Ismael Manterola
Begiz

Zuzenketa artikulua

2026ko maiatzaren 12a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela hamabost eguneko artikulua akats txiki batekin argitaratu zen. Landa giroko paisaia izan beharrean, Lan giroko paisaia jarri nion izenburutzat. Hiztripu horrek zer pentsatua eman zidan, eta lan giroko paisaia zer ote litekeen galdetu nion neure buruari.

Bitarte horretan, Onintza Enbeitak Maiatzaren Lehenean idatzitako artikulua irakurri nuen, eta bertan baserriko lanaren inguruan esandakoak eta buruan nerabiltzan pentsamenduek bat egin zuten. Berehala gogoratu nituen XX. mendearen hasieran Euskal Herriko pinturan (pinturan, batez ere) azaltzen diren baserri eta arrantza giroko lanen irudikapenak. Sarritan, eta modu arin batean, esaten dugu koadro horiek folklorikoak eta etnologikoak direla, nahiz eta baserriko giro gogorra edo arrantza lanen arriskuak irudikatu. Har dezagun, adibidez, Adolfo Guiardek 1892an pintatutako Sega izeneko koadro handia. Bi metro pasatxo garai eta metro eta erdi zabal den olio lanak baserritarrak belarra mozten eta jasotzen azaltzen dizkigu. Landa giroko lanen goraipamena izan daitekeen mural moduko koadroak ez du jaso pintura sozialaren etiketarik. Aldiz, Aurelio Artetarenak, kea botatzen ari den fabrika baten aurrean lanera doazen bi gizonezko eta emakumezko baten irudikapenak, pintura sozialaren izendapena merezi izan du.

Beraz, mende oso batean eraiki dugun imajinarioan fabrikak lan giroko paisaia iradokitzen du, eta baserriak, berriz, landa giroko paisaia. Sarritan, irudiek buruan ditugun ideiak islatzen dituzte, eta ez da batere erraza ondorioztatzea euskaldunok baserriko bizimodua (ez hainbeste arrantza girokoa) idealizatu egin dugula, eta fabrikakoa, berriz, madarikatu. Hala ere, Artetak berak Madrilgo Bilboko Bankuan pintatu zituen hormetan lan ezberdinak maila berean aurkeztu zituen: meategietakoak, zamaketarienak, ontzioletakoak, labe garaietakoak, uzta jasotzekoak, ereitekoak, arrantzaleenak eta artekoak. Hain zuzen, beste lan klase batzuk ere erraz ahazten zaizkigu langileei buruz hitz egiten dugunean: lan intelektualak.

Horregatik, langileen borrokari buruz hitz egiten dugunean ikuspegi kaletarregia ez ote dugun garatu galdetzen diot neure buruari, kontuan izan gabe denok desio dugun etorkizuneko gizarte berdinzaleago horretan zer jango dugun eta zeinek ekoiztuko duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA