begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinemak eraginiko amodio arraroak

2026ko urtarrilaren 23a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiteminetan nago. Maite esnetan. Aparretan. Ez aktore batekin (nahiz eta gustu handiz egingo nukeen dantza, suak eta iodoak bildurik, 28 Years Later: The Bone Temple-n agertzen den Ralph Fiennesekin). Ez zuzendari batekin, aipatu filmeko Nia DaCosta emakume eta egile sekulakotzat jotzen badut ere.

Ez, asko eta asko fentanilora bezala, ni engantxaturik nago seko, sakon eta nahita ekoiztetxe batera. Esango didazue, bai, hori ez dela aparteko berria. Zinemazale guztiok adorazio hutsa zor diegu Universal, Metro Goldwing-Mayer, Columbia, United Artists edo RKO erraldoi, jigante horiei, Hollywoodeko estudio haietan eraiki baitzen sortu gintuen zinema.

Ez , ez naiz munstro sakratu horien inguruan ari. Horiek ezin dira maitatu. Horien aurrean belauniko jartzen zara. Eta kito.

Ari natzaizue ni 2012an sortutako enpresa bati buruz. A24 du izena, eta, munduko finantza-negozio-merkataritza jarduerez arduratzen diren hedabide guztien arabera, haren hazkundea, esponentziala izateaz gain, guztiz bizkorra suertatu da. Daniel Katz, David Fenkel eta John Hodges lagunek sortua, 2015ean Ex Machina, The Room eta The Witch pantailaratu zituzten, eta hirurek merezitako arrakasta, sariak, txalo zaparradak eta ikusle kopuru ezin hobeak lortu zituzten.

Orduantxe hasi zen zinema independentearen eta harentzako erreferente, aterpe eta akuilu bilakatzen. Jendeak ezin sinetsi zituen hiru lagun horien lorpenak. Sostengatzen zuten, amoros, urte batzuk geroago Anora pelikularekin Cannes txunditu eta Oscarra irabaziko zuen Sean Baker. Baita mimo handiz zaindu ere gero Barbie sekulakoarekin mundua zoratuko zuen Greta Gerwig...

2016an A24k babesturiko Moonlight-ek Oscarra eskuratu bazuen ere, askoz shock paregabeagoak zartatu zuen planeta, Everything Everywhere All at Once frikada/harrikada berdinik gabeak zazpi Oscar jaso zituenean. Ordurako, ikusleak hasiak ginen konturatzen A24ren manera basa, ganberro, apurtzaile, destroyer oso, fresko eta libre horiek mugarik onartzen ez zuen zinema baten seinale zirela.

Benetan bazirela. Ahoa bete hortz eta bihotza taupaka, Claire Denisen, Gaspar Noeren, Robert Eggersen edo Kelly Reichardten alde egiten zutela ikusi genuen. Dudarik ez zegoenez, dar-dar gozo batez jauzi egin genuen A24ren besoetara.

Ahoa bete hortz eta bihotza taupaka, Claire Denisen, Gaspar Noeren, Robert Eggersen edo Kelly Reichardten alde egiten zutela ikusi genuen. Dudarik ez zegoenez, dar-dar gozo batez jauzi egin genuen A24ren besoetara

Sendotu da amodioa. Errotu. New Yorken sehaska eta egoitza dituen konpainiarekiko gure atxikimenduak ez du urradurarik. Egin diguten azken erregaluak igualik ez du karteldegian: If I Had Legs I'd Kick You (Hankarik banu, ostiko bat emango nizuke), Mary Bronsteinek idatzia, zuzendua. Hil ala biziko hamaika guda egunerokotan dabilen Linda lur jota dago. Fisikoki. Psikikoki. Gizaki bezala hautsia. Profesional moduan ezin aurrera jarraituta. Amatasunak dakarren presioak aspaldian gainditu ditu onartutako muga guztiak. Badu senarra, telefonoaren beste aldetik oihu, orro egiten duen norbait. Badu psikoterapeuta partikularra, eta zuriak eta beltzak esaten dizkiote elkarri. Badu pisuko sabaian inork konpontzen ez dion zulo ikaragarria, eta badirudi hortik Unibertso osoa gainean eroriko zaiola. Badu diru pixka bat... koñaka erosteko sekula ixten ez duten dendetan, edo moteleko zaintzaileari...

Mary Bronsteinek badaki zinemaz, barrenak, burua, arima astintzen dituen zinemaz. Laguntza bikaina eskaintzen dio Rose Byrne aktoreak, baina pelikularen estiloan (hain erreala eta aldi berean ametsezko-amesgaiztozko distopia zeluloidezkoa...), ekoizleak nortzuk diren nabari-nabaria da: A24koak!

Maiteminetan naiz. Maite aparretan. Baina ez pentsa, ez nauzu monogamoa. Gureak ez balu etorkizunik badut ordezkorik: BlumHouse Productions/Atomic Monster. Horiek aukeratuz gero, baina, ez lirateke intimoak gure amodio jokoak. Alderantziz, orgietan ibili behar nahitaez, elkarrekin zinema egiten duten bi ekoiztetxe horiek beldurzale guztion begi kuttunak direlako. Ez dakit nik maitaleak partekatzera usatuko nintzatekeen...

(ID_17690028607035) \'If I Had Legs I \'d Kick you\'
Mary Bronstein zinemagileak idatzi eta zuzendutako If I Had Legs I'd Kick You filma.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA