Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Zintzurra aberriak hautsita

2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Salvaterra do Minhotik Muxiara 180 kilometro daude180 kilometro Pontevedra eta Santiagotik zehar, Costa da Morteraino iritsi arte, Negreira, A Boudañeira, Berdoias, Quintains eta Os Muiñosetik barna joanez gero. Os Muiños pasata antzematen da galiziarrek beti ihesbidetzat izan duten itsaso urdin beltz harro txuritua.

Alde egiteko esaten die itsasoak galiziarrei. Bilatzeko beste zerbait han, urrun. Eskapo egiteko.

Euskaldunok itsaso amablea dugu. Jostaria inoiz, baina amable. Irlandarrek ez dute maite. Itsasotik heltzen zaizkie laino temosoak, haize bilduak eta euri hotzak. Itsasoa muga dute. Itsasoan dena amaitzen zaie.

Galiziarrentzat, itsasoan dena hasten da.

Muxia beltza geratu zaigu gomutan. Eta belztasunaren kontrastean, zuriz jantzitako bolondresak, galipota eskuetan, amorratuta eta nekatuta. Erori egiten ziren arroken artean, labaindu. Hamaika orduko bidaia egin ondorengo betzuloak jantzita, hainbeste lan galipota jasotzen, ura eskutik eskura pasatzen! Hondamendiarekin harrituta. Harrituta ingurukoak ez zitzaizkielako hurbiltzen eskerrak ezpainetan, euskal arrantzaleei irlandarrak hurbiltzen zitzaizkien bezala, eguraldi txarra zela eta Grand Soletik gertuko kairen batera aterpe bila joan behar zutenean: janari bila hurreratzen baitziren irlandar neska-mutikoak, euren itsasoan harrapatzen ari ziren arrain eske.

Ez, Muxiakoak ez omen zitzaizkien hurbildu borondate oneko euskal bolondresei, eskatu gabeko elkartasun hori eskertzera. Muxiakoek PP bozkatu zuten handik gutxira.

«Rescatamos o cormorán cristado da dignidade/ Rescatamos as cancións na fonoteca invencible do mar/ E rescataremos a verdade» aldarrikatu zuen Manuel Rivas idazleak, Prestigerena gertatu zenean. Egia askatuko zutela, itsasoko soinutegi inoiz ez garaitutik abestiak askatuko zituztela.

Irudi gehiago: hemengo arrantzale hondarribiarrak, bermeotarrak, getariarrak, ondarroarrak, xalabardoekin galipota jasotzen euskal kostatik gertu. Hendaiako badia, itxita, isuri handietarako erabiltzen diren flotagailu laranjez setiatuta.

Muxiatik Salvaterra do Minhora 180 kilometro daude. Iruñetik Punta Galeara bezala. Salvaterra do Minhokoek elkartasuna eskatu zuten aurten No Condadoko poesia jaialdiko XXVII. ekitaldirako. Desobedientzia zuen gaia. Poesiak beti izan duela ez obeditzeko bokazioa eta hitz hori oso ondo egokitzen zela egungo giro onartezinarekin, esan zuten antolatzaileek.

Salvaterra do Minhokoek ez zuten kanpaina handia egin, ez ziren prentsara atera, ez zuten plataformarik osatu. Lagunartean eskatu zuten haiek poesia irakurtzeko eta elkarri belarria goxatzeko behar zuten sostengua, eta lortu egin zuten, eskutik eskura. «Dena nahi dugu» aldarrikatu zuten. «Poesia jaialdi bat eta bizia nahi dugu: duintasunez bizi nahi dugu, eta osasuna eta hezkuntzarako eskubidea, teilaturako eskubidea, jateko eskubidea nahi dugu; denbora eta osasuna lapurtuko ez digun lan baterako eskubidea nahi dugu eta iristen ez direnei laguntza emango dieten azpiegiturak nahi ditugu; gure baliabideak xahutuko ez dituen sistema ekonomikoa nahi dugu, bizitza amablea».

«E que lisquen todos/ que nos deixen a soas co cadáver deste sitio/ que nos parta a gorxa/ a patria/ dunha hostia dunha vez» oihukatu zuen poetak. Alegia: «Eta ospa denek/ utzi bakean hemengo hilotzarekin/ zintzurra ostikoz hautsita/ behingoz hautsita/ aberriak hautsita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.