Antzinako arte klasikoa ikasterakoan, ohituraz bi bloke handitan banatu izan da: Grezia eta Erroma. Azken urteotan, aitzitik, asko dira bien artean bloke berri bat sartzearen aldekoak, garai helenistikoa greziar arte klasikotik banatuta. Garai horren hasiera K.a. 323an kokatzen da, Alexandro Handia hil zen urtean, Persiar inperioa garaitu eta greziar agintea Ekialde Hurbileko lur guztietan zabaldu ostean. Bukaera, aldiz, Erromatar Inperioarekin lotzen da, K.a. 30ean, orduan ondu baitzen aginte zein arte mota berri bat.
Arte helenistikoa greziar klasikotik banatzeko arrazoiak asko dira, baina batek garrantzi berezia du: greziar arte klasikoa gizarte homogeneo baten adierazpena da, geografikoki mugatua zegoena eta kulturalki lotura argiak zituena. Atenasko akropolia, esaterako, greziar gizartearen gailentasunaren adierazpen sinboliko gisa irakurri izan dute aditu guztiek, Pollittekin hasi eta Joan Breton Connellyrekin bukatu; hain zuzen, Breton Connellyk Atenasko Partenoia atenastar abertzaletasunarekin lotzen du, eraikinaren ikonografiak hiritarren izaera noblea, arrazoia eta aberriarekiko leialtasuna aldarrikatzen zituelako beste gizarteen gainetik kokatzeko.
Helenistikoa, aldiz, kultura eta identitate askoren elkarketatik jaio zen: Alexandroren konkistaren ostean, hainbat erregetza sortu ziren, eta guztietan bertako kultura eta greziarra nahasi ziren. Egipton, adibidez, Alexandriako liburutegiaren oinarriak jartzea ekarri zuen elkarketa horrek, hizkuntza askoren eta askotariko kultur adierazpenen elkargune. Ez zen arraroa hiri hartan ezaugarri klasikoak zituen eskultura baten ondoan egiptoar tradiziotik zetorren errege-faraoiaren bat ikustea. Bertako ezaugarriekin nahaste bera ikusten zen Seleuzian, egungo Turkia, Siria, Iran eta Afganistan hartzen zituen lurraldean.
Irakasteko garai zaila da helenistikoa, eragin oso desberdinak gurutzatzen direlako, guztiak euren sinesmen, arte praktika eta aginte mota propioekin. Ez da bortizkeriarik falta, ezta guda eta dramatismorik ere. Hala ere, nire gusturako, greziar klasikoa baino askoz interesgarriagoa da, gizarte konplexuagoa delako, non grisak nagusi diren zuri-beltzaren gainetik. Esan daiteke garai helenistikoa lehen mundu globalizatua izan zela, erromatar inperioaren aurrekari nahitaezkoa —hura ere, eskuin muturrekoek entzun nahi ez badute ere, kulturalki askotarikoa eta zabala—. Banakotasuna eta emozioak ere ikusgarri bihurtu ziren helenistikoan, ordura arte gertatzen ez zena. Askok Mendebaldeko gizartea greziar garai klasikoarekin lotu nahi duten arren, gure mundua bada jada hainbat jakintzak, hizkuntzak, kulturak eta tentsiok zeharkatutako bat. Gustatu ala ez, helenistikoak gara eta ez dago atzera-bueltarik.