begona del teso
Eppur si muove

Zorionak, zorionez, Zorion

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu ziren kasik aldi berean Donostiako eta Miarritzeko zinemaldiak. Partekatu zituzten biek hainbat eta hainbat film, zilegi eta zuzena baita zeluloide ona konpartitzea.

Izan ziren Miarritzen Cannesen eta Urumea ibaiaren ondoan dastatu genituen zeluloide puska ederrak. Adibiderik? Simon Mesa Sotoren Un poeta, zeinak bietan lortu zuen saria; Kleber Mendoza Filhoren pieza monumentala den O agente secreto, non 70eko hamarkadaren inguruko kronika egiten baita, umore beltz eta garratzaz gainezka egiten duen kronika brasildarra. Izan zen Bidasoko bi aldeetan maite-maite dugun Dolores Fonziren Belén.

Zinemak biltzen gaitu deabrukerietan muga guztiak gaindituz. Gipuzkoan zein Lapurdin gidoia ezin hobea duen Milagros Mumenthalrerren Las Corrientes izan genuen pantailan, eta bietan izan zen kritikari eta ikusle anitzen faboritoenetakoa. Gozatu genuen gozomin, Gaztediaren saria emateraino gozatu ere, La misteriosa mirada del flamenco-rekin. Badu Diego Cespedesen miresteko moduko zeluloide horrek bi ekoizle Euskal Herriko.

Zorion Egileor aktorea, Donostiako Zinemaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Zorion Egileor aktorea, Donostiako Zinemaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Bukatu ziren kasik aldi berean Miarritzeko eta Donostiako zine festak eta demak. Ikusi zuten Le Royal aretora arrimatu zirenek Elias Querejeta Zine Eskolan ikasitako Ernesto Martinez Bucioren El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja) proposamen sekulakoa, Berlinalen saritua. Era berean, Mariana Enriquez idazleak berak goraipatu Cuando acecha la maldad-ek arnasestuka utzi zituen Festival Biarritz Amérique Latine Cinémas & Cultures aurtengoaren ikusleak. Arnasestuka film arriskutsuagorik, infernuzkoagorik ez baitzen inguruetan, Donostiako Beldurrezko Astean baieztatu genuen bezala, iaz.

Amaitu ziren kasik aldi berean Miarritzen eta Donostian zeluloidezko elkarretaratzeak, baina zinemak bizirik jarraitzen du. Gaur bertan konexioa egingo dute Le Royaletik Pariseko Louxor aretoan izango den Richard Linklaterren Nouvelle Vague bikain hori filmatu zuen jendearekin. Ireki zuen pelikula paregabe horrek Donostiako Perlak saila, eta oraintxe da ikusgai Iparraldean. Arratsaldeko seietan, emanaldiaren aurretik, solasaldi oparoa izango da Miarritzen eta Parisen dauden zinema egiten eta zinema gozatzen duten horien artean.

«Denek dute aipu merezia Maspalomas-en, zorionak, ba, baina nik zera diotsuet, zorionez Zorion dugu; zinema afera periloso samarra dela gogoratu ahal izateko»

Akaberara iritsi ziren Miarritzeko eta Donostiako jaialdiak, baina zinema ez da ez inoiz ez inon gelditzen. Hegoaldeko pantailetan da Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Maspalomas, eta noraezekoa gertatu zaie guztiei, jakina, Jose Ramon Soroizen lanari dioten mira azaltzea, izugarriak izan baitira gainditu behar izan dituen kezkak eta ardurak, beldurrak eta desoseguak (aipu egin beharko genioke hemen eta orain intimitate koordinatzaile lanetan ibilia den Lucia Delgadori, zeinak Carla Simonen Romeria-n eta Alauda Ruiz de Azuaren Querer telesailean parte hartu zuen).

Jose Ramon, bai, baina nik Zorionekin nahi dut akordatu, Zorion Egileorrekin, Ramonena egiten duen aktore puska horrekin. Ez dakit zergatik (agian badakit, ederki asko ere…), baina niri Mundakan jaiotako 79 urteko aktore horrek antzeztu pertsonaiek beti uzten naute dardaraz, dardara gozoan.

Haren filmografiari errepaso azkarra ematen badiogu, agian errazago ulertuko duzue nire espirituaren eta nire gorputzaren erreakzioa. Izan zen Zorion Igor Legarretaren Ilargi guztiak hartan. Baita Raul Cerezo eta Fernando González Gomezen Viejos-en ere. Ez zegoen bertan inolako gupidarik. Latzak ziren manerak, latza kontakizuna. Triste sumatu genuen hain ona zen Arnasa laburrean. Handik gutxira, El Hoyo-ren amesgaiztoa partekatu genuen berarekin; Galder Gaztelu-Urrutiak berarentzat sortutako Trigamasi pertsonaia uxatu ahalko dugu inoiz gure izu begikoenetatik? Oraindik estreinatu gabe den Ion de Sosaren Balearic-en ikusi izan dugu azken-aurrekoz. Eta berriro asetu gara haren pertsonaiari darion malezia dastagarriaz.

Denek dute aipu merezia Maspalomas-en, zorionak, ba, baina nik zera diotsuet, zorionez Zorion dugu; zinema afera periloso samarra dela gogoratu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.