begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinemaren kronologia ez da bizitzarena

2026ko urtarrilaren 16a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbaitzuk gaizki ari gara jokatzen Kristen Stewartekin. Nahi omen genuen askok queer/kuir ikono, ikur, erreferente bihurtu den, zaigun, dugun Los Angelesko emakume basa horrek The Twiligth Saga-ko Belle izaten jarrai zezan. Sipula-sipolorum. Betikotz izan zedin giza odolik dastatzen ez duen banpiro zurbil eta guapoarekin maiteminetan dagoen neska gizatiar hura, zeina gauekoen eta egunekoen arteko harremanetan lehenbizikoz, ez banpiro ez gizatiar den ume batez erditu baitzen, indiar lirain eta muskulutsu baten desesperaziorako. Gogoratzen zarete berarekin? Bai, gizotso bihurtzen zen izaki arras erotiko eta erotizatu hura, Jacob izenekoa.

Seguru 17 urteko neska harekin egin dugula sarri amets. Eta Peter Panen sindromeak jota, ez genuen nahi Kristeni hortzak berdin zekizkion. Berdinduz gero, une berean galduko genuen guk gure gaztetasun errugabe eta purua.

Zinemak ez du adinik. Kamerak zeluloidean zizelkatzen duenak betirako iraungo du amaierarik gabeko lorian. Bitartean, kameraren eta pantailaren bestaldean gaudenok eroriko gara Denboraren atzaparretan, gero eta ahulagoak, gero eta inutilagoak. Ispiluak, ez barrukoak ez kanpokoak, ez gaitu engainatuko. «Nor da ni baino gazteago, lirainago? Nork ez du inoiz zahartzaroaren ajerik nozituko?», galdetzen diogu dardaraz. Eta Edurne Zuriren ugazamari berari ere gezurrik esan ez zion tramankulu deabruzkoak erantzungo digu krudel: «Zu hiltzerakoan,  zeluloidezko erreinuan daudenek iraungo dute bizirik gozo-gozo».

Ez genuen nahi Kristen Stewart hel zedin. Emakume heldua bilakatzeak zera adieraziko luke argi oso: gain behera etorriak ginela gu, bueltarako tiketik gabe.

Baina ez zinemak ez Denborak ez dute bere esklaboekiko errukirik. Helduz joan zen Stewart andrea, eta gu, zimurtu. Hala eta guztiz ere, ez pentsa denok geundela jelosiak zaurituta. Gutako frankok kontent ikusten genuen Belleren eraldaketa. Dirutza irabazi zuen banpiroak ez ziren banpiroekin dantzaz ibili zen garaietan. Ondo ikasi zuen sos horiek inbertitzen.

Dolar horiekin libertatea erosi zuen. Ez zitzaion ezinbesteko suertatu sasi-beldurrezko filmez film ibiltzea. Ez zitzaion noraezeko gertatu hormonak pil-pilean eta saltoka zituzten nerabeentzako zineman sartzea. Tentuz eta estiloz hasi zen parte hartuko zuen pelikulak aukeratzen. Baita zein zuzendarirengandik nahi zuen zinemaz ikasi ere: Assayas, Cronenberg, Rose Glass...

Belle baino txikiagoa zenean, sekula ez zuen aktore izatearekin ametsik egin. Gurasoak zinema industriako parte izanik, zuzendaria, ekoizlea, gidoigilea nahi zuen berak izan.

Urteak pasatu dira. Urte pila. Zortzi, izan ere. Aurkitua zuen bere lehenengo film luzerako oinarria: drogaz, sexuz, alkoholez, sexu abusuz, literaturaz, piszinako ur askatzailez gainezka egiten duten Lidia Yuknavitchen memoriak. Alta, inor gutxi fio zen Belle izandako aktoreaz, eta inork ez zuen dirurik jarri The Cronology of Water proiektuan. Lortu zituen, azkenean, sos txikiak eta handiak, eta pelikula egin zuen. Cannesen estreinatu zuen. Han zeuden askok ezaxolakeriaz, harroxko hartu zituzten bai filma bai egilea.

Basak, oso basak ziren Kristenek hartutako erabakiak. Bazuten hasiberri guztiei dagokien hantustea ere. Askori arrandia hark ez zigun minik eman. Balentriak gauzatzeko fuerte jokatu behar duzu. Frontoian bezala zineman.

Basak, oso basak ziren Kristenek hartutako erabakiak. Bazuten hasiberri guztiei dagokien hantustea ere. Askori arrandia hark ez zigun minik eman. Balentriak gauzatzeko fuerte jokatu behar duzu. Frontoian bezala zineman

Filma gure etxe ondoko areto korrienteetara iritsi berri da. Laster kenduko dute, baina, pantailetatik jende ugarik ihes, alde, hanka egiten baitu zinemetan. Espantuka. Zergatik? Kristen ez baita, egun, joandako garaietako Belle, zinemarekin esperimentuak egiten dituen sortzaile bat baizik.

Probokatu nahi gaitu (egia esatearren, aspaldi zaharrean ezer gutxik asaldatzen gaitu zineman…), baina ederki daki zein den probokazioak eskatzen duen prezioa... Zein? Ikusleak galtzea, pantailetatik uxatua izatea. Asumitu, onartu egiten du, eta ordaindu. Odolez, kasik.
Kristen heldu da. Gutako zenbait gaude, oraindik, ilunabarrean galduak.

(ID_17683330885565) \'THE CRONOLOGY OF WATER\'
Kristen Stewart aktore eta zinemagileak zuzendutako The Cronology of Water filma. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA