Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Zisneak Genevan

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Aurreko asteburuan Txillida Lekun jo nuen larunbatean, eta Genevan, Suitzan, igandean. Ez nituen ezta 24 ordu ere han igaro; beraz, esango ditudanak inpresioak besterik ez dira, beti bezala, egiten ditudan bidaiek ez dutelako izaten leku bat ezagutzeko behar adinako luzapenik. Baina, tira, hemen dauzkazue pintzelkada horiek.

Bidaia hauetan topatzen dudan jendea, normalean jaialdia antolatzen duena, produkzioaz arduratzen dena..., modu berezi batean ezagutzen dut; hain zuzen ere, momentu bat, egun oso bat, harekin pasatzen dut. Gai askori buruz hitz egin, pertsona hori hezia, urduria, ingelesez oso ondo hitz egiten duena, dibertigarria, azkar gidatzen duena, Maison Margielaren Tabi-zapatak janzten dituena eta horrelako datuak bildu, eta inoiz gehiago ez dut ikusten. Era berean gertatzen da tokiarekin.

Suitzara iritsi, eta luxuzko erlojuen eta bankuen iragarki handiak aireportu guztian zehar ikusten ziren. Dune izeneko neska batek jaso gintuen teknikaria eta biok; furgoi beltz batera igo, eta hiria zeharkatu genuen, neskaren azalpenak entzuten. «Horko hori Nazio Batuen Erakundea da, eta hori aulki izugarri handi bat», parean zuen eskultura seinalatuz. Barreak. «Hori lakua da, pena kontzertura joan behar duzuela; bestela, bainu bat emateko astia izango zenukete». Ea garbia zegoen horretarako, eta berak baietz, Europako ur garbienetakoa kontsideratua zela, baina «garbia pasatu gabe»: Suitzako beste laku batzuk hainbesteraino garbitu omen zituzten, non arrain guztiak hil ziren. Informazio hori prozesatzen nuen bitartean, gure ibaiak nituen gogoan, eta ez nuen ezer ulertzen.

Hotelera joan, gela miretsi—ohearen atzeko pareta kristalezkoa baitzen, aurreko edifizioa agerian jartzen zuena—, eta kontzertua ematera joan nintzen, areto txiki batean. Ingeles dramatiko batez abestiei buruzko azalpenak eman, eta jendeak harrera ona izan zuen. Pozik atera nintzen, eta han bizi den lehengusina itxaroten zegoen gero buelta bat emateko. Afaltzera joan ginen ibai ondora, bientzako fondue bat eta bi edari, afari merkea han, 60 euro, eta hotelerako bidean, ibaiertzean, guk arratoiak ikuskatu ahal ditugun moduan, haiek zisneak zeuzkaten. Egun batean jasan dudan sofistikazio-alarde handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.