'Anora'-k eskuratu ditu sari nagusiak Oscarretan

Sean Bakerrek zuzendutako filmak bost garaikur irabazi ditu; besteak beste, filmik, zuzendaririk eta emakumezko aktorerik onenen sariak. Adrien Brodyk jaso du gizonezko aktorerik onenaren Oscarra, 'The Brutalist' filmean egindako lanagatik.

Sean Baker zinemagilea, zuzendaririk onenarentzako Oscar saria eskuetan duela. CAROLINE BREHMAN /EFE
Sean Baker zinemagilea, zuzendaririk onenarentzako Oscar saria eskuetan duela. CAROLINE BREHMAN / EFE
mikel lizarralde
2025eko martxoaren 3a
05:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteetako Oscar sarien emanaldien artean, gaur goizaldekoa zen zalantza handienekoa, ez baitzegoen faborito argirik, eta, azkenean, Sean Baker zinemagile estatubatuarrak zuzendutako Anora film independentea nagusitu da. Bost Oscar irabazi ditu, tartean pisu handienetakoak. Hollywoodeko akademiako kideek erabaki dute 2024. urteko film onena izan dela, eta, horrekin batera, beste lau sari eman dizkiote: zuzendaririk onenarena, jatorrizko gidoirik onenarena, muntaketarik onenarena eta emakumezko aktorerik onenarena —Mikey Madisonentzat—.

Hain zuzen ere, bost Oscar sari horietatik lau Bakerrerentzat berarentzat izan dira; izan ere, filma zuzentzeaz gain, gidoiaz, muntaketaz eta ekoizpenaz ere arduratu da. Sei ataletan zegoen izendatuta Anora, eta, beraz, denetan irabazi du batean izan ezik: taldeko gizonezko onenaren atalean (Yura Borisov).

Anora-k prostituta baten istorioa kontatzen du, komedia kutsuarekin. Errusiar dirudun batez maitemindu, eta harekin ezkonduko da Anora. Albistea Errusiara iristen denean, baina, senarraren gurasoak New Yorkera abiatuko dira ezkontza bertan behera uzteko asmoz.

Adrien Brodyk eraman du gizonezko aktorerik onenarentzako Oscarra, The Brutalist filmagatik, eta taldeko aktorerik onenak, berriz, Zoe Saldaña (Emilia Pérez) eta Kieran Culkin (A Real Pain) izan dira.

Nazioarteko filmik onenarentzako saria Walter Salles zinemagile brasildarraren Ainda estou aqui lanarentzat izan da.

Cannestik Hollywoodera

Anora-k Cannesko zinemaldiko sari nagusia irabazi zuen iazko maiatzean, eta orduz geroztik, eta batez ere sarien denboraldia hasi zenetik, Oscarretarako hautagai sendoa izan da, nahiz eta denbora guztian ematen zuen beste hainbat pelikula indartsuagoak zirela. Hain zuzen ere, Urrezko Globoetatik —Hollywoodeko nazioarteko prentsak banatzen ditu— esku hutsik atera zen Bakerren filma.

Emilia Pérez zen Oscarretarako izendapen gehien lortuak zituen filma —hamahiru zituen—, baina, azkenean, bi besterik ez ditu eskuratu, Saldañarena eta kantu onenarentzako saria. Anora bezala, Jacques Audiarden filma Cannesen estreinatu zuten, eta Oscarretarako hautagaiak iragarri zituztenean sari nagusiak eskuratzeko faborito nagusia bilakatu zen. Azken asteetan, ordea, filmaren inguruan eztabaida ugari piztu dira —besteak beste, Karla Sofia Gascon filmeko protagonistak orain dela urte batzuk Twitterren zabaldutako mezu arrazista batzuengatik—, eta horien eraginez aukera gutxiago zituela irizten zioten komunikabide ugarik.

Halere, gaurko ekitaldian ez dira oharkabean pasatu Emilia Pérez-en inguruan azken hilabeteetan piztu diren eztabaidak. Gala hasi eta berehala, Conan O'Brien aurkezleak honako hau esan du umorez: «Anora-n 479 aldiz erabiltzen dute fuck hitza; Karla Sofia Gasconen publizistak duen errekorra baino hiru gehiago dira horiek. Karla Sofia hemen da gaur; txiokatu behar baduzu, jakin ezazu nire izena Jimmy Kimmel dela». Gascon Oscarretako hautagai izan den lehen emakume transa da.

