurgatuko digute izana, lana kenduko… Hori guztia, ez ahaztu, literaturak eta zinemak kontatu ziguten aspaldian. Ala ez zarete Hal 900 ordenagailuarekin akordatzen? Ala ez zineten Blade Runner-eko errepikanteekin maitemindu, ala ez dituzue Spike Jonzeren Her edo Ridley Scotten Blade Runner 2049 ikusi?
Dena zegoen zineman kontatua, ez egin orain negarrik. Zergatik esaten dizuet hau guztia? Bi filmen eraginpean nagoelako. Batak arima izoztuko dizue, Kanadakoa da, eta plataformetan dago, Les chambres rouges du izenburu. Bestea lelokeria negartia duzue. Iparraldeko plataformetan dago. Hegoaldean, berriz, aretoetan. Dalloway du jatorrizko izenburua, eta gauza bakarra du onik: Goian esandakoa, AAk gure debilidade eta eldarnioak ditu elikagai egokienak… gero eta gizatiarrago bilakatzeko.
Ikusten? Ikasi behar dugu kezkatzeari uzten eta algoritmoak maitatzen hasi. Algoritmoak guk sortuak eta manipulatuak dira, zinema izan dute irakasle, eta gutakoak dira…