Ismael Manterola
Begiz

Zirku politikoa

2024ko apirilaren 2a
05:05
Entzun

Nik idatzitako azken artikulua argitaratu zen egun berean, Ikasketa Artistikoen Legean zirkua sartu ez zelako kexa azaltzen zuen erreportajea irakurtzeko aukera izan genuen egunkari honetan bertan. Nik legea alde batetik kritikatzen nuen bitartean, beste ikuspegi batetik kritikatu zuen zirkuaren heziketan dabilen jendeak. Haien iritziz, zirkukoak arautu beharreko ikasketak dira, eta onartutako Ikasketa Artistikoaren Legeak ez du profesionalen eskaera onartu.

Aurreko artikuluan argi geratu zen bezala, ez naiz legearen aldekoa, batez ere unibertsitateko ikasketekin guztiz eta ñabardurarik gabe parekatzen dituelako, baina uste dut zirkua ikastea musika, antzerkia edo dantza ikastearen antzekoa dela. Zirkuan trebetasun mota batzuk ikasten dira, eta, horregatik, zaila iruditzen zait aipatutako besteetatik bereiztea. Horrekin ez dut esan nahi zirkua unibertsitateko ikasketekin parekatu behar dela, baizik eta zirkua legeak onartu dituen besteen mailakoa dela. Guztiak gehiago ikusten ditut goi mailako lanbide heziketaren moduan, unibertsitatekoen pareko baino, eta aurreko artikuluan esan nuen ez nuela ulertzen zer duten Espainiako agintariek lanbide heziketaren kontra.

Orain, Espainiakoei Euskal Herrikoak ere elkartu zaizkie, behintzat legeak jaso duen babesari begiratzen badiogu. Madrilgo parlamentuan dauden gure ordezkariek legearen alde bozkatu dutenez, azaldu beharko digute zein izan den joko politikoaren ordaina, ez baitut ulertzen non geratu den garai batean hainbeste goraipatzen zuten euskal berezitasuna lanbide heziketaren inguruan. Bestalde, unibertsitate publikoaren iritzia zergatik ez duten jaso ere azaldu beharko digute, momentuz behintzat inork ez duelako horri buruz hitz egin.

Aipatutako legea onartu zenean, Espainiako Hezkuntza ministroak esan zuen artistak zaindu behar ditugula, eta aukera gehiago eman, haien lana onartu eta bokazio berriak sustatu. Orain arte horrelako ezer egin ez balitz bezala. Euskal Herrian, Arte Ederren Fakultatean horretan gabiltza orain dela gutxienez 50 urte, baina badirudi ministroak ez dakiela. Barkatuko diogu Madrilen dagoelako, baina barkaezina iruditzen zait hitz horiek txalotzea EAJren eta EH Bilduren eserlekuetatik. Ez dakite? Ez dute jakin nahi? Ez dakit konturatu diren, baina Euskal Herriko artista ezagunen ehuneko ia ehun unibertsitatetik pasatutakoak dira. Iruditzen zait talde politiko horiek ez dutela sektorea ezagutzen, eta horrek tristura handia ematen dit. Hemendik aurrera, politikariek eragindako nahasketa epaileek konpondu beharko dute; hori gertatzen da legeak ondo egiten ez direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.