The Brutalist Brady Corbetek filmatutako epopeiak ere izendapen ugari zituen, hamar, eta, azkenean, hiru eskuratu ditu. Laszlo Toth arkitektoaren gaineko pelikulak bigarren Oscarra eman dio Adrien Brodyri —2003an irabazi zuen aurrenekoz, The Pianist filmarekin—, eta, horretaz gain, soinu bandarik onenaren eta argazkirik onenaren sariak ere bereganatu ditu filmak.

Gainerako sarien artean, aipatzekoa da Conclave-k egokitutako gidoirik onenaren Oscarra irabazi duela, Dune: Part Two-k bi sari tekniko eskuratu dituela -soinua eta efektu bereziak-, Wicked-ek beste bi -jantziak eta ekoizpen diseinua-, eta Demi Moore aktorea saririk gabe gelditu dela interpretazioaren alorrean. Bera jotzen zuten askok saria jasotzeko hautagai nagusia, baina The Substance-k sari bakarra jaso du, ile apainketa eta makillaje diseinurik onenarena.

Lehen saria Brasilentzat

Walter Salles zinemagile brasildarraren Ainda estou aqui-k hiru izendapen zituen —filmik, emakumezko aktorerik (Fernanda Torres) eta nazioarteko filmik onenenak—, eta horietako azkena jaso du. Hain zuzen ere, Brasilgo pelikula batek sari hori jasotzen duen aurreneko aldia izan da. 1999an, Sallesen beste film batek (Central do Brasil) bi izendapen izan zituen, nazioarteko filmik onenarena eta emakumezko aktorerik onenarena, baina orduko hartan ez zuen saririk jaso.

Ainda estou aqui-k Brasilen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan izandako diktadurari begiratzen dio, Rubens Paiva diputatu ohiaren desagertzeari hain zuzen ere. Gaurko sari emanaldian, Paivaren emazteari ohore egin nahi izan dio Sallesek: «Erregimen autoritario baten ondorioz izandako galeraren ondoren ez makurtzea eta erresistitzea erabaki zuen emakume batentzat da sari hau. Sari hau harentzat da: Eunice Paiva zuen izena».

Palestina gogoan

No Other Land lanak dokumentalik onenaren Oscarra irabazi du. Soldadu israeldarrek okupatutako Zisjordaniako herri baten suntsipena kontatzen du filmak, eta Basel Adra aktibista palestinarra eta Yuval Abraham kazetari israeldarra dira filmaren zuzendari eta protagonista nagusiak. Bere hitzaldian, Adrak Palestinan egiten ari diren «garbiketa etnikoa» aipatu du: «No Other Land-ek erakusten du zer-nolako errealitate gogorra jasan behar izan dugun hamarkadetan. Munduari eskatzen dio benetako erabakiak har ditzala Palestinako herriaren garbiketa etnikoa geldiarazteko».

Abrahamek ere hartu du hitza, eta Gazan gertatzen ari dena salatu du. «Elkarrekin gure ahotsak indartsuagoak direlako egin dugu film hau palestinarrok eta israeldarrok. Gaza eta bertako jendea modu izugarrian suntsitu dituztela ikusi dugu, eta geldiarazi beharra dago». Aldi berean, israeldarren eta palestinarren bizi baldintzetan zer ezberdintasun dauden ere ekarri du gogora Abrahamek: «Basel ikusten dudanean, anaia ikusten dut, baina ez gara berdinak. Ni aske naizen erregimen batean bizi naiz, lege zibilaren pean. Baselek, berriz, bere bizitza suntsitzen duen lege militarraren pean bizi behar du. Inoren nagusitasunik gabeko irtenbide bat dago, jende guztiarentzako eskubideekin, baina nazioarteko politika bide hori oztopatzen ari da. Nire jendea salbu egon daiteke Baselen herria libre bada. Ez dago beste biderik».

Gaur goizaldeko ekitaldian, Los Angelesen izandako suteak ekarri dituzte gogora, eta baita azken urtebetean hil diren zinema munduko pertsonak ere, tarte berezi bat eskainita Gene Hackman aktore zendu berriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.