Musika

Andres Isasi konpositore bilbotarrak Lehen Mundu Gerra hasi aurretik Berlinen sortutako kantak erreskatatu dituzte

Ruben Fernandez Agirre pianistak eta Vanessa Goikoetxea sopranoak disko bat grabatu dute, Isasik Heinrich Heineren poemetan oinarrituta sortutako hamalau kantako zikloarekin. 'Frühling' deitu dute lana, eta IBS Classical zigiluak eman du argitara.

Ruben Fernandez Agirre eta Vanessa Goikoetxea, Andres Isasiren musika biltzen duen diskoaren aurkezpenean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ruben Fernandez Agirre eta Vanessa Goikoetxea, Andres Isasiren musika biltzen duen diskoaren aurkezpenean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kontzertuak ematetik bizitzeaz gainera, ondarea defendatzeko betebeharra ere badu musikariak». Ruben Fernandez Agirre pianista durangarrak duela 30 urte izan zuen Andres Isasi konpositorearen musikaren berri —«ez zen oso ezaguna»—, eta lehenengoz entzun zuenetik nabarmendu nahi izan du haren lanaren maila. Vanessa Goikoetxea soprano durangarraren laguntza izan du horretarako orain. Konpositoreak 1909 eta 1914 bitartean Heinrich Heine poetaren testuak oinarri hartuta sortutako hamalau abestiko Op 16 izeneko ziklo osoa grabatu dute Frühling diskoan. IBS Classical zigiluak eman du argitara lana.

Isasi 1890ean jaio zen Bilboko Areatzan, eta txikitatik azaldu zuen konposiziorako eta pianorako gaitasun handia. 18 urte baino ez zituela sortu zuen pianorako bere lehen sonata, bai eta hari laukote batentzako lehen pieza ere. Ume zela Richard Strauss konpositore eta zuzendariak Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin batera Bilbon emandako kontzertua ikusteko aukera izan zuen, eta markatu egin zuen esperientzia hark. Adituen hitzetan, egun horretatik aurrera argi izan baitzuen Berlinera joan behar zuela ikastera. Eta hantxe zela sortutakoak dira diskoan bildu dituzten abestiak, hain zuzen ere. Ahots eta pianorako sortutako pieza laburrak dira guztiak, eta Heineren poema bana dute oinarri. Orain, lehen aldiz eman dituzte argitara osorik, elkarrekin eta konpositoreak sortu bezala.

«Kontzertuak ematetik bizitzeaz gainera, ondarea defendatzeko betebeharra ere badu musikariak»

RUBEN FERNANDEZ AGIRRE Pianista

Bilboko Elkarte Filarmonikoan grabatu zituzten kantak musikariek, eta diskoarekin batera Isasiren partituren lehen edizioa biltzen duen edizio kritiko bat ere kaleratu dute. Isasiren zirriborroak ikus daitezke bertan, autorearen zirrimarra eta oharrekin. Garbira pasatutako bertsioak ere gehitu dituzte, ordea, bai eta Heineren poemen itzulpenak ere. Tartean, baita euskarazko bertsioak ere. Begoña Lakak egin du itzulpen lan hori, eta, autoreak jatorrizkoan egin bezala, errimatuta eman ditu haren hitzak euskaraz ere.

Hala itzuli du neska arrantzale baten maitasuna deskribatzen duen Zatoz nigana poema, esaterako: «Neska arrantzale ederra,/ eraman txalupa lehorrera;/ zatoz nigana eta eseri,/ eskutik helduta musukatuko gara./ Jar ezazu burua nire bihotzean,/ eta ez izan kezka handirik,/ fidatu, ez izan beldurrik,/ egunero itsaso basatiaz./ Nire bihotza da itsaso zabala,/ ekaitza du, jario eta itsasaldia,/ baita perla eder andanak/ hondo sakonean».

Isasik kanta horretan euskal kantagintzari egindako keinua ere nabarmendu du Fernandez Agirrek. Kontatu duenez, poemak arrantzale istorio bat kontatzen duenez gero, Boga boga abestiaren pasarte pare bat txertatu zituen konpositoreak, pianistaren hitzetan, gainerakoan «estetika hain straussiarra» duen pieza horretan. Zuzenean ere jo dute kanta diskoaren aurkezpenean, eta, hain zuzen ere, piano kolpeak gehiago nabarmenduz azalarazi nahi izan ditu pianistak herri kantaren arrasto horiek.

«Ordu pilo bat sartu ditugu musika hau argitaratu ahal izateko, eta erabat hunkituta nago; nire lehen diskoa da hau bakarlari modura, eta musika zoragarria da»

VANESSA GOIKOETXEA Sopranoa

Fernandez Agirrek eta Goikoetxeak aurrez ere landua zuten Isasiren musika. 2023an Bilboko Arriaga antzokian zuzenean eman zuten orain diskoan bildu duten errepertorioa. «Zelako bidaia!». Poza adierazi du kantariak orain, lan hori guztia diskoan bildu ahal izan dutelako. «Ordu pilo bat sartu ditugu musika hau argitaratu ahal izateko, eta erabat hunkituta nago; nire lehen diskoa da hau bakarlari modura, eta musika zoragarria da».

Erreskate bat

Carlos Imaz konpositore eta musikariak ere lagundu ditu bi artistak. Hark egin ditu Isasiren jatorrizko partituren egokitzapenak, eta, azaldu duenez, konpositoreak sortutako lehen bertsioei fidel jokatzen saiatzea izan da erronka nagusia. Isasik, maiz, pieza beraren hainbat bertsio egiten zituelako urteak pasatu ahala, eta, beraz, ez delako erraza izan jatorrizko sorkuntza lanera ahalik eta gehien hurbiltzea. «Iraun ahal izateko jende askori ulergaitz zaion lengoaia bat baliatu behar izaten du musikak, eta Ruben [Fernandez Agirre] eta Vanessa [Goikoetxea] bezalako artistak behar izaten dira hura berpiztu ahal izateko».

Horixe baita diskoa, Imazen hitzetan, «erreskate bat». Haren ustez, oraindik ere merezi baino ezezagunagoa baita Isasiren musika. Eta gogoratu duenez, gainera, hau da Heinek inspiratuta sortutako kanta zikloa osorik biltzen den lehen aldia.

Isasiren hamalau abestiak ez ezik, beste hamar grabatu dituzte Fernandez Agirrek eta Goikoetxeak. Alemaniarrak izan gabe ere, Heineren poemak inspirazio iturri hartu zituzten beste hamar konpositoreren lanak hautatu dituzte horretarako. Franz Liszt, Edvard Grieg, Charles Ives eta Nadia Boulangerren piezak daude tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.