Marta Garcia
Iritzia

Zarata gehiago, isiltasuna gailendu dadin

2026ko irailaren 1a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit nor doan Musika Hamabostaldiaren kontzertuetara. Arduradunek adierazi dutenez, guztira 30.655 pertsona bildu dira aurten emanaldi eta ziklo desberdinetan, iaz baino %10 gehiago. Ez dira datu makalak, kontuan hartuz udak eragiten duen liluratik kanpo ez dela ohikoa Kursaala —eta zer esanik ez bestelako areto txikiak edo elizak— lepo betetzea orkestra ospetsuak entzun eta ikusteko, errepertorioa delakoa dela. Afizioaren zein ofizioaren kariaz, maiz esertzen naiz ni besaulki eta bankuetan, eta 87. edizio honetan uste baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari zein den alboan dudan pertsona hori, nondik datorren, zein barne edo kanpo deiadarri erantzunez erabaki duen ordu bat edo bi bertan geldi ematea, gauez etxera itzultzeko garraio publikoa hartzeko aukerarik ote duen, lagun edo senideei kontatuko ote dien kontzertutik zer gustatu zaion, zerk harritu duen. Baina ez naiz ausartzen galderak ozen egiten, eta, kontzertuen sakralitateari men eginez, isilik geratzen naiz.

Izan ere, kontzertuetan, kontzertuak irauten duen bitartean eta batzuetan ondoren ere, gustatuko litzaidake sakralitate hori muturreraino eraman eta erabateko isiltasuna nagusi izatea, arnas aparatuaren hotsak ere estaltzeko moduko isiltasuna, musikarekin harreman banakakoa, pertsonala eta besterenezina dudala sinetsaraziko lukeen isiltasuna. Ez da, noski, hala izaten, askotan musikarekin batera beste soinu eta zaratak fusionatzen baitira: zuzendariak adierazitako tempoari kasurik egin ez eta garaiz kanpo sartzen diren eztulak; abanikoak irekitzean eta bularraren kontra jotzean sortzen diren polirritmiak, partituretan inolaz ere islatzen ez direnak; zuzendaria zeinen zaharra dagoen aipatzen duten murmurioak, eszenatokitik datorren fortissimo-arekin kontrastean; gozoki baten bilgarriak sortutako zarata, marranta potentzial bat arintzeko zorrotik kemenaz aterata; eta, nola ez, garaikideak izateagatik guztiz anakronikoak suertatzen diren melodia errepikakorrak, behar zenean mututu ez den sakelako telefonoaren bozgorailuek tokiaren azken txokoraino proiektatuak.

Izugarri amorrarazten naute, musikak eragindako sorginkeria espero gabeko momentuetan hautsi eta musikarekin bakarrik ez nagoela gogorarazten didatelako. Ederra litzateke, hortaz, horiek guztiak isildu ahal izatea, edo, hobe, horien egileak desagerraraztea. Ederra, bai, eta oso tristea, esperientzia guztiz mingarria baita fraseatze eder bat entzun eta inorekin partekatu ezina, pasarte bereziki bizi batek eragindako hunkidura hasperen batekin ezin askatzea, musikari estimatu baten bisitagatik zirrara ezin adieraztea. Beraz, ez, ez dezagun erabateko isiltasuna desio, eta ugaritu dadila zarata kontzertuetan, batez ere aurretik eta ondoren. Biderkatu daitezela bere eserlekua topatu ezinean dabiltzanak, bakarlaria enegarren aldiz entzun dutenak, musikarien izenak ezagutzen ez dituztenak, konpositorearen bizitza osoa buruz dakitenak. Hurrengoan galdetuko diet nor diren, eta eskatuko diet, mesedez, isilik egoteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA