'MOEBIUSEN ERTZAK'
Idazlea: Garazi Kamio.Â
Argitaletxea: Elkar.
Â
Hasieratik eman zidan atentzioa Garazi Kamioren nobela berriaren izenburuak: Moebiusen ertzak. Matematikan erabili zen lehen aldiz Moebiusen bandaren irudikapena, bi aurpegi eta bi ertz dituen azalera bat lortu beharrean azaleraren mutur bat bihurrituta eta ertz guztiak berriz batuta aurpegi eta ertz bakarreko figura bat lor dezakegula azaltzeko. Gerora, baina, beste hainbat esparrutan ere erabili izan da metafora bezala adierazteko norberaren ekintzek norberaren inkontzientearen berri ere ematen dutela, eta alderantziz, kontzientea dena inkontzientea ere badela. Eta Kamioren nobelak, hain zuzen ere, metafora horrekin egiten du jolas: «Belus urdinezko xingola bat atera dio, infinitu forma duen Moebiusen banda. Azken aste hauetan Angelek eskuetan izaten du, batera eta bestera bueltaka. Zintak duen leuntasunak bare mantentzen du Angel, eta orduak pasa ditzake zintari bueltaka, ertzik gabeko jostailuari alde guztietatik begira». Izan ere, Angel protagonistak, jaiotzez Angelak, ez du bere burua emakumetzat ezagutuko, eta hori izango da bere bizitza osoa markatuko duen jazarpena. Bilbora bizitzera joateak arnasgune bat eskainiko dio Angel bezala bizitzeko, nahiz eta horrek bere jaioterritik eta familiatik aldenduko duen. Zoriontasuna ere, hortaz, gazi-gozoa zaio protagonistari, anbibalentea, eskuetan bueltaka darabilen xingola bezalaxe, noiz aurrekoa noiz atzekoa, noiz antzeztua noiz benetakoa.
Asko gustatu zait Kamiok narratiboki nola materializatu duen dualitate eta intermitentzia hori, egiazki nor izan eta, gizartearen aurrean, nola aurkeztu zehazten duen antitesi hori, ahots bikoiztasuna ahots bikoiztasunez ebatzi baitu: hala, lehen pertsonako narratzailea baliatu du protagonistaren benetako ni-ak hitz egin duenean; distantziatik begiratu dio bere buruari, ostera, mozorro bat izango balitz bezala, gizartearen aurrean bestela performatu denean. Horretarako hirugarren pertsonako narratzailea baliatu du. Joko horretan hartzen du indarra nobelak, pertsonaiaren soslaia narratiboki osatzeaz gain mezuari beste ertz bat gehiago eransten baitio, Moebiusen xingolari beste bihurgune bat gehitzen.
Narratzailearen ahotsak nobelari argia ematen badio ere, haren ifrentzuan, iruditu zait beste pertsonaien elkarrizketekin ez duela guztiz asmatu autoreak. Zenbait pertsonaia arketipikoak eta, orokorrean, protagonista albo batean utzita, ertzik gabekoak, garapen askorik gabekoak iruditu zaizkit, Miguel anaia, esaterako. Elkarrizketak izan dira garapen murritz horren proiekzioa; irakurleak elkarrizketen bitartez ezagutzen omen ditu ondoen pertsonaiak, baina, kasu honetan, ez dute pertsonaien soslaia guztiz osatu, eta hainbatetan, gainera, behartuak begitandu zaizkit, batik bat Angel zaharren egoitzara sartu eta bertako langileen ahotan testuratutakoak.
Ezin ukatu, baina, Garazi Kamioren Moebiusen ertzak nobelak Angelena bezalako ahotsei eta istorioei ikusgaitasuna ematen diela; halako testigantzak ere beharrezkoak zaizkigu ahots narratiboa, Moebiusen xingola balitz bezala, 180 gradu bihurritu eta ertzez eta aniztasunez osatzeko